Udaleku irekiak
Udaleku irekiak – 2013
Badira hogeitabost urte inguru udaleku irekiak antolatzen hasi zirela Euskal Herriko hainbat herritan.
Hernanin, oso oker ez banabil, udaleko hezkuntza- eta euskara- batzordeek bultzatutako ekimena izan zen, eta beste batzuen artean helburu jakin batekin: familia erdaldunak zituzten umeei, udan, euskaraz jolasteko eta bizitzeko tartetxo bat eskaintzea. Beste herrietako informazio zehatzik ez eduki arren, imajinatzen dut ekimenak antzeko helburuarekin jaio zirela.
Hasieratik arrakasta izan zuten eta gaur egun horrelakoak non-nahi ikus ditzakegu, eta ume asko ibiltzen da, uztaileko goizetan, gure herriak bizi pozez betetzen. Ziurrenik, orduko dinamika eta gaur egungoa aldatu egin da. Esan nahi dut, gaur egun, familia ugarik erabiliko duela zerbitzu hori, lanean dauden bitartean umeak zaintzeko beste modu bat delako, baina pentsatu nahi dut, funtsean, helburuak antzekoak izaten jarraitzen dutela.
Gaur goizean Donostian ibili naiz pasiadan, hondartzatik barrena eta Nautikoan eseri naiz une batez giroaz gozatzeko. Han nengoela, horrelako hiru taldetxo hurbildu dira. Umeek zazpi eta hamar urte bitartean izango zituzten. Ez dakit zein udalekutakoak ziren, Donostian horrelako taldeak ugariak izango baitira. Hauek, bereizgarri gisa, laranja kolorezko tixertak zeramatzaten soinean. Atzean taldeen izenak eskuz idatzirik eta umeen izenak. Taldeen izenak animaliak ziren, guztiak euskaraz idatzita.
Umeak hurbiltzen ari zirenean gaztelaniaz ari zirela ohartu naiz, baina horrek, zoritxarrez, ez nau gehiegi harritu. Nire harridura larria izan da begiralea gaztelaniaz zuzentzen zitzaiela entzun dudanean. Are gehiago, beste begiraleak hurbildu ahala, jo ta su gaztelaniaz mintzatzen zirela ikusi dut, bai euren artean, baita umeekin ere.
Une batez, amets egin dut, gaztelaniako udalekuak umeek bigarren hizkuntza ikas dezaten, eta irrifarre ziniko bat imajinatu dut nire ahoan. Tristetu egin naiz eta mindu, bereziki, alde egiterakoan goazen eta binaka jarri adierak entzun ditudanean.
Badakit inozo samarra naizela, baina imajinatzen nuen maila horietan gure hizkuntzaren erabilera bestelakoa zela, baita Donostian ere.
Nautikotik alde egin dut, Paseo Berrirantz. Berriz ere topatu naiz kolore laranjadun tixertadunekin. Etsipenez beteriko begiratua bota diet. Kai parean, belauntzian ibiltzeko ikastaro batekin topo egin dut. Belarria jarri eta gaztelania entzun dut, horiek 10-12 urteko gaztetxoak ziren. Aurrera jarraitu dut, haserre, arin samar, eta Aquariumeko eskilarak igotzean beste bi taldetxorekin topatu naiz. Berriro ere arreta ipini dut. Euskara hutsean ari ziren, bai umeak baita begiraleak ere. Arnasa hartu dut apur bat lasaiago.
Etxerantz abiatu naiz, itxaropentsu, eta pentsatu dut, agian, etorkizuna badugula euskaldunok, baina, oraindik ere, lan handia dugula egiteko, eta, besteen artean, heziketa eta helduek ematen dugun eredua funtsezkoak eta erabakiorrak direla.
Oharra: Ziur naiz, Donostian euskara hutsean egindako udalekuak badirela eta seguru lan bikaina egiten ari direla, baina, gaurkoan, nik errealitate horrekin egin dut topo. Kasualitate hutsa? Salbuespena? Hala bedi!