Normalizazioan aurrera goaz… bataz beste?
Administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua 1990ean hasi zen; baditu 20 urte baino gehiago beraz.
Plangintzalditan banatu zuten arduradun politikoek, eta V.ari ekitera goaz orain. Alabaina, IV. Plangintzaldiaren balantzea egin beharra zegoen lehenik. Egin bai, eta aurkeztu ere egin dute arduradunek.
Balantze baikorra aurkeztu dute ohi bezala, aurrekoek bezala, aurrekoen aurrekoek bezala ere. Ez baita jaio oraino, bere jardunaren bilan ezkorra egingo duen talde politikorik.
Aurkezpenean bi mezu azpimarratu ziren, Diario vascok eta Noticias de Gipuzkoak zintzo jaso eta leial zabaldu zituztenak; batetik, euskara Administrazioan aurrera doala, eta bestetik, herri-langile askok eta askok euskaraz badakitela, baina lanean gutxi erabiltzen dutela.
Prentsaurrekoan ez zen azpimarratu, arduradun politikoek euren menpeko langileei apenas eskatzen dietela lana euskaraz egin dezaten, alderantziz baizik.
Eta ez zen azpimarratu, arduradun politiko gehienek, euren artean eta langileekin, erdara erabiltzen dutela lanean eta bestela ere.
Ez zen aipatu ere egin, langileei lana euskaraz betetzeko eskatuz gero, euskararen erabilerak izugarri gora egingo lukeela administrazioan, plan sofistikatu-zoragarririk aplikatu gabe ere.
“Administrazioan euskara aurrera doala” iragarri ahal izateko, koktelera batean bezala sartu dituzte herri-administrazio guztiak, aurkezpeneko datuak emateko garaian. Nahas-mahas egin dituzte Oiartzungo udala eta Sestaokoa, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoakoak eta Arabakoak, PPrenak eta Bildurenak, EAJrenak eta PSOErenak, guztiek Administrazio homogeneo bat osatuko balute bezala, batzuen eta besteen ezaugarri arras ezberdinen gainetik, giza- eta diru-baliabide ezberdintasun itzelen gainetik, eta batez ere, batzuen eta besteen borondate politiko erabat ezberdinak aintzat hartu gabe.
Zeren, ahalegin berdina egin ote dute euskararen erabilera normalizatzeko Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek? Edo Bilboko udalak eta Donostiakoak?
Ermukoak eta Oiartzungoak?
Hamaika ikusteko jaioak gara (bataz beste).
Kontuan hartzekoa da, zergatik hasi zen 1990ean, eta ez aurretik. Zer egin zuten aurreko urteetan? Lo.
Euskararekin baikorra izateak errealitatea makilatzea suposatzen du. Euskara aurrera doa, baina abiadura horretan inoiz helmugara ailegatuko gara, edo erdian geratuko gara, arnasarik gabe? Batzuei ematen du ez zaiela gehiegi axola helmugara heltzea edo ez…