Elhuyarrek automatikoki sortutako hiztegiak biltzen dituen Hiztegi Automatikoak ataria aurkeztu du gaur goizean
Elhuyarrek automatikoki sortutako bost hiztegi biltzen dituen atari bat sortu du, Hiztegi Automatikoak izenekoa, eta erabiltzaileen esku jarri du sarean CC-by-sa lizentziapean. Hiztegi horiek alemanarekin, hindiarekin, arabierarekin, txinerarekin eta swahiliarekin lotzen dute euskara, hizkuntza teknologiez baliatuta. Kasu guztietan, ingelesa erabili da zubi-lanak egiteko eta, ondorioz, bost hiztegi elebidun horiek sortzeko. Hizkuntzen aukeraketa ez da kasualitatea izan; kontuan hartu da, besteak beste, hizkuntza horiek biltzen duten hiztun kopurua handia izatea, kontinente desberdinetan hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea, eta existitzen ez ziren euskarazko hiztegi elebidunak sortzea.
Elhuyarrek hizkuntza teknologietan egiten duen ikerketaren emaitza da Hiztegi Automatikoak ataria, eta gaur egun euskara aipatutako hizkuntzekin elkartzen baditu ere, beste hizkuntza-bikote batzuk jasotzen dituzten hiztegi automatikoak ere sor daitezke etorkizunean. Bestalde, hiztegiak automatikoki sortu direnez, ez dira erabat zuzenak. Hori dela eta, Elhuyarrek erabiltzaileei aukera eskaintzen die atarian bertan zuzenketak proposatzeko, eta, hala, hiztegi-erabiltzaileen komunitate aktibo bat sortzeko.