Reality-etako parte hartzaileak, langileak ala lehiakideak?

Ushuaia
Ushuaia

Zer esan handia eman zuen orain aste batzuk Frantziako Auzitegi Gorenaren ebatziak. Reality show-etako lehiakideak, izatez, langileak direla ebatzi zuen. Ondorioz, L’ile de la tentation (tentazioaren uhartea) izeneko reality show-eko parte hartzaileek dirutza majo bat jasoko dute: 8.176 euro ordu estrengatik, 817 euro hartu ez dituzten oporrengatik, 500 euro bidegabeko iraizpenagatik eta 1.500 euro kontratuen bidegabeko bukaeragatik. Dirutza hori lehiakide bakoitzari ordaindu beharko diote.

Frantziako lehiaketa honen produktoreak ez datoz bat erabakiarekin. Beraien ustetan, “egun osoan eguzkia hartzen, alferkerian egotea eta ligatzen ibiltzea ez da lan egitea”.

Gogoratu dezagun eitb-k ere reality show-lehiaketa oso arrakastatsu bat baduela: El conquistador del fin del mundo. Gainera, laster, uztailean bertan, hurrengo ediziorako lehiakideak (ala langileak?) bilatzeko kastinga egingo dute. Eraginik izango ote du Frantziako auzitegien erabaki horrek gurean ere? Hemengo lehiakideek ere beraien langile estatusa aldarrikatuko ote dute? Seguru oraindik ere kontu honek zer esan gehiago emango duela.