Bufoiak eta kazetariak

Bufoiak eta kazetariak

EBufoiak eta kazetariakz dezala inork oraingoz gaizki hartu bufoiak eta kazetariak parekatzea, helburua ez baita egun bufoi hitzak daukan zentzu iraingarriaz inor mintzea. Parekatzea beste bide batetik dator. Aurrekoan, Patxi Lopezi egindako argazkiaren haritik Iñaki Larrañagaren Nerea Llanos (PP) jantziak artikulua irakurtzen ari nintzela, bertako hausnarketa batek arreta piztu zidan: “Politikariak kazetariez elikatzen dira haien mezuak zabaltzeko. Kazetariak politikariez baliatzen dira orriak eta minutuak betetzeko. Elkarren beharra dute”. Berehala aspaldi irakurritako antzeko hausnarketa etorri zitzaidan burura. Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa (Pamiela, 1985) liburuko Erregea eta Bufoia artikulua, hain zuzen. Pasarte batzuk mamia azaltzeko:

“Erregeak bufoia behar du aldamenean, bufoiak erregearen babesa behar duen bezala” ; “Bufoi ezagunak egon dira Erdi Aroko eta errenazimenduko errege eta noble aberatsen jauregietan, baina baita ere Moctezuma aztekarenean ere, errege eta bufoiaren arteko lotura kultura desberdinen azpitik agitzen den zerbait dela erakusteko”; “Zer dela eta bufoiaren beharrizana? Zerbitzua eta alegrantziagatik bakarrik ez, bazeuden morroiak eta komikoak ere horretarako…”; “Entzun dezagun bufoia, tronuaren oinarrian eseritzen delarik, egia mingotsak esan ditzake, irribarrez orrazturik. Harrera amultsua ematen die erregearen bufoiak gortesauei, baina beren bizitzek diru erdi ere ez dutela esango die ustekabean. Irriak berdintzen du giroa, baina ez ikara zizare batek gortesauen gorputza korritu gabe”; “Ia pertsona bakarra osatzen dute bufoiak eta erregeak, bakarra eta bikoitza, elkarren alderantzizko ispiluarekin baleude bezala, gainerako gortearen gainetik.”; “…erregeak bere beste kontzientzia alboan eduki behar duelako dela somatzen da. Bere buruarentzat, beste aldea, bere giza txartasuna berarengandik lekora ikusi behar du, bere burua garbiago ezagutzeko. (…) Gortesauen aurrean ezin du erabat galdu bere beste kontzientzia”

Sarrionandiak erregea eta bufoia aztertzen ditu, ia pertsona bera direla esan, nortasun bereko bi ikuspegi, bi funtzio. Eta, egiatan, batzuetan pertsona bakarrak hartzen ditu bi pertsonaiak edo funtzioak: Caligulak, Berlusconik, Zarzuelako gaurko maizterrak… kasu. Emaitza oso esperpentikoa izan ohi da. Hobe da, beraz, bi pertsona izatea. Bestela, anonimotasuna gordetzea. Twitter leku egokia da horretarako: Jekyll eta Hyde, txiolari arrunta eta trolla. Nolanahi ere, “psikopatologia” hauetaz aparte, Sarrionandiaren hausnarketa beste eremu batzuetara ere eraman daiteke.

Beharrak aldatuta ere, gehiegitan erregearen eta bufoiaren arteko lotura funtzional hori eta politikariaren (boteretsuaren) eta kazetariaren artekoa oso antzekoak izaten dira, erregeak bufoiari bezala, politikariak kazetariari muga jarri nahi dionean: honaino egin barre/honaino kontatu; honetaz barre egin/honetaz “informatu”. Eta, halaber, kazetariak muga horiek onartzen dituenean. Biek elkar hartzen dutenean, alegia. Kasu honetan ere, itxuraz bada ere, funtzioak eta pertsonak bereiztea komeni da esperpentorik ez sortzeko: politikaria ezin da kazetaria izan, eta kazetaria ezin da politikaria izan. Demokraziaren morrontzak dira, itxura egin beharra. Ez litzateke polita izango, adibidez, epaiak Gobernuak ematea; horretarako daude Auzitegi Nazionaleko epaileak. Esan beharrik ez, aktore onak eta txarrak daude.

Kasu honetan, soldatapeko “kazetariak” dira, lumaren mertzenarioak. Sobrea, lanpostua edota kargua dela-medio, sasitik kobratzen dutenak. 500 euroren truke jaunaren mesederako merituak egiten ahalegintzen diren bekadun morroiak ere sartu behar dira zaku honetan, lorpena baino asmoa baita kontuan hartu beharrekoa. Al Caponek bazituen eta oraingo botere ekonomiko, politiko, erlijioso eta mafiosoek ere badituzte. Engainua da, iruzurra, eta ez dute denbora galtzea ere merezi, ez bada benetako kazetarietatik bereizteko. Izan ere, komikoak erregearen morroi izatea onartzen duenean, bufoi bihurtzen da, gorteko bufoia, ustez libre ibiltzen txatxak egiten, baina erregearen edozein keinuri adi-adi. Eta “kazetari” hauen kasurako? Ez ote litzateke beste hitzen bat erabili beharko? Pregoilaria esatea zuzena izan liteke, baina hitz hori nobleegia iruditzen zait niri horrelako pertsonaientzat.

Badaude, ordea, bufoi izan nahi ez duten komikoak eta “pregoilari” izan nahi ez duten kazetariak. Eta, lanbidea eta helburuak oso ezberdinak izan arren, komiko zein kazetari zintzoak arazo berberari egin behar dio aurre: Nire jardunean kontzientziaren kontrako mugak onartuko ditut? Autozentsura, alegia?

Orduan, kazetaria bere bakardadean geratzen da, bere erabakitzeko autonomia gero eta txikiagoak ematen dion bakardadean, egoera pribilegiatu zein deseroso horretan, agian politikari baten argazki bati begira, ea komenigarria ote den argitaratzea, ea arazo legalak sortuko ote dizkion, ea lan arazoak sortuko ote dizkion, ea berdin jokatuko ote lukeen beste alderdi batekoa izan balitz, ea interes periodistikorik ote duen… Galdera sanoak eta zintzotasun profesionalez eginak dira batzuk; besteak, ordea, egoera anormal baten sintoma, beldurraren ondorio, informazioari baino informazio-emaileari gehiago begiratzen dion sisteman sortutakoak. Baina gero eta arruntagoak dira horrelako galderak, normaltzat hartzea normala, bai eta mota batekoak eta bestekoak bereizteko gaitasuna galtzea ere.

Kontua ez da apaiz zorrotzaren haga astintzea. Nork jokatu du bere lanbidean beti zuzen eta zorrotz? Huskeriagatik edo larriagotik bada ere, den-denok kontzientziaren kontra egin dugu noizbait gure zereginetan, profesionaltasun ezagatik, komenientziagatik zein beldurragatik. Errealitatea ez da zuri ala beltz. Idealismoa eta errealitatea etengabe kontrajartzen dira.

Gainera, bide zuzena okerra eta malkartsua da beti, harriz eta sasiz betea. Bide okerra da beti zuzena, laua eta erraza. Mugak nonnahi: muga etikoak, moralak, inposatutakoak… Mehatxua heriotza, espetxea edo arazo legala bada, ez da zilegi inori leziorik ematea; ez, behintzat, norberak eredurik sortu baino lehen. Lana galtzea? Seme-alabarik tartean? Hipoteka? Ez da erraza, ez. Amore emateko salbuespen arrazoiak egon litezke, erabat onargarriak, zilegi, baina kasu horietan kazetariak kazetari izateari uzten diola ere onartu behar du, funtzioa ez duela betetzen onartu, bere baitan onartu, behintzat. Eta, ahal duenean, salatu, aldatzen saiatu.

Baina ateak ixtea, komenigarriak ez diren etsaitasunak sortzea, boteretsua haserretzea, harreman eta kontaktu onak galtzea edo balizko etorkizun ona zapuztea ez dira salbuespen aitzakiak kontzientziaren kontra jotzeko. Kasuotan, autozentsura ezin da onartu etika profesionalaren ikuspuntutik, balizko kalteak edo kalte errealak hutsa berdintzen ez duelako. Bestela, kazetaritza bera utopiatzat hartu beharko genuke, horrelako aitzakiak beti zein beti egongo dira eta. Errealismoaren ikuspuntutik onartu, orduan? Bego, baina makilatu gabe zaila da saltzen errealitatetik elikatzen den jokaerari helduta idealismotik elikatzen den profesionaltasunari eutsi nahi izatea

Horregatik, bere jokaerari salbuespena jartzen dionak bere kontzientziari ere aitzakia bilatu ohi dio. Eufemismora jotzen du, mozorrora: fair play esango du, joko arauak onartu beharra, boteretsuak inposatzen dizkion baldintza horietan ere bere lana egin dezakeela sinistu. Edo, are larriago, boteretsuak seinalatu dion ustezko on handiago baten mesedetan ezkutatzen ditu bere hutsa eta bere kontzientzia; demagun, denon etsai omen denaren kontrako borroka demokratikoan laguntzeko. Bestela, zinismoa geratzen da: Hauxe dek errealiatea, amigo! Ez izan hain idealista! Arazoa da, goiz ala berandu, alfonbra azpian ezkutatutako zaborrak gainezka egiten duela beti. Nahikoa da inguruetara begiratzea lehenago hain idealistak ez izategatik orain errealitate gordina jaten ari garela ohartzeko.

Estatu Batuetan politikariren bati sexu eskandaluren bat ezagutzen bazaio, hedabide guztietan bolo-bolo zabaldu eta, normalean, eskatu baino lehenago dimisioa ematen du. Alemanian, doktore tesia plagiatu zuen politikariak ere dimisioa eman behar izan zuen. Bizitza pribatuan gezurtia dena bizitza publikoan ere omen delako. Erresuma Batuan, berriz, diru publikoarekin txikleak erosten zituen politikariak ere dimisioa eman zuen. Penike lapurra dena milioi lapurra ere izan omen daitekeelako.

Espainia batean, ordea, erkidego autonomo bateko presidentea narkotrafikatzaile batekin agertu da ontzi opor batean, argazki zaharretan, eta alderdikide eta beste erkidego bateko presidente denak prentsa askatasuna murrizteko eskatu du. Bi dimisio izan gabe, ziur aski, hauteskundeak egiten direnean, biak hautatuko ditu berriz herriak.Demokraziak kazetaritza ona ahalbideratzen du ala kazetaritza onak ahalbidetzen du demokrazia?

Bukatzeko, berriro Sarrionandia, liburu berberetik baina beste artikulu bat. Ahotik zapore mingotsa kendu eta irribarrea ekarriko ahal digu, ironikoa bada ere:

Kazetaritza

1814. urteko apirilean Fontainebleaun abdikatu zuenez geroztik Elbako irlan egondu zen bazterturik Napoleón Bonaparte, harik eta 1815.eko apirilean bere harmada berbildu eta Parisera itzultzea deliberatu. Harrigarriak dira, benetan, Pariseko Moniteur Universel egunkariaren titularrak martxo guzian zehar, enperadore ohiaren hurbilketaren testigantza aparta ematen bait dute.

Martxoak 9: “Monstruoak ihes egin zuen bere desterrutik”.

Martxoak 10: “Korsikar ogroak Cape Jean aldean desenbarkatu du”.

Martxoak 11: “Tigrea Gap aldean agertu da. Harmadak haruntz doaz bazter guzietatik, haren abiada gelarazteko. Bere abentura miserablea delinkuenteenaren gisan amaituko da mendietan”.

Martxoak 12: “Monstruoa Grenoble hiriraino sartu da”.

Martxoak 13: “Tiranoa Grenoble eta Lyon aldean orain. Bera agertu denez geroztik izuturik dago jende guzia”.

Martxoak 18: “Usurpadorea hiriburutik hirurogei orduko ibilaldira dagoen punturaino hurbiltzen ausartu da”.

Martxoak 19: “Bonaparte ibilera arinez hurbiltzen da, baina inposiblea zaio Parisera sartzea”.

Martxoak 20: “Napoleón bihar iritsiko da Pariseko harresietara”.

Martxoak 21: “Napoleón Enperadorea Fontainebleaun dago”.

Martxoak 22: “Atzo arratsaldean Bere Maiestate Enperadoreak sarrera publikoa egin zuen Tullerietan. Ezerk ere ezin lezake bozkario unibertsal hau gainditu”.

Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak  Bufoiak Bufoiak eta kazetariak

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak