Zertarako dira museoak?
Mendea bete du Bilboko Arte Eder Museoak iaz, eta ospakizun arranditsurik gabe joan zen urtea. Arrunta behar lukeena, harrigarri bihurtu da; gaur museoek beste joera bat erakusten dute. Urteurrenaren aitzakian, festa; urteurrenaren aitzakian, publizitatea. Zuzenean ala zeharka, inoiz ez bezalako ahalegina egiten dute museoek publizitatean, jendea erakartzeko lan zailean. Eta ez da harritzekoa.
Ondare artistikoa gorde, zaindu eta erakusteko guneak izan direnak, turistaren xede bilakatu dira gaur, eta beraz, merkatuaren menpeko, lehenaz gain. Gaur turistak baitira museoetako bisitarien artean gehiengoa. Ez agian guzti-guztietan, ez agian beti, baina joaten zara Bilboko Guggenheimera, edo Madrileko Pradora, edo Londreseko Tatera, eta turista artean galdutako beste turista bat baino ez zarela konturatzen zara.
Turista-ikuslearen ugaltzeak zeharo aldatu ditu museoen asmo eta egitarauak. Ez dago urrutira joan beharrik. Bilboko Guggenheim Museoak denetik antolatzen du: festak, kontzertuak, hitzaldiak, zine emanaldiak, biltzarrak, eta baita erakusketak ere. Baina badu ondare artistikoa gorde, zaindu eta erakusteko sortu eta eraiki ziren guneekin alde txiki bat: ondare artistikoa bera. Zein dira museoaren funtsak? Zer dago haietan? Zenbat diru gastatzen da artelanak erosten? Zeinek erabakitzen du zein artelan erosi? Zein irizpideren arabera? Auskalo.
Bilboko Guggenheim Museoak beste bide bat hautatu du: erakusketak kanpotik ekarritako lanekin osatzekoa. Garraioan, aseguruan, muntaketan, eta halakoetan joaten da dirua, ez erosketan. Oraintxe bertan Takashi Murakami japoniarraren eta Cai Guo-Qiang txinatarraren lanak daude ikusgai. Gustura jakingo nuke bi erakusketa hauek irauten duten bitartean Asiako ikusleen kopuruak zenbat egingo duen gora. Baliteke tronpatuta egotea, baina ikusi nahiko nituzke estatistika horiek.
Ez da, ordea, Bilboko Guggenheimeko kontua bakarrik. Madonna edo U2rekin bezalaxe, artisten lanekin ere tour luze eta garestiak antolatzen dira: Picasso, Warhol, Bacon…hor dabiltza batetik bestera. Jendea erakartzeko ahalegin horretan, eta ikusle horietako gehien-gehienak turistak direla jakinda, lehen baino askoz erakusketa gehiago antolatzen du gaur museo bakoitzak. Horixe hizpide hartuta osatutako erreportajea zekarren martxoaren 29ko El PaĆs egunkariak, Demasiado arte demasiado banal. Eta hainbat museotako zuzendarien ikuspegia zekarren bertan. Erakusketa gehiegi antolatzen ote den, erakusketa horiek nola eta zeinentzat diren, zein den museo bakoitzaren politika, eta antzeko kezkak biltzen zituen.
Halako erreportajeak ez dira egun batetik bestera sortu ohi, gaia kezka iturri den seinale izan ohi dira. Eta hara. Asteburu berean, larunbatarekin, Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai dagoen erakusketa baten kritika zekarren Berriak. Eta bertan, museoaren egungo egoera aztertzen zuen Haizea Barcenillak. Eta esaten zuen, gaurko joeren kontrara, inoiz ez dela aldatzen Bilboko Arte Eder Museoa.
Museo eredua da zalantzan dagoena, bistan da. Ondare artistikoa gorde, zaindu eta erakusteko sortu ziren, baina zertarako dira gaur museoak?