Garoñako zentral nuklearraren eraispena modu sakonean landu du Elhuyarrek

garoc3b1aGaroñako zentral nuklearra geldirik dago urte-hasieratik, nahiz eta Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren (CSN) eta Gobernuaren baimena zuten uztailera arte jarduteko, eta 2019 arte luzatzeko aukerarekin. Baina Nuclenorrek, zentralaren jabeak, jarduera etetea erabaki zuen, eta hurrengo pausoa zentralaren eraispena izango da. Hori horrela, Elhuyarreko Zientziren Komunikazioa sailak modu sakon eta zabalean landu du gai hau, adituen laguntzarekin, eta bere komunikazio-euskarrietan eman du: Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren martxoko zenbakian, Teknopolis telebista-saioan, eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioan. Gai honen inguruko erreportaje guztiak www.zientzia.net webgunean bildu eta eskuragarri jarri ditu Elhuyarrek.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian Garoñako zentral nuklearraren eraispen-prozesuaren alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta ekonomikoak aztertu dira. Horretarako, laguntzaile izan dira Marcel Coderch, telekomunikazio-ingeniaria eta energia- eta ingurumen-gaietan aditua, eta  Francisco Castejón, CIEMATeko (Ikerketa Energetikoen, Ingurumenekoen eta Teknologikoen Zentroa) ikertzailea.

Teknopolis telebista-saioan, zentral nuklear bat nola eraisten den kontatu digute, orain arteko esperientzietan oinarrituz. Hondakin erradioaktiboak gordetzeko modu desberdinak, horretarako dauden zailtasunak, gainditu beharreko erronkak eta sortzen dituzten zalantzak azaltzen dizkigute.

Azkenik, Norteko Ferrokarrilla irratsaioan analisirako tartea eskaini dio Guillermo Roa zientzialariak gai honi.

Erreportaje guztiak bata bestearen osagarri dira, eta Zientzia.net webgunean modu bateratuan daude bilduta

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.