Euskara zulora “natural-natural”?

Euskara zulora “natural-natural”?

Frantzia eta Espainiako gobernu kosmo…paletoek ekarri gaituzte egoera honetara, euskararen hilzorian biziraute itogarri honetara, alegia. Baina ohitu egin dira gure erkide gehientsuenak, eta normaltzat jo dituzte inposaketaren ondorioak.
Menpekotasunetik ez dago hizkuntza bat normalizatzerik. Ez oso luzaroan iraunarazterik ere. Euskara ere ez, misterioak misterio.

Alferrik dira euskal kurrikulumak, ikastolak, D ereduak eta euskaltegiak, Madrilgo gobernuak, Nafarroakoak edo Paueko Prefetak gure ikastetxeen etorkizunaren giltza izan eta nola jardungo duten erabakiko badute aldiro-aldiro.
Alfer lanetara bidaltzen ditugu horietara gure haurrak, gu geu erdaraz bizi bagara, eta gutxienez, eginbeharretatik kanpo euskaraz gozatzeko aukera bermatzen ez badiegu.

Alferrik da telebista euskalduna, bere ahizpa erdaldunak baino askoz baliabide gutxiago izango baditu, eta gainean beste berrogei bat kate erdaldun izango baditu, guztiak baliabidez askoz beteagoak.
Areago, telebista euskaldunean espainierari leku egingo bazaio “natural-natural”, ETB erdaldunean euskararik sekula entzungo ez duzun arren. Zer esanik ez, ETB erdaldun horretan euskaldun-zaharrak Txomin del Regatoren ondorengotzat jotzen badituzte.

Alferrik da inoizko idazle euskaldunen belaunaldirik oparoena izatea, euskarazko liburuak apenas irakurtzen badira, erdarazkoen eskaintzapean zapalduta.

Berdin musikari euskaldunen kasuan ere, bertoko irratiek ere, lehentasuna kantagintza erdaldunei ematen badiete, “natural-natural”. Zertarako nahi ditugu, euskaldunak erdaraz elikatzen dituzten hedabide arras abertzaleak? Esan gabe doa, hedabide erdaldun guztiek euskarari, tartea barik, itzelezko zuloa egiten diotela.

Hutsalak dira “erakunde propioak”, bertako arduradun eta langile euskaldun askok eta askok, erdarari lehentasun osoa ematen badiote, eta euskara halabeharrezko izapideetarako eta lankide “talibanekin” berba egiteko baino ez badute erabiltzen.
Baragarriak dira erdaltzaleen eskuetan dauden euskalgintzako erakundeak…

Aienetan gehiago luzatu gabe, gure ingurukoei zuzenduta doa galdera, euskara hainbeste maite omen duten lagun erdara-praktikanteei hain zuzen.

Euskara “natural-natural” hiltzen utziko dugu behingoz?
Hala bada, ken diezazkiogun ustezko zainketa paliatibo eta itxurako guztiak eta eman ditzagun indarrak eta diruak beste zeregin “errentagarriago” batzuetan. Euskararen interpretazio museoak eta Euskararen Misteriyua Argitzeko Basque Centerra… Txomin del Regatoren gorabeherez osatutako “umorezko” telesaila (Vayasemanitako esketxak oinarri)… Basque Center for Promotion of Castellano del Nortekoa…  Euskal aborigen talibandu batzuk ere mantendu ditzakegu itxita Txindokipeko eremu zabal samar batean, bertara txango gidatuak egiteko…

Hilda gero, salda bero!

Euskara zulora “natural-natural”?

23 pentsamendu “Euskara zulora “natural-natural”?”-ri buruz

  • Fermin Galparsoro 2013-02-04 21:12

    “Menpekotasunetik ez dago hizkuntza bat normalizatzerik”, guztiz bat nator ideia honekin.

  • Fermin Etxegoien (Ferminen arteko solasaldia?) 2013-02-04 22:47

    Bizitzea forma bat defendatzea da.

    Itzain, ez parekatu Espainia eta Frantzia.

    Espainian gertatzen den euskararen aurkarko errepresioa hutsaren hurrengo da Frantzian gertatzen denarekin alderatuta.

    Botoen %90 Bildu eta EAJ alderdien esku diren eskualdeetan (Gipuzkoa ia osoa, Bizkaia gehiena) euskararen eskumenak euskaldunon esku dira aspaldian. Hel diezaiogun formari.

    Bizitzea forma bat defendatzea da (Holderlin).

    Erdararen forma defendatzen duten hiztun asko badira, halaber, euskararen formaren jabe. Nahiz halamoduz.
    Euskararen formak -estetikak- ez dituelako janzten eta bai erdararenak. Diozun moduan, euskararen sozializazio moderno nahiz berantiarraren ajeak. Baina hiztun ez-profesionalak ez dauka zertan konpondu behar tamaineko trauma. Gainera ezingo luke, gehiegizko auto-zigorra eskatzen diolako, eta hiztunak -Holderlin- forma bat defendatzea du bizitzarako agindu: janzten duen estetika linguistiko nagusiarena.

    Hizkuntzaren profesionaloi dagokigu euskararen forma modurik eraginkorrenean sozializatzea. Euskarak soberan dituen baliabide estetikoak bizkortasunez zabaltzea. Hiztunen baitan euskara den estetika linguistiko paregabea -nothing compares to you- defendagarriena bilakatuko zaien arte.

    Formari helduta etorriko da gainerako guztia -independentzia barne- ezen ez alderantziz. Euskara da independiente behar duguna.

    Independentzia politikoa oraintxe bertan baletor, neu pozik. Baina independentzia politikoak, berez, ez digu euskara independientea zihurtatzen. Ezingo genukeelako inposatu independientea ez den gure hizkuntza. Hizkuntzaren forma dagoen moduan, euskararen inposaketak ez luke automatikoki funtzionatuko. Auto-inposaketa izan arren.

    Erran gabe doa kontraproduzente ere suerta daitekeela, Irlandan bezala.

    Euskara inposatu ahalko dugu -ni desiatzen nago- inposatzeko moduko estetika linguistiko bat asmatzen goazen heinean. Hori da sozializazio modernoa.

    Mekanikan sartuta, aditz trinko eta adjektibo gehiago sozializatu behar ditugu.

    Hasteko.

    Gainerako guztia folklorea da (identitatea folklorea da).

    • Gauza askorekin konforme, Fermin, bat edo besterekin ez.
      Ez ditut parekatu Espainia eta Frantzia, eta ados nago diozunarekin. Espainiarrena demasa bada, Frantziarrena demasagoa.
      Bildu eta EAJri buruz diozunaz, %100 ados. Ez diote “formari heldu” gehienetan… edo bai beharbada? (Azcunatarrak eta beste gogoan, baita ezker abertzaleko batzuk ere).

      “Baina hiztun ez-profesionalak ez dauka zertan konpondu behar tamaineko trauma. Gainera ezingo luke,…” diozu, eta ados nago. Baina hiztun profesionalak bai, koherentzia erakutsi beharko luke behinik behin, eta euskalgintzako erakundeetako kideak, ofizialekoak zein herri-ekimenekoak, langile nahiz buru, erdaraz jo eta sua ikusteak etsia (eta haserrea ere bai) eragiten dizkit. Politikari abertzale “euskaltzaleak” berdin. Iruzur hutsa delako, besteak beste. Eta seme-alabei euskaraz egin dezaten eskatzen dieten guraso erdaltzaleak, ba tira, profesionalak ez dira izango, baina… Pulamentu gehitxo…

      Hortik aurrera, independentziaz-eta esaten dituzunekin bat nator. Niri, independentismo erdalduna oso txiste gastatua iruditu zait beti, txarra oso, nahiz eta badiren gure artean Euskal Herria librearen abantailak euskal herritarrei erdaraz esplikatzen 30 urte daramatzatenak, harro kalparra.
      Zeuk bezala, uste dut euskaratik etor daitekeela independentzia, ez bestela. Irlandan, “independente” zein ez, menpeko darraite…
      Menpekotasunetik libratu beharra premiazkoa da era guztietara. Jasanezina da behin eta berriro txikira irabazi baina mus partida galdu behar hau, ugazabak 31 eskutik beti .
      Baldintza hauetan euskara zulotik atera litekeela esaten duenak, gezurra dio.
      Euskaltzaleak aktibatzen ez badira, orain arte baino askoz gehiago esan nahi dut, jai dugu. Eta ez dago erraza, gure inguru hurbileko euskaltzale “sutsu” askoren “garra” ikusita.

      • Fermin Galparsoro 2013-02-05 10:08

        Atzo link hau bidali nahi neban, baina zeozer txarto egin neban.
        Zuek dinozuenari lotuta etor daitekela uste dot. Titulua “HIZKUNTZA BAT EZ DA GALTZEN EZ DAKITENEK IKASTEN EZ DUTELAKO, INPERIALISTEK EURENA INPOSATZEN DUTELAKO BAIZIK” da. Zer iruditzen jatzue?

        • Ados Galparsoro, izan ere, ebidentea denari, hiztunak hizkuntzari uzteak dakarrela hizkuntzaren desagerpena alegia, uzte horren zergatia gehitzen dio zure proposamenak.

          • Fermin Etxegoien 2013-02-09 10:05

            Ronda hau Itzain lagunaren bizkar edango dut, beste sujeto -edo UFO- horrekin izan dudan bixigu-elkarrizketak inspiratu nauelako, seguruenik txarrerako.

            Guk nahi dugu jendeak euskaraz hitz egitea -“bizitzea”, diote batzuek- baina jendeak ez du egiten guk nahi duguna, ezta euskaldun diren askok ere, eta orduan haserretu egiten gara, amorratu, are gorrotatzeko prest jartzen gara… gauzak guk diogun moduan egin behar direla onartzen ez digutenekin.

            Horregatik sujeto horrek botatzen dizkit “PSOE hutsa”, Bárcenas, euskañol, etabar.

            Eta nik berari “identitatea folklorea da”. Alde batetik, pentsatzen dudalako horrela dela, ez baitakit zer den identitate kolektiboa, eta zer izan daitekeen ezaugarritzen hasiz gero… jasotzen ditutan adibideak, “euskalduna naiz” ebidentziatik haratago, ez zaizkit folklorea baino gehiago interesatzen (biziki interesatzen zaidana, bide batez).

            Baina bestalde, “identitatea folklorea da” botatzen dut, baita ere, badakidalako, aitor dezadan egia, bereziki mingarria izango zaiela nire sujeto maitea bezalakoei: euren flotazio marran joko dudalakoan.

            Jendeak ez du “guk nahi duguna” egiten: ezta euskaldunek ere, ez dute koherentziarik erakusten euskaraz egitearen auto-aginduarekiko.

            Estrategia ez badugu aldatzen, edo osatzen, arestikoa ez da konponduko… ezta independentziarekin ere.

            Identitate gehiago, diote batzuk. Euskalherritarrak hain bilakatuko dira euskaldun, non eta euskaraz biziko baitira.

            Dakizuenez, badago aurrekoaren aldaera bat… are esoterikoagoa, esaten baitu euskaraz bizitzeak “plus” bat dakarkiola egiten duenari. Hololinguistika: giza-baloreetan gorago jartzen gaitu euskaraz bizitzeak. Besteak beste, “berdinzaleago” bilakatzen gaituelako.

            Tira; hiztunaren gainean betebehar identitario edo espiritual horiek guztiak ezarri baino lehenago -gutxi ez baleuka bezala, euskaraz bizitzen saiatzearekin!- besteok aldarrikatzen dugu estetika linguistikoaren nagusitasuna, estrategiak diseinatzerakoan (Amuritzarekin bat; gora postmodernitatea!)

            Euskaraz mintzatzen garenok, hastekoz eta bat, gure buruarentzat gustagarri bilakatzeko. Eta ez dakit forma “behar beste” defendatzeko eta zabaltzeko gauza izango ote garen, baina hurbiltzen dena harrapatuko dugu, eta barruan dagoena ez dugu ihes egiten utziko hain errazki (orain behin eta berriro gertatzen ari zaiguna, zoritxarrez: izan zilegia ala ez, ihesa).

            Tira, aro berrian arestikoak bezalako ideiak ezin badira pentsamendu eremu berean bildu, norberak jaso gabe traidore irain potolo samarrak… ba pulamentu gutxi, nortasunik gabeko sujetoak behin eta berriro dioen moduan.

    • NahikoaDugu 2013-02-07 21:41

      “Gainerako guztia folklorea da (identitatea folklorea da”) ” Bai jauna: guztiz konforme. Eta erantsi egingo nuke, gainera, are folklorikoagoa dela hiztun profesionalena, zuek biok adibide: biak ederki kobratzen, bata goi mailako (a)normalizazio tekniko gisa, eta bestea abangoardista-usteko itxura-zale –euskañola zer den ondo-ondo entenditzeko saiatu minutu erdi batez belarriak jartzen. Nobela deizen duen horrekin hobe ez hastea: it’s only the form… (burua gehiegitxo kargatzeraekin, ojo). nahiago nuke “hiztun/idaztun pofesionalok·” pagatzen zaizuen egitekoa pulamentu eta grazia minimoz egingo bazenute. DIRU PUBLIKOA BAPO KOBRATU eta, gainera beti marruez..”.Bizitzea forma bat defendatzea da” oso poxt! Ja ja Seguruena Bárcenask bat egingo du esaera horrekin…! Horren “poxt” gainera…! igual baita lipovetsyk berak ere…! Koxmopaletoak…baina “poxt” ustekoak ere…..diru publikoa kobratzen ez, faborez

      • Nahikoa ipurterre 2013-02-07 23:23

        Gozatu bizitza motel, lau egun dituk eta.

        • Ja ja…bai jauna: horixe bera dio Bárcenasek: Gozatu bizitzaz (….eta bapo bizi diru publikoaren kontura). Bizitza forma da…..dio abanguardista-ustekoak…eta lasai-lasai geratzen da, gainera !!

          • Fermin Etxegoien 2013-02-08 12:25

            Ez dut ezer identitatearen alde, ez dut ezer folklorearen aurka.

            Bata eta bestea gauza bera baitira.

            Eskerrak zuri, “Nahikoa-da-dugu”, mezua zabaltzen laguntzeagatik. Penaturik negoen-eta, oharkabean pasatzen ari zelako Itzaini bidali nion erantzuna. Eskerrak zuri, “Nahikoa-da-dugu”, bazka emateagatik troll poxt -zuk diozun moduan- honi. Izan ere, norbaitek pentsa lezake “Nahikoa-da-dugu” sinatu duena… ni neu naizela, esan bezala abiadura “biriko” bat eragiteko oharkabean joaten ari zen “identitatea folklorea da” mezu katxondoari, e, Nahikoa-da-dugu?

            Identitatea folklorea da, bai horixe. Lehen ez nuen horrela pentsaten, pentsatzen bainuen ñabarduraren bat gutxienez egongo zela bien artean, baina euskara identitatea areagotzearen bidez -non; Arrasaten?- elikatu behar dela esaten dutenen ekarpenak ikustean konbentzitu naiz, seguruenik betirako: folkloreaz ari dira identitateaz ari direnean, bata eta bestea gauza berbera direlako.

            Ta nik ez dut ezer, ezertxo ere ez, identitate-kolektibo-bakarraren alde… Ezer ez dudan bezala folklore partikular anitzen kontra, nireak eta zureak barne.

            Bestalde; zure ustez ez naiz ondo moldatzen euskaraz. Bai jauna, seguruenik arrazoia duzu. Seguru nago zeu askoz hobeto moldatzen zarela neu baino. Izan ere, neu nire gabezietatik abiatzen naiz -nireak bakarrik ez direlakoan- euskararen zabalpenerako komeniko litzatekeena esaten edo idazten dudanean.

            Baina ez dizut barkamenik eskatuko zure ustez euskaldun bastardoa (sasi-euskalduna) banaiz ere. Banaizelako. Hain zuzen. Hori dut abiapuntu, baina ez nago geldirik… formarekiko, zuk sinetsi ala ez.

            Aspertzen nau, dena den, betiko leporaketa tardo-frankista horrek: hik ez egin berbarik, ez haiz egiazko euskalduna-eta!

            EITBn lan egiteagatik diru publikoa bapo kobratzen dudala pentsatzen duzu, orduan… Ba ez; ez dut uste nirea bezalako kontratua dugunok bapo kobraten dugunik, oso normaltxo baizik, zuk sinetsi ala ez.

            Beste gauza bat da zuri iruditzea lan egin dudan saioetan -Kalaka, Anitzele, Bisitaria, Ekaitz Perfektua, Musikatea- nire gidoi-gile zein musika-jartzaile lanak oso eskasak izan direla, eta badirela… Tira, agian arrazoi duzu horretan ere.

            Ea oso gora ailegatzen zaren herri honetako gidaritza lanetan, denon onerako. Zure moduko jende fuertea behar dugu.

      • Nahikoa inkisidore dugu 2013-02-08 12:48

        Ez Fermin, ez. Ez dugu horrelako “jende fuertearen” beharrik, ez baitira jende fuertea, juxtut kontrakoa baizik, arrazoibide ahuleko inkisidoreak. Eta asko dugu inkisidoreekin herri honetan.
        Hire ekarpena, oso interesgarria, bidenabar.

        • Nahikoa inkisidore dugu 2013-02-08 12:51

          “Eta asko dugu inkisidoreekin herri honetan”, ez.
          ASKI dugu inkisidoreekin… esan nahi nuen.

          • “Baina ez dizut barkamenik eskatuko zure ustez euskaldun bastardoa (sasi-euskalduna) banaiz ere….” My God, bai epikoa! Another one: “Aspertzen nau, dena den, betiko leporaketa tardo-frankista horrek: hik ez egin berbarik, ez haiz egiazko euskalduna-eta!” ….O la la, beste biktima bat! ikusten dudanez, beste erantzunik ezean joera handia duk asmakerian hasi, hire burua mortifikatu eta biktima gisa azaltzeko, ezta? Nork esan dik horrelakorik? Biktimarena egitea salida merkea duk, gizona.. Horretarako ere pulamnturik ez-edo? Ez formarik, ez mamirik….POSE hutsa besterik ez. Agur

          • Fermin Etxegoien (Ferminen arteko solasaldia?) 2013-02-08 20:45

            Et et et, ez joan hain azkar; nola egin duk hire azken iruzkinaren azpian erantzuteko aukerarik galerazteko?

            Beste ronda bat ordaindu didak, noski, hire azken iruzkinean “PSOE hutsa” niri deitu eta gero, Lehen deitu didak Barcena eta euskañol, baina kolpea nozitu dudanez -nonbait ez nian minduta sentitzeko eskubiderik- gainera orain esaten didak biktimarena egiten ari naizela.

            Tremendoa haiz, folklorikak bezala.

            Ta zergatik hitz egiten didak ingelesez?

            Txao, pulament-man!

          • Fermin Etxegoien 2013-02-08 21:20

            Sorry tituluagatik -Ferminen arteko…?- eta baita hire iruzkinaren azpian erantzuteko aukera ez neukala idazteagatik.

            Nahastu nauk sistemarekin.

            Sistemak nahasten nauelako, nonbait, heu ez bezala.

            (txiste bat duk, txo, ez nabilek atzera biktimarena egiten)

          • Inkisitore asko da 2013-02-09 12:04

            Ezizenen (nahikoa dugu, asko da…) azpian gordetzen den inkisitore ausart horrena lotsagarria da. Eman bakea behingoz.

  • Kirmen Pekotarra 2013-02-05 10:02

    Gaurko berriako “zuzendariari” ataletik:
    Larunbatean, Hendaiako manifestaldian parte hartu ondoren, Euskal Telebistako 2. kateko berriak entzun nituen. Han, Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria, Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Battitta Salaberri, Hendaiako auzapeza elkarrizketatu zituzten. Hirurak gaztelera batuan mintzatu ziren… Gogora dezadan manifestaldia ikastolaren alde zela, hots, euskararen alde.

    Alferrik dugu «Euskaraz bizi nahi dut» aldarrikatzea, ondoren, gure inkontzientean kolonizatuaren sindromea uxatzeko gai ez bagara, euskal hedabideetan erdal elebakarren itzultzaileak izateari uko egiten ez badiogu.
    Alferrik dugu euskararen erabilerari buruzko inkestak egitea, euskara hizkuntza «elbarritutzat» jotzen badugu, erdararen mendetasunari josita balego bezala.

    Bidenabar, EITBko zuzendaritza berritzear dagoenez, zera eskatu nahi nieke arduradun berriei: ETBko elkarrizketak, adierazpenak, eta abar euskaraz eta gaztelaniaz jaso beharrean, euskaldunen adierazpenak euskara hutsez jaso daitezen, eta jardunbide hori etxe horretako araua bilaka dadin.

  • Nik eskatu, Hur, Martin eta Battittari eskatuko nieke ETBri exijitu egingo nioke. Hainbatetan “barkamen” eske (“barkatu gaizki esandakoak…” etab) jardun beharrean hobe genuke “malaletxe” gehiago azalduko bagenu. Estetika aldaketa? Forma berria? Baliteke. Eta “azaldu” diot, ze, horixe dugu arazo potoloa euskalgintzan dihardugun askok eta askok, itzalean eguzkitan baino gusturago gaudela. Inertziak aldatu behar ditugu eta aurrenez gureak.

    Hiztun profesionalak eta ez profesionalak direla eta aurreko asteburuko Teleberri batean ikusi nituen aurrenez Anjel Lertxundi serio gazteleraz eta, ondoren, kirol arloan Aginagaldetar anaiak euskaraz pozik eta alai. Ez dakit nola lotu Teleberrin ikusitakoa hiztunen profesionaltasunarekin baina susmoa daukat Inertzia aldatzeko gonbidapena eginez gero, errazago animatuko liratekeela ez-profesionalak.

    • Kirmen Pekotarra 2013-02-05 12:53

      Nik uste dut Hur, Martin eta Battitari, ETBri bezainbeste exijitu behar zaiela. Izanere, ez gaur, baina etorkizunean gerta liteke Martin bera ETBko arduradunetako bat izatea, bere jadun politikoaren ondorioz, eta izan liteke Hurere urrun ez ibiltzea.

      • Martin ETBko arduradunetako bat izatera iritsi? Lehenago ikasiko dute zakurrek hizketan! Bere botu emaile ohi batek diotsu

  • Martin Rezola 2013-02-09 10:44

    Fermin, zuk bereiz ikusten dituzun bi plano horiek (“hololinguistika” eta estetika linguistikoa) nik batera ikusten ditut, batak bestera narama. Euskaldunberria naiz (edo berriztatua); eta bai, uste dut “berdinzaleagoa” naizela euskaraz biziz. Ez dut aukera hori egin nire arbasoen hizkuntza hori zelako (gurasoena ez, behintzat); euskaldun izateko erabakiak badu nire kasuan osagai etiko edo deitu-nahi-duzun-bezalako bat. Galizian banengo galizieraz bizitzen ahalehinduko nintzatekeela uste dut; Galesen biziz gero, gaelikoz eta abar. Uste dut horrek ondo erakusten duela esan nahi dudana. Eta jarrera horrek gozamen estetikora narama, nire burua bestelako bizipoz batez aberastuta ikusten dut, eta hizkuntza gustagarria bilakatzen zait.

    • Fermin Etxegoien 2013-02-09 13:29

      Ados, Martin: kontzeptuen eremuan elkarrengandik oso gertu daude bai identitatea bai estetika bai folklorea, etabar. Parole, parole, parole… Kontzeptuen eremuan, seguruenik, erraz ondoriozta liteke, hara non, baita ondorengoa ere: etika eta estetika gauza bera direla!

      Baina estrategiak ezartzerakoan, ordea, bi planoak bereiztearen aldekoa naiz, estetikarenari nagusitasuna emanez. Izan ere, zu zeu “berdinzaleago” sentitzen baldin bazara euskararekiko koherenteago jokatzeagatik… era berean adierazten ari zara euskararekiko koherente jokatzen ez dutenak herren dabiltzala etikoki. Alegia, koherenteok “hobeak” zarete eta inkoherenteak “txarragoak” dira. Gure egoera higatuan, oso konklusio arriskutsua. Elkarri amorrua -are gorrotoa- hartzera eramaten gaituena.

      Espainolaren eta frantserasen jolas-eremuan ibiliko bagina, neuk ere euskararekiko koherentzia eskatuko nioke, ez izan dudarik, bere burua euskaldun deitzen duen orori. Baina ez gabiltza: konkistatuak gaude -zertarako uka- eta sekulako abantaila hartu digute espainolak eta frantsesak… batez ere estetikoki!

      Bittor Hidalgo da koherentzia eskatzen duen bakarra, abizenari jarraiki bezala -kariño osoz diotsut, Bittor- ahalegin kijotesko txalogarrian… eta sekulako disgustuak hartzen ditu bueltan, adibidez Euskal Herrian Euskaraz-en manifestazioan espainolez ari zinenei koherentzia eskatu zienean.

      “Métete en tus asuntos”, erantzun zioten gutxi gora behera.

      Eta bai: boteretsuak dira erdarara eraman gaituzten indarrak, batez ere estetikoak. Euskara batuan egin nahi dugu halaber euskara jatorrean eginez, baina hiztun askok sekulako kortozirkuito linguistikoa nozitzen dute, ahaleginean, eta erdarara joaten zaizkigu, batua eta jatorra suertatzen zaielako, erdara.

      Hiztun profesionalok lagundu egin behar diegu hiztun ez profesionalei, trauma linguistikoa -Galfarsorekin bat natorren kontzeptu bakarra- leunagoa izan dadin, haientzat. Agindu etikoen zama hiztunen gainean ez ezarriz. Beldur naiz-eta, genozidio linguistikoaren biktimak -zertarako uka- ez ote garen errudun bilakatzen ari.

      Koherentzia eskatu? Bai, baina hizkuntzaren aldeko estrategia formatik -estetikatik- abiarazteko gauza garen heinean.