The war against cliché
Ni ez naiz latinoa, eta hori berresten duten froga zientifikoak baditut: Alemanian ikasten ari nintzela, behin mutil kolonbiar (goapo) batek zera erran zidan, “hemen latinook arrakasta handia dugu neskekin”, eta orduantxe ikusi nuen, zalantza txikienik gabe, ni ez nintzela leinu sexy horretakoa. Beharbada haserretu eta ihardetsi behar nion Europako arraza zaharreneko partaide nintzela (nire abizenak ongi aski erakusten duen bezala), eta kontuz ibiltzeko, ea hirugarren mundutik etorria zen zegokidan eme kopurua ebastera. Hori guzia erran behar nion, baina artean gazte, berde eta Ana Urkiza irakurri gabea nintzen, eta isilik gelditu nintzen.
Orain, berriz, Urkizak Deian argitaratu zuen zutabeari esker, anitz gauza ikasi dut, eta badakit zergatik ez naizen trebea lohian ibiltzen (ezta, Alemaniakoa gogoan, lohikerietan ere), edo zer dela-eta ez dudan inoiz lasterketarik irabazi: ez naiz beltza. To, hainbertze urtez neure burua ispiluan ikusten, eta haren artikulua irakurri arte ez naiz ohartu.
Arrazista izatea leporatu diote Urkizari. Baliteke. Nik, halere, bertze bekatu bat –aise larriagoa, nire iduriko, idazle baten kasuan– azpimarratuko nuke: topikoa da, pentsamenduaren ordez, estereotipoak eskaintzen ditu. Izan ere, nik zentsura moral eta ideologikoa baztertu, eta topikoaren kontrako brigada ezarriko nuke, isuna jar diezaien esaldi berean txoria eta Laboa juntatzen dituen kazetariari, besoak gibeleko aldean elkartuta kantatzen duen bertsolariari, “gure herria” sintagma erabiltzen duen politikariari, idazleek bertsolariei inbidia dietela dioen orori. Eta, jakina, arraza-topikoak justifikatzeko medikuen autoritatea aipatzen duen idazleari.
Klixearen kontrako gudan gupidagabe jokatu behar baitugu.
RT @zuzeu: The war against cliché: Ni ez naiz latinoa, eta hori berresten duten froga zientifikoak baditut: Alemanian ik… http://t.co/ …
RT @zuzeu: The war against cliché: Ni ez naiz latinoa, eta hori berresten duten froga zientifikoak baditut: Alemanian ik… http://t.co/ …
Bada nik oso ondo ulertu dut Urkizak esandakoa, eta kezka hori askok dugula esateko ez daukat inongo arazorik. Betikoa, politikoaki zuzena ez denez…
Egia esan, Urkizaren zutabeari egin zaizkion kritikak exagerazio handia iruditu zaizkit. Niretzat, artikulo horretan dagoen akatsik handiena ez dago arrazakeriarekin lotua, baizik eta kanpotik etorritakoen kopurua %6 dela bakarrik esatea. Denok dakigu hemen kanpotik etorritakoak askoz, askoz gehiago direla,
Egia esan, Maier, Ana Urkizaren zutabeari darion kirats arrazista berbera dario zure iruzkinari.
belatz, alde batetik esango nizuke baietz. Urkizarenean ez dago niretzat kutsu arrazistarik, beraz nirean ere berdin-berdin. Dena dela, uste dut oso oker iritsi dela zuregana nire iruzkinarekin adierazi nahi nuena. Agian nire errua izan daiteke, ez da beti erraza adierazi nahi duguna ongi adieraztea. Nire iruzkinetik arrazakeriarekin lotura duen bakarra da Ana Urkizaren zutabearen kritikak exageratuak iruditu zaizkidala, baina hau diot, nire ustez bere hitzak okerreko zentzuan hartu dituztela batzuk. Horri kutsu arrazista ikusten diozu?
Maier, zure hitzak: “Urkizarenean ez dago niretzat kutsu arrazistarik, beraz nirean ere berdin-berdin”.
Ez dago oker ulerturik, Maier, zure esaldi horrekin dena utzi duzu hagitz ongi esplikatuta, argi eta garbi.
Ongi, a ze lasaitua hartu dudan, Belatz!
SantiLeone, ulertzen dut diozuna, baina mezu hau ez dut ba ikusten kasu honetan aplikaturik. “Arraza-topikoak justifikatzeko medikuen autoritatea” diozunean, esaldi hontaz ari zara, noski: “Kirol medikuek dakite ondo azaltzen haien hanketako zuntzak eta baita hezurdura ere, europarrenekin konparatuta, nola diren ezberdinak. Lohi artean ibiltzeko aproposagoak, diotenez”. Bada, ulertzen dut bukaera hori gaizki interpretatu daitekela, baina ez al zaizu iruditzen arrazakeriaren aurkako hipersensibilizazio batek lagundutakoa dela irakurketa hori?
Bada beste zerbait, nik Ana Urkiza ez dut ezagutzen eta agian zuk edo Gorka Bereziartuak bai, eta guzti hau nik ez dakidan kontestu batean kokatzen duzue. Hala balitz, gehiago ulertuko nuke irakurri ditudan iritzien erabatekotasuna.
“Bi mehatxuren berri argia, beraz”.
Batetik, inmigrazioa eta euskararen auzia. Interesgarria. Arrunt gai garrantzitsua. Adibide gisa, duela gutxi Zuzeun hizpidera ekarritako herri bat: Nafarroako Altsasu.
.
Bestetik, beltzak beren abantaila fisiko genetikoekin -joder, hori tranpa da- Euskal Herriko lasterketa guztiak eramaten dituztela, gure kantera kaukasikoa desanimatuz. Hau pena, aizu: Inoiz olinpiar jokoetara baldin bagoaz ezinen dugu domina bakar bat ere irabazi, ezta gure lasterkariei klenbuterola ipurtzuloraino sartuta ere.
.
Nondik eta nola sortu den hain ideia-asoziazio bitxia Urkiza andrearen buruan, horixe da nik oraindik entenditzen ez dudana.
Ba artikuluari gainera demagokikoa deritzot. Berari -eta Donostiarrari ere- kezkagarria iriditzen zaio beltz hanka-malgu eta zakil-handi alu horiek irabaztea (horra beste topikotzar bat), baina zer irabazi eta Lasarteko NAZIOARTEKO Krossa irabazi ere. Nik dakidala, lasterketa hori ez dago mugatua euskaldunetera, eta gauza bera beste horrenbeste lasterketa ospetsurekin: Behobia-Donostia, Aizkorriko igoera… Ez dakit zenbat kanpotarrek irabazi izan duten haietan, baina Emil Zápotek korrikalari txekiar mitikoak Lasarten 1958an irabazi zuela kontutan izanda -hura izan zen, oker ez banago, “giza-lokomotora”ren azkeneko garaipena-, ohitura horrek ez dirudi atzo bertokoa, preseski. Nahiz eta Zápotek beltz ez izan, errubioa baizik. Hala ere, urkiza eta enparauak beti ere kotsola litezke “force basque”ko erakustaldietan…
P.D. Esteka honetan Lasarteko irabazleen zerrenda daukazue, 1956 eta 1976 artekoa:
http://www.euskomedia.org/aunamendi/27038
Norbaitek gerokoa aurkituko balu…
Beltzak betz direla esatea ez da arrazakeria, mesedez!! Ez ditzagun anglosaxoien itxurakeria eta politikoki zuzenkeria nazkagarriak inportatu. “Nelson Mandela lider afro-amerikarra” esatera ere iristen dira, Nelson Mandela beltza dela ez esateagatik, arrazakeria azken muturreraino eramanez (beltza izatea txarra da, beraz, nola esan beltz bati beltza dela?). Nire elkartasun osoa Urkizari, inondik ere merezi ez duen egurra jasotzen ari delako.
Amonamantangorri, ados, argumentuek zertxobait lagundu didate kritikak zein ikuspuntutik eginak dauden ulertzeko. Halere, kritikak irakurrita, gehienak agresiboegiak iruditzen zaizkit, nik ez nuen ikuspuntu horretatik ikusten eta kritika argumentatubat baino gehiago lintxamendu bat iruditzen zitzaidan. Uste dut zaintzekoa dela hau ere. Menditarra, barka, ez da garrantzitsua, baina euskaldun batentzat graziosoa da zure irristadatxoa. Ez da “Zapotek”, baizik eta “Zatopek”. Bestela, txekiar baino euskaldunagoa irudiko luke abizenak.
Arrazoi duzu, Maier, baina ez da maltzurkeria izan, dislexia baizik… Eskerrik asko zuzenketagatik.
Azken urteotako immigrazioak euskara arriskuan jartzen duela esatea ez dut uste ganora handiko iritzia denik. “Berta-bertakoekin” (halakorik badago) eta XX. mendeko etorkin uholdearekin nahiko lan du euskarak, kanpotik etorritako beltz eta hegoamerikarrei errua botatzen hasteko (nahiz eta bere kuotatxoa ere izango duten noski).
Nire familiak bi familia hegoamerikarrekin du erlazioa eta dozenaka “bertako” familiarekin. Bertakoen gehiengoak euskararekiko interes minimo bat erakutsiko balute, bost axola hegoamerikarrek egiten dutena. Beltzak? ez horiekin ez dugu harremanik. Pentsa ze “kaltegarriak” diren nire inguruko euskararentzat.
Atletismoarekin egin den konparazioa edo metafora ez dut ulertzen. Beltzak hobeak badira fisiologikoki (ez dakit hala den, ez zait inporta), ba galdu lasterketak eta izorrai. Asko entrenatuta ere galdu egingo baituzu…. Baina horrek ze letxe du zerikusirik euskararekin, euskarak bizi duen arazoaren oso alderdi marginal edo tangentziala izanik “beltzen” auzia?
Ohar bat: beltzek zuriok baino giharre-masa handiagoa dutela, eta hortaz hanketan giharre eta grasa gehiago, ez da topiko kultural bat, ezta aurreiritzi arrazista bat ere. Afrikar jatorriko askok jaiotzetik duten ipurdi-puxka ez da egunero lau orduz entrenatzen ere lortzen.
Jendaurreko lan eguneko kale neurketa: neska gazte batek egin dit euskaraz, beste mutil gazte bati entzun diot euskaraz lankidearekin eta emakume marokoar batek esan dit “egunon” eta “eskerrik asko”. Ondorio zuzena: hobe estatutik kanpokoak %6 baino %15 balira.