Nola neurtzen da egin den bidea?
Nola neurtzen da egin den bidea?
Nola neurtzen da egin den bidea, bilakaera bat? Zertan agertzen da egindako bidea? Euskararen ikastea eta euskararen lekua nola aldatu den frogatzeko, ba ote da helduen euskalduntzean den eskaintzari begiratzea baino argigarriagorik?
Urte berriak gau eskoletara ekarri zituen berekin zenbait ikasle berri. Ahatik ez edozein: esperientzia pilotoen sailean kokatuak baitziren hauek, frantses funtzio publikoko langileen formakuntza kutxa nazionalak burutu nahi izan duena, komunzki CNFPT deituak, euskarazko formakuntza bere katalogoko eskaintzen artean euskara ikastaroak kokatu aitzin burutu nahi izan duena. Entsegu bat hots.
Administrazio eta funtzio publikoko langileei zuzendu xede profesionaleko euskara formakuntza zortzi urte lehenago abiatua izan zen, hego Lapurdiko herri ausart zenbaitetan, osoki herrietako dirutzatik ordainduak, ez baitziren ikastaro hauek finantziamendu sistema arruntetatik diruzta. Zortzi urtez, ipar Euskal Herrian, eskaintza hau garatzen joan zen hainbat herri elkargo eta hiritan, zenbait enpresa pribatu ere hunkituz. Iragan asteaz geroztik, klase mota hauek present dira iparraldeko lurralde guzietan, azken hiru hasi berri hauekin Baxe Nafarro eta Xiberuan ere ematen baitira. Zaila da istorio guziaren laburtzea.
Hauen bitartez, laburki azaltzeko, asmoa zen zerbitzu publikoetan langileen euskalduntzea eta trebatzea beren lanen egiteko, zerbitzua eskaintzeko euskaraz erabiltzaileari, azken finean, gure oinarrizko eskubideetarik izateaz gain, lurralde horietan, euskara erabil dezakeen eta erabili nahi duen biztanle kopuru handia baita, ordurarte zerbitzua euskaraz nekez ukan zezakeena. Euskarazko klase horiekin batera, lantokietan hainbat neurri eta direktiba hartuak izaten dira, batzuetan nahiko xeheki, besteetan orokorki. Gehienetan, harrera euskaraz egitea, haur eta gazteekin antolatu animazio eta bestelako proeiktuak euskaraz izatea. Halere, osatzen doan kontua da azken hilabeteetan.
Orain arte CNFPT bezalako kutxek ez zituzten euskara klaseak diruztatzen, ez zutelako beren irizpideekin bat egiten, ez zirelako katalogoetan sarturik; ondorioz, herrietako fondoetatik ordaintzen ziren, gainkostu bat sortuz eta langileen formakuntzetarako dretxoak trabatuz. Hori aldatuko balitz ondoko hilabeteetan, aspaldiko traba bat gainditua izanen litzateke eta bidea idekia normaltasun handiagoz tratatua izateko euskara formakuntzak.
Urrun gira Bourgneuf karrikako zenbait gela zoko heze eta ilunetan klaseak emaiten ziren garaietarik; urrun ere dantza edo historia-kultur ikastaro zenbaitekin tartekaturik beren funtsa ez zuten elkarte balios bezain aitzinadarien garaietarik.Aspaldikoa da ere, geroagoko garai iraultzailea, zeinetan gaueko baita egunezko klaseak ematen hasi baitziren, urte osoan zehar laupabost oren asteko, baita gainera barnetegi trinkoak, amesten zela egun batez enpresetatik ateratuko zitzaizkigula ikasleak, lan denboran eta nagusiak ordaindurik ikasiko zutenak. Gaurko egunean euskara ikasten da iparraldean, 2004az geroztik, proeiktu profesional baten baitan kokaturik, betiere enplegatzailearen oniritzi eta iniziatibaz, baina norbanakoaren euskalduntzea ez da gehiago ingurumen hurbil eta berehalakoaren ikuspegiarekin planifikatzen den zerbait. Gaur hainbat langilek euskara ikasten du, orain arte frantsesez bakarrik eskaintzen zuen zerbitzuaren emateko euskaraz ere bai.
Ikasleenganik ere pentsatzen dut aldaketa zenbait gertatu direla. Gaurko egunean ikasleek berek duten kontzientzia eta ikusmoldea euskarari buruz eta bereziki bere balio eta erabilpen potentzialaz, desberdina ez bada, bederen duela zenbait urte baino zehatzagoa da, edo behintzat beste termino batzuetan azaltzen da. Euskararen ikasteko gogoa, gero eta gehiago, proeiktu pertsonal edo profesional praktiko batean deklinatzen da, bizi proeiktu batean, termino sentimental edo ideologiko-politikotan bezainbat, ez bada gehiago. Ikasten da zerbaiten egiteko, bizi eredu batekin bat egiten duelako eta eredu hori garatzen laguntzen duelako, Ikasten da maite delako, gurea delako, ederra delako, herriaren hizkuntza delako, herri proeiktu baten hizkuntza delako, baina hortik haratago ikasten da lantokian baliatzeko, administratu eta bezeroei erantzuteko, ikasten da “nagusiak” planifikatua duelako hizkuntzaren integratzea lantokia.
Beste herrialdeetan, bilakaera berdintsuak kausitzen dira. Bretainiako adibideak zein diren begiratzea maite dut, iduritzen baitzait garai honetan leku dinamiko eta ausartena dela, seguraski hizkuntzaren ikas-irakaskuntza eta erabileraren aldetik aldaketa eta aitzinamendu gehien ezagutu duena denbora gutxiz. Han badute eskaintza bat biziki interesgarria: langatuei bretoiera formakuntza ibridoen ematea, hau da hizkuntza ikasi batetik (xede profesional batekin) eta lan formakuntza egin langune euskaldun batean. Hori guzia sei hilabeteko tarte batean kokaturik, hainbat egun hizkuntza ikastaldi trinkoetan eta beste hainbeste bretoieraz funtzionatzen duen enpresa batean. Ulertu dudanaren arabera, momentukotz langabetuen formakuntza kutxek finantziatzen ez dutenez, hango eskualdeko kontseiluak eta departamenduek ordaintzen dute. Hemen, ez dugu oraindik holakorik gauzatu ahal izan maleruski.
Laburbiltzeko, helduen irakaskuntzan, euskararen kasuan beste hizkuntza gutxituenean bezala gure eskaintzaren araberakoak gara, gure eskaintzak irudikatzen du zer eta zertan garen, baita horren bitartez zertan diren hiztunak eta hizkuntza bera. Gure eskaintzaren bilakaera bera euskarak gizartean duenaren lekukoa da. Eta sinetsi nahi dut, esperientzia piloto batek bestea huxatuko duela, segituko dugula idekiz doazen bide borietatik.
Argazkia: Somin La Kan