Euskararen transmisioa ere, ez dago bermatuta…

Euskararen transmisioa ere, ez dago bermatuta... Bihar Donostiara!Euskararen Akordio Nazional berria aldarrikatu du EH Bilduk, eta horrekin batera, abenduaren 1ean Kontseiluak Donostian deitutako manifestazioari atxiki zaio. Ados nago deiarekin eta agirian aipatutako gehienekin, baina bada harrituta utzi nauen uste okerrik ere,  erakunde publiko nagusien baikortasun kronikoak nahastuta beharbada? Bilduren testutik ateratako pasarteak dira honakoak.

Batetik:
Galbidean zegoen hizkuntza amildegitik atera dugu. Gaur egun, euskarak sekula bereak izan ez dituen esparruak eskuratu ditu, transmisioa bermatuta dago, kultur produkzioa egonkortu egin da…

Baina bestetik:
Gipuzkoarren %39ak erabiltzen du euskara; Bizkaian %12,8ak, %4,3ak Araban, %5,5ak Nafarroan eta %9,6ak Ipar Euskal Herrian. Gipuzkoa kenduta, beraz, UNESCOk finkatutako marra gorriaren oso azpitiko erabilera du gure hizkuntzak eta horrek galtzeko arriskuan jartzen du.

Lehen pasartea, Eusko Jaurlaritzak berak sina zezakeen lasai asko. “Hau egina zagonk, neska-mutilak” litzateke ondorio zuzena. Baina bigarren pasartean aurrez marraztutako egoera idilikoaren emaitzarekin egiten dugu talka, euskararen osasunaren neurgailurik fidagarriarenarekin, erabilerarekin alegia. Eta erabilera-tasa ez da %40ra heltzen Gipuzkoan, %12an omen dabil Bizkaian, eta oso urria da Araban, Nafarroan… eta Iparraldean, non urtetik urtera behera baitator oraindik ere.
Lehen pasarte horretan esaten da, ongi esan ere, euskarak sekula bereak izan ez dituen esparruak eskuratu dituela, baina zein neurritan eskuratu dituen zehaztu gabe, edota “beti bereak” izan diren beste esparru batzutan (baserria, arrantza eremua, arrauna, pilota, eta abar) galerak ageri direla aitortu gabe. Esaten da era berean, kultur produkzioa egonkortu egin dela, baina “egonkortze” hori nahikoa ote da euskal kulturarentzat eta euskaldunontzat?
Zerotik hamarrera artean, “hiruko” egonkorrak “ez gainditua” dakar, hiruko ez egonkorrak bezainbeste…

Alabaina, kutsu ofizialeko uste horiek jaso izanak baino gehiago harritu nau “transmisioa bermatuta dago” baieztapenak. Ez baita egia. Transmisioa ez baitago bermatuta.

Baina transmisioaz hurrengoan jardungo dugu, testua gehiegi luza ez dadin.

Eta edonola ere, Bilduren gomendioari jarraituko diot gogoz,  eta bihar Kontseiluarekin joango naiz ni ere Donostiara, beharra badago eta… transmisioa hobetu beharra, besteak beste.

Euskararen transmisioa ere, ez dago bermatuta… Bihar Donostiara!

2 pentsamendu “Euskararen transmisioa ere, ez dago bermatuta…”-ri buruz

  • zakarias aiztierdi 2012-11-30 16:17

    Kontseiluak berak esan du hori (gaur bertan E Irratian). Ni ere harritu nau

  • “EH Bildu (sic) hizkuntza politika eraginkorragoa bultzatu nahi du euskara euskal herritarron hizkuntza normalizatua izan dadin. Horretarako, beharrezkoa da hizkuntza politika berria, lehentasunezkoa eta BURUJABEA bideratzea eta euskarari estatus juridiko egokia ematea.”
    Burujabe izan gabe, politika burujabea ? Hau ez da serioa.