“Kultura tradizionala ezagutuz” ikastaroa
Historia, tradizioa, ohiturak, iraganeko gertakariak… noizbait ere izan zarela alegia, ikasi, onartu eta ulertzea, ezinbestekoa da izaten jarraitu nahi duen edozein herrirentzat.
Munduko beste herri zapaldu guztiekin gertatzen den moduan, gurean ere, jaso dugun transmisio historikoa beste batzuek erabaki dutena izan da.
Hau honela izanik eta zoritxarrez gaur egun gure Herriaren historia ikasi nahi duen edonork, duen aukera bakarra autodidakta izatea denez, Galdakaoko bost elkarte sozio-kulturalek ”KULTURA TRADIZIOANALA EZAGUTUZ” ikastaroa antolatu genuen.
Esan bezala, ekimen honen bultzatzaileak, Galdakaoko bost talde izan gara (AEK, ERDUZIE EUSKERA TALDEA, ANDRA MARI DANTZA TALDEA, GANGUREN MENDI TALDEA eta ORREAGA IRITZI TALDEA), bakoitza bere esparruan eta bere neurrian, gure Herrian bitarteko lana egiten saiatzen garen bost talde.
Ikastaroa emateko ”Orhipean” eta ”Euskera jendea” liburuen idazlea den Xamarrrekin hitz egin genuen eta berak 8 asteazkenetan beste horrenbeste gai lantzea proposatu zigun (2 ordu saio bakoitzeko): Euskararen historia, Urtearen aroak eta Festak, Ihauteriak, Etxea, Bizitzaren pasarteak, Ahozko Kultura, Mitologia eta Sinismenak.
25 partaide inguru izatea espero genuenez eta edozein lokalek ez zigula balio ikusita, AEKkoek euren geletako bat egokitu zuten.
Lokala, partaideak, irakaslea eta gaiak lotu ondoren, Urriaren 10ean , 27 lagunek ekin genion ekimen eder honi. Hasieratik ikusi zen egindako ahaleginak pena merezi izan zuela.
Xamarren lana bikaina. Irakasten dituenak, barruan sentitzen dituen bezalaxe transmititzeko gai da, indar eta pasioz. Nabari da denbora asko eman duela gure Herriaren historia berreskuratzen eta horrek ikasgaiak oso ondo azaltzeko aukera ematen dio.
Partaideen artean ere hasieratik sortu zen giro oso atsegina. Bakoitzaren bizipen eta jakintzetan oinarritutako partaidetza aktiboa izan da ikastaroaren ezaugarrietako bat. Hau posible izateko, asko lagundu du adin eta lanbide ezberdineko partaideak izatea.
Laburtuz, errepikatzeko moduko esperientzia izan da. Helburu nagusia bete dugu, Herri bat izaten jarraitzearen arrazoi historikoak ulertzea alegia, eta hori gutxi balitz, etorkizunean antzeko egitasmo gehiago antolatzeko, talde ezberdinen arteko elkarlana eta partaideen arteko ezagutza sakona sortzea lortu dugu.
Zorionak guztioi!