Harkaitz Cano, behatz artetik ihesi

12:30etan nuen hitzordua Okendo kafetegian Harkaitz Canori elkarrizketa batetarako argazkiak ateratzeko. Mezuan jartzen zuenez, kazetaria ere bertaratzekoa zen eta 12:00tan beste prentsaurreko batean argazkiak atera behar banituen ere, ez nuen elkarrizketan hasieratik egoteko aukera galdu nahi, nor non eseriko zen eta beste aldagai batzuek aukeratzeko beta izan nezan eta poseko argazki hutsalaz gain, elkarrizketan zehar asetuko ninduen zerbait egiten saiatzeko.

Terdiak izateko 10 minutu falta zirenean ailegatu nintzen tabernara, libre zeuden mahaien artean gustuko nuena aukeratu eta Aneri non eseri ‘agindu’ nion, horrela leiho ondoko aulkia libre geratzen zen, Harkaitz bertan jarri zedin. Kafe bat eta botilatxo bat ur eskatu eta zain geratu ginen.

Harkaitz iritsi zenean, elkar agurtu, berarentzat beste botila bat ur eta pintxo bat eskatu eta mahaira eseri zen; Ane, kazetaria, zuen parean eta ni haren ezkerraldean eserita. Batzuetan, elkarrizketatuarentzat bortitzegi eta kazetariarentzat desatzegina gerta badaiteke ere, izugarri maite dut distantzia horretan lan egitea, justu mahai batek banatzen gaituelarik, ni ere elkarrizketa barruan egongo banintz bezala.

Ni 50mm-ko objektiboarekin jolasteko gogoz joan nintzen, beraz hori jarri, diafragma topera ireki eta f 1,8ko irekierak ematen duen eremu sakonera estu eta zoragarri horrekin hasi nintzen argazkiak ateratzen. Leihotik sartzen zen eta barruan zegoen argi kopuruaren aldeak konbentzitu ninduen, batek erretzera iritsi gabe, besteak eszena betetzen baizuen, eta balantzearen aldeak ere ez ziren hain handiak. Distantzia nik nahiko nukeena baino ttikiagoa zen, beraz atzeko mahaiko aulkia gerturatu eta kazetariaren atzean jarri nintzen, kamera ia-ia bere kokotean jartzera iritsiz.

Hasi nintzen argazkiak ateratzen, KLIK, KLIK, Harkaitz Aneren galderei erantzuten ari zen bitartean; Twist liburuaren inguruan lehenen eta Euskadi sariaren inguruan ondoren. Eskuak dezente mugitzen ditu, eta horrekin entretenitu nintzen, orain eskuak enfokatuz, orain begia… Momentu batean kalera irten nintzen, leihoko kristalean JUEVES eta erdi ezabatutako ordutegi bat idatzita zegoela ohartu eta ea kristalarekin, isladarekin eta letrekin zerbait egin nezakeen probatzera. Zer edo zer atera zen, baina ez nik nahi nuena. Barrura itzuli, lehengo lekuan eseri eta lehengo jokoa hartu nuen berriro ere. Han zebiltzan eskuak mugimenduan, orain elkartu, orain banandu, orain kokots azpira, orain buru gainera eta tarteka aurpegi aurretik pasatzen ziren, aurpegia erdi tapatuz. Pentsatu nuen ea eskuak aurpegia tapatu baina begiren bat ikusiz argazkia atera dezakedan… (pentsatu eta esaten ez diren gauzak).

Amaitu zen elkarrizketa eta galdetu zidan ea kalera joko genuen, poseko argazki batzuk egitera. Ezetz erantzun nion, bertan, zegoen tokian eta zegoen bezala egingo nizkiola pare bat, baina ez nuela gehiagorik behar. Aldatu nuen objektiboa eta angularrarekin pare bat argazki egin nizkion, batzuk niri eta beste batzuk leihorantz begira. Horren ondoren, hizketan jardun genuen, posatzeaz, posatu arazteaz, argazkilariok ditugun jarduteko era ezberdinez… elkarri agur esan eta bakoitzak bere aldera jo genuen.

Etxera etorri, ordenagailu aurrean jarri eta argazkiak ikuskatzen hasi nintzen. Orokorrean gustatu zitzaidan egindakoa, bai fokua eskuetan zuten argazkiak eta bai bere aurpegia enfokatzea lortu nituenak, baina batek bereziki indar handia zuela iruditu zitzaidan: eskua aurpegi aurrean tentsioz ireki eta behatz artetik begiak ikusten zitzaizkion hori. Balantzea egokitu, berrenkuadratu eta argi ilunak pixka bat ukitu ondoren, hemen duzue.

 

Beste batzuek ere bidali nituen egunkarira, poseko bat, serie honetako azkena, eskuak bakarrik enfokatuta azaltzen ziren pare bat… baina batekin geratzekotan, ni honekin geratzen naiz.

 

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.