Cristiano Ronaldo: kirolari ala eskalapoi?
Historiako zifrarik handiena ordaindu du Real Madridek jokalari portugaldarra erosteko: 97 milioi euro. Pentsatzekoa da Florentino Perezek ongi eginak ukango dituela kalkuluak eta bere asmoen artean ez dagoela dirua galtzekoa.
Izanak, izan, Cristianon Ronaldo hasita dago dirua xahutzen Los Angeles aldean egiten ari den oporraldian. Berea du sosa eta berak jakingo du zer egin. Hango zenbait hedabidek dio Paris Hiltonen bikotea dela gaur. Bejondeiela, gustura badabiltza.
Kontua da, ordea, halako kirolaria eta halako ibilerak, eredugarri ote diren gainerako kirolarientzat eta, batez ere, gazte kirolzaleentzat. Futbola eta gainerakoak, askotan saldu izan dizkigute bizitza sano eta bikain baten antzirudiko, gure gazteek jarraitu beharreko bide bezala.
Ikusiak ikusita, ematen du kirolaren bidetik lortutako loria ez dela oso desberdina Errusiako mafiakoa izanez lortutakoarekin alderatuta. Ametsen ametsa horrexek dirudi gaur: Paris Hiltonekin champagnetan itotzea.
Eta Athletick eta Osasunako gure mutilek, parean edukiko dute datorren kurtsoan morrosko karramarroa.
(Ez kezkatu idazpuruko eskalapoi hitza ez baduzu ezagutzen. Geuk ere hiztegian aurkitu dugu lerdo, ergel, tentel, memelo eta babo hitzentzat sinonimo bila genbiltzanean).