Gaur
Beste greba orokor bat atzo, genuen irailaren 26an. Sindikatuek (ELA, LAB, STEE-EILAS…) uztailean luzatu zuten deialdia. Beste behin ere murrizketeen kontra atera ginen kalera. Inoiz baino arrazoi gehiago genituela esan ziguten eta arrazoia ez zitzaien falta. Berriz ere, manifestazio jendetsua izan zen eta sindikatuek arrakastatsutzat hartu zuten erantzuna. Betikoa.
Biharamuna ere betikoa izan da, zoritxarrez. Norbera bere zereginetara bueltatu da ezer gertatu ez balitz bezala. Eta lan- baldintzak okertuko dira, berriro ere. Eta laister batean beste greba bat deituko dute sindikatuek eta beste behin ere denok kalera oihukatzera. Horrela daramatzagu hiru urte. Hau ez dakit laugarren edo bostgarren greba izan zen eta egoerak okertu besterik ez du egin; langabezia gora; lan baldintza duinak behera.
Nik ez dakit zein den irtenbidea. Denetarako soluziorik ez dut. Horregatik, irakurleak artikulu hau ez dezala sindikatuei egindako kritikatzat hartu; baizik eta etsipenez eta inpotentziaz beteriko idazkitzat. Hori da sentitzen dudana, izan ere gaur, irailak 27, 25an baino situazio sozio-ekonomiko garratzagoa bizitzen dugulakoan nago. Eta tristea da, benetan. The Telegraphek Espainako Estatuak (Hegoaldea barne) bigarren erreskatea jasango duela aditzera ematen digu; horrek dakarren guztiarekin.
Etorkizun oparoa izango genuela hitza eman zuten sistema ekonomiko honen arkitektoek, hots, denok aberats eta poz-pozik kontsumituz zoriontsu izateko bidea aurkituko genuen. Baina errealitatea bestelakoa suertatu zaigu, zer eta jai hau ordaintzeke dugu oraindik. Halaber, antolatzaileek ordaindu barik hanka egin dute eta Estatuak salbatzen ditu, zigortu beharrean. Eta bihar berriz ere akordatuko gara horretaz; eta aurreztu ez genuen diruaz; baina batez ere hain inozo agertu izateaz. Hau lezioa!!!