Berlingo Harresia eraitsi izanaren tragedia
“Zorioneko porrotak daude eta zoritxarreko arrakastak”. Amin Maaloufek idatzi zuen 2009an Le dérèglement du monde : Quand nos civilisations s’épuisent saiakeran. Gerra Hotzaren amaierak suposatu zuen “kapitalismoaren garaipenak, historiako krisi handienera” ekarri gaituela dio. 1947-1991 urteen artean “lurra anfiteatro erraldoia bezalakoa izan zen”, jarraitzen du Maaloufek. “Edonon eztabaidatzen zen ideologia honen eta haren onurez eta minez, ideia filosofikoez, erakunde sozialez. Komunismoa erori zenean iritzi trukatze horiek zentzua galdu zuten”.
Munduaren aginte hegemonikoa bi ideologien artean lehian zegoen bitartean “erreferentziak” zeuden. Bloke bakoitzak bestea baina hobeagoa izateko arrazoiak zituen. Halere, Amin Maaloufek ez du Gerra Hotzarekiko nostalgiarik: “Gerra Hotza beroa izan zen. Milaka hil ziren Koreatik Afganistanera, Hungariatik Indonesiara, Vietnametik Txilera edo Argentinara”.
2011KO AZAROA HASIERAN Txema Anda -beste hamaika gauza izateaz gain- medikua elkarrizketatu nuen. Barruak kitzikatzen dituen pertsona geldiezin baina patxadatsu horietakoa da Anda medikua. Tindufko errefuxiatu zelaian operazio gela bat sortu zuen 80ko hamarkadan, kubatarrek ere ez zutenean gauzagarri jotzen halako proiektua Argeliako basamortuan. “Bizi izan duzun garai onena?”, galdetu nion Txema Andari. Haren erantzunak, aurrekoek egin bezala, jakinmina piztu zidan: “Berlingo harresia erori aurrekoa”.
Zuhur eta argi zioen Txema Andak Berlingo Harresia bota izana “tragedia” izan zela: “Oreka galdu eta Munduko Orden Berria ezarri zen”. “Gaur egun, eztabaida ideologikoa kamustu egin da”, argudiatzen zuen Andak.
“Tragedia” izan zen Berlingo Harresiaren eraisketa. Kapitalismoaren aurreko alternatibak ezabatu ziren. Ondorioz, Gerra Hotza amaitutakoan -nahiz eta ez zen gerra bat izan zentzu hertsian- Europako eta AEBtako demokraziaren eta ongizatearen ametsek galga zapaldu zuten. Garapen eredu kapitalista erabiliz, hau esan daiteke: botere merkatuaren lehia amaitu zenean demokrazien produktibitatea murriztu zen.
Zer da krisi ekonomiko txatxu honen aurrean aurkitzen ez duguna? Alternatiba bat. II. Mundu Gerra ostean, erreferentzia ideologikoen basoan hainbat zuhaitz zeuden, bakoitza bere dozenaka adarrekin. Bazeuden norgehiagokak, utopiak eta helburu batzuk. Gaur, ostera, ideologia aniztasuna murrizten doa. Munduaren orden zurrunean, ideologia berrietatik abiatutako iraultzek hesiak dituzte nonahi. Munduko korta hankaz gora jarri diguten zerriei bazka ematea besterik ez zaigu bururatzen.
Non da kontrapuntua? Nora begiratzen dute orain XIX. mende erdialdean jaiotako ideologia marxista iturri izan duten alderdi politikoek? Latinoamerikara. Ideologien sortze, garapen eta esperimentazio esparru tradizionala izan den Europa bahituta daukagu eta. Erreferentzia intelektual alternatiboak gutxiengo batzuenak dira orain; boterea lortzeko borrokan jarrita, harriak tankeen aurka.
Gerra Hotzak onura nabarmenak ere bazituen. Txema Andak azaltzen du: “Hondamendiak edo goseteak saltu baten konpontzen zituzten bai kapitalistek bai komunistek”. Ez zuten hori hutsaren truke egiten, jakina, eredu ideologiko bat hedatzeko baliabideak lortzeko baizik. Baina, orain, multinazionalak dira baliabideetan eskua sartzearen truke “karitatea” zabaltzen dutenak . Gure nahi eta erabakietatik 1.000 argi-urtera dauden enpresak. Indibidualismoa, kontsumismoa eta diruzalekeria. XXI. mendean elkartasuna ez dago modan, edo, izatekotan, moda bat besterik ez da.
Berlingo Harresia bota zuten. Eraitsia izan ez balitz, non geundeke?