Putzuzuloko okupazioa zigorrik gabe
“Absuelvo a J.A.L. del delito de usurpación por el que venía siendo acusado en esta causa“. Horixe da oraindik orain jakinarazi zaidan epaiaren “fallo”a. Zorionez, “akatsa” ez dena, erabakia baizik. Honen aurretik epaiketa bat dago, joan den maiatzaren 12an Donostian burutu genuena, non gazte zarauztar bat epaitu zuten. Duela ia 4 urte hasitako kontu bategatik. Ziento bat lagunek, Zarautzen, abandonatutako fabrika bat okupatzeko erabakia gauzatu zutenetik. Putzuzulo Gaztetxea abiatu zenetik. Izan ere, teknikoki bakarra baldin bada ere epaitu dutena, ziento bat izan dira epaiketa horretan bere burua ikusi dutenak. Okupazioa zen han epaitzen zena. Eta oraingo honetan, bederen, “absuelto” atera dena (espero dezagun Fiskaltzak ez errekurritzea!).
Poztekoa da, bai noski: zigorra eskatzen zuten eta libre gelditu da. Eta poztekoa da, aurrekari izan daitekeen heinean, kasu honetan okupazioa ez dela delitua izan erabaki duelako Donostiako Penal 1 Epaitegiak. “Kasu honetan” azpimarratu nahi dut, hala ere, zeren eta zoritxarrez okupazioa oraindik ere delitua da Espainiako Estatuan. 1995ean Zigor Kodean espresuki sartu zen 245.2 artikulua, okupazioa zigortzen duena, okupazioa delitu bihurtua duena. Gu oraingo honetan onik atera gara, baina horrek ez du esan nahi beste kasu batean hala izango denik. Egin kontu, gainera, prozedura judiziala egin egin dela, ia lau urte eman ditugula prozedurarekin —besteak beste, egia esatera, zenbait epaitegi oso motelak direlako; okupazioak eragotzi eta gaztetxeak eraistera bidaltzen dituzten “indarrak” hain motelak balira!—. Eta hori berez larria da: prozedura irekitzea, akusazioa egitea eta epaiketa egin beharra bada nahikoa delitu. Eta segurtasun indarren eraginkortasuna, hondea-makinen pisua eta epaitegien zama jasan dutenek badakite, esan bezala, okupazioa oraindik ere delitua dela, eta gogor jazartzen dela.
Ez dezagun gaurkoan, baina, soilik aldarrikapena egin. Pozerako tarteak ere izaten ditugu —Putzuzulok hain zuzen halakoak eman izan dizkigu—, eta horiek aprobetxatu behar ditugu. Epaitegi batek ebatzi du Zarautzen eraikin zahar hura okupatzea eta eman zitzaion erabilpena eman izana ez dela delitua eta hori poztekoa da, zer arraio (irratia)! Eta hori epaiketan hainbat lagunen testigantza ukatu zigutela, eta eraikinaren jabeak esandakoek kontrako bidean egiten zutela: eraikina ez zegoela hutsik, hango jarduera duela bi urte-edo zegoela itxia… Baina, bueno, epaileak ebatzi du utzita zegoela eraikina, egoera txarrean, epaitua zen gazteak berak ateak ireki zituenik ez dela frogatu, atean egindako kalteak ere ez —zabiltzate erne okupatzaileek, gauzak nola egin—, eta beraz penal arloan zigorra jasotzeko adinakoa ez dela ekintza hura.
Eta beraz absolbitu du gazte hori, eta horrekin batera, epaileak berak agian nahi ez badu ere, okupazio horretan kide izan dituen zientoka gazteak. Eta haien izenean, niri tokatzen zait eskerrak ematea bere burua nolabait autoinkulpatu dutenei, okupazio aurretik eta ondoren bere burua okupatzaileen arteko eta aldeko eskaini duten guztiei eta babesa eman dieten herritar guztiei (Zarautzen eta Zarauztik kanpora ere, asko izan dira eta).
Elkarri eskerrak ematen ibiltzea azkenean lerdejario samar ere gelditzen da, baina nire aldetik, eskerrak eta zorionak gazte okupatzaileoi ere eman behar dizkiet. Eta epaiketan eman nuen horretarako arrazoia —Soraluze jaunaren hitz tranposoak gezurtatuz, besteak beste—: zakarrez beteta zegoen eraikin hura ateak zabaldu zirenean, 2005eko urriaren 30 hartan, hautsez betea tokia, ilun eta gris. Ilun eta gris, Zarauzko panorama kultur eta soziala neurri handi batean zegoen bezala. Eta gazteok, lokalari bezala, herriari ere kolorea eman diote lau urte hauetan. Bejondeiela!
bejondaigula! asteazkenean barra libre omentziok bilkuraren ondotik… bñ ixxxxx, ez dedila inor enteratu…