”La Educación Prohibida”: aurrerakoia ala atzerakoia?
Hamaika aldiz eta leku desberdinetatik heldu zait “La Educación Prohibida” dokumentalari buruzko informazioa eta ikusteko gonbitea. Antza denez ezkerrekoak eta aurrerakoiak diren sektore batzuen artean oso harrera ona eta izugarrizko hedapena izan du interneten bidez eta baita ere hainbat ikastetxe eta unibertsitatean.
Dokumentalak egungo irakaskuntza ofizialaren eredua kritikatzen du; autoritarioa, alienatzailea, errepresiboa…. eta hainbat alternatiba aurkezten digu irauten duen bi orduetan. Hasieran, eta aurkezpen horrekin, atsegin egin zitzaidan halako ekimena; gure herrian asko dira egungo irakaskuntza ereduak dauzkan arazoak eta kontu kritikagarriak.
Hala ere, badirudi ez dela ematen duena, eta ezkerreko sektore batzuetatik, batez ere Hego Amerikakoak, beren osagai atzerakoi, eskumakoa eta esoterikoa hasi dira kritikatzen. Kritika hauek, eta dokumentalak osagai interesgarri batzuk barnean dauzkala onartu arren, oro har itxura aurrerakoiaren atzean mezu atzerakoia dagoela, eskumari ondo datorkiona salatzen dute.
Irakaskuntza publikoa eta unibertsala hobetzea, duintzea, bitarteko gehiagoz hornitzea eta abar eskatu beharren beheko klaseentzat lorpen historikoa izan dena kritikatu, ahuldu eta bere beharra ukatzea leporatzen diote dokumental honi.
Eta “lorpen historikoa” esaten dudanean barnean “baina” guztiekin doa, historikoki goiko eliteek haien interesen araberako osagaiak eta metodologiak ezarri dituztelako eta gurea bezala Estaturik gabeko herrien nortasuna eta hizkuntza ezabatzeko erabilia izan delako.
Guzti hau irakurri eta gero beste begiekin ikusi dut dokumental hau eta egia da egungo kapitalistek irakaskuntza publikoa masifikatu, kaskartu eta pribatizatu nahi dutenean, dokumental honek zabaltzen duen mezua asmo horren osagarria da.
Irakurri ditudan artikulu kritikoen artean hau da gehien gustatu zaidana; Argentinako ikertzailea den Natalia Alvarezen “Educando al enemigo. A propósito del documental “La educación prohibida“ izenburukoa. Interesgarriak iruditu zaizkidan argudioen artean baten bat azpimarratzekotan hauxe bururatzen zait:
“En lugar de reclamarle al Estado una educación pública de calidad para los trabajadores, que ponga en juego más contenidos y más saberes, nos ofrecen la educación más degradada: aquella que espera que la “sabiduría” emane espontáneamente del niño, sin tener en cuenta su condición de origen ni las necesidades reales de todo proceso cognitivo. También nos proponen que la educación no sea controlada por nadie, abriendo la posibilidad de que sea impartida por cualquier secta o religión que ande dando vueltas por ahí, retomando así lo peor de la enseñanza oficial y del individualismo burgués.”
Historiaren zatirik handienean kultura, zientzia eta heziketa goi mailako eliteentzat egon dira mugatuta, soilik azken mendean lortu da, eta ez herri guztietan, irakaskuntza publikoa beheko klaseen seme alabentzat zabaltzea. Gurea den eskubide hau bultzatzeko eta hobetzeko eztabaida guztiak ongi etorriak izan daitezen, baina dokumental hau norabide horretan doa?