Politika everywhere
Zenbatetan entzungo nizkion amonari “politika ustelkeria hutsa da eta kiratsa dario”, “politikariek eurengan besterik ez dute pentsatzen” edota “politikari zintzo bat bera ere ezagutu gabe hilko naiz” bezalako esaldiak. Txikia nintzenean ez nuen tutik ere ulertzen, baina gaur egun bere ideiekin bat natorrela aitortu behar dut, zentzuren baten, behintzat. Politikariek diote politika herri eta herritarrentzat egiten dutela, baina herria eta herritarrak ziur dira politika hori politikariei zuzendurik dagoela. Kontraesana ote?
Orain, urriaren 21ean Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak direla eta, politikarien irudiak everywhere[1] aurkitzen ditugu. Urkullu jaunaren begitarte serioa Tuenti-k babestutako ekitaldietan, Basagoiti jaunaren irribarre susmagarria Donostiako autobusetan, konfiantza sortzea bilatzen duen Mintegi andrearen begirada egunkarietan, eta sinesgarritasuna galdu duen Lopez jaunaren aurpegia Euskotrenen.
Honi guztiari gehitzen badizkiogu etxera ailegatzen zaizkigun kolorezko papertxo erakargarriak, kaletik banatzen dituzten interes handiko liburuxkak, herritarrontzat gogoraerrazak diren abestiekin auzotik bueltaka dabiltzan autoak, telebistan egiten diren eztabaida esanguratsuak, Africa Baetak aurkeztutako “Euskadi pregunta” telesaio arrakastatsua, amaigabeak diruditen mitin guztiak eta barregura sortzen duten sloganak, saturazioa datorkigu burura.
Eta saturaturik gaude, ohikoa dirudien arren, herritarrak ez baitira ohitzen urtero ikustera “eman iezadazu boza” kopetan idatzita daramaten horien antsietate-aurpegiak. Egun hauetan gizartean Trending Topic[2] bilakatzen dira hauteskunde, ezker/eskuin, demokrazia, independentzia, autodeterminazio, erreferendum, errepublika, abstentzio eta eskubide bezalako hitzak; hori bai, gutxitan erabiliak zentzu positiboarekin. Harri bat altxatzean ere politikariren baten hortz zuriak agertzen dira.
Baliteke arazoa izatea gehien agertzen diren alderdi edo politikari horiek benetan ez izatea herriarentzako “hoberenak” edo “egokienak”, eta ez eta ere herriak behar duena, baizik eta gastatzeko diru gehien dutenak, eta beraz, baita ospe gehien lor dezaketenak ere. Horrela, gutxiengoan dauden alderdiek berdin jarraitzen dute, betikoei eserlekuak kentzeko aukerarik gabe. Ondorioz, gobernuak sinesgarritasuna galtzen doaz, herritarren etsipena eta hauteskundeetan abstentzio handia dakarrena. Baliteke herritarrek horrexegatik jartzea zalantzan demokraziaren oinarria bera ere.
Hobe lukete alderdiek gutxiago inbertitzea publizitatean eta gehiago gizartearen benetako ongizatean. Azken finean, kartel guztiek amaituko baitute bibote faltsu batekin, izen guztiek “faxista”, “pailazo” edo “lapur” hitzekin nahasturik (Adibidez, Fatxi Lopez eta Fatxagoiti, umore onez zegoen norbaitek asmatua) eta alderdiek ustelkeriarekin erlazionaturik. Hortaz, politikari oro barregarri geratzen da beti. Garrantzitsuena zera da, horrekin guztiarekin nola amaituko dute, orduan, herritarrek? Tira, gure gizartean dena politika-arlora bideratzeko joera handia dagoen arren, galdera horri erantzutea errazegia da: nazkaturik, motel, nazkaturik.