Inkestak hauteskunde kanpainan
Inkestak hauteskunde kanpainan
Hauteskundeetan emaitza jakin bat mamitzen denean, asko dira herritarren erabakian eragina duten faktoreak, eta horien artean garrantzi handia dute hauteskundeen aurretik kaleratzen diren inkestak. Hainbat ikerketa soziologikok frogatu dute hori, XIX. mendeko lehen erdian Estatu Batuetan komunikabideak lehen hauteskunde inkestak argitaratzen hasi zirenetik.
Zorroztasun metodologikoan oinarritutako inkestak tresna erabilgarria dira, boto joerak islatzen dituztelako eta aukeraketa prozesu demokratiko orok duen ziurgabetasun tartea murrizten dutelako. Baina ez dira herritarren asmoak erakusten dituen argazki soila, herritarren jokabidean eragin nabarmena eduki baitezakete, norabide batean edo bestean. Hori dela-eta, alderdi politikoentzat eta bestelako eragileentzat kanpainarako arma bat gehiago izan daitezke hauteskunde lehietan.
Une honetan gertatzen ari den bezala, aukera politiko bat garaile gisa aurkezteak, abantaila handi batekin, erlaxazio edo desmobilizazio efektua sor dezake alderdi horren hauteslego potentzialaren zati batean, eta gerta liteke hautesle askok, axolagabetuta, abstentzioaren multzoan erortzea.
Hauteskunde guztietan konfrontazio edo lehia nagusi bat dago, eta inkestak hori detektatzeko gai ez badira, edo ez detektatzeko moduan “interpretatuak” izan badira, herritar askok beranduegi izaten dute lehia horren berri. Zenbat aldiz entzun dugu alderdietako militanteok, hauteskunde garrantzitsu batzuen ondoren, jendea halakoak esaten: “emaitza aldez aurretik jakin izan banu botoa emango nizuen”, edota “egun horretan mendira joan izan ez banintz beste emaitza bat edukiko genuen”.
Hilaren 21eko euskal hauteskundeek ere badute lehia nagusi bat: EAJ eta EH Bilduren artekoa. 2011ko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak egindako agerpen indartsuak, eta lurralde historiko bakoitzak 25na legebiltzarkide edukitzeak oso emaitza estua aurreikusten dute. Ezin ahaztu ere 2011ko Espainiar estatuko hauteskundeetako emaitzak, non bi indar politikoen aldea %3,3koa baino ez ez izan (botoen %27,72 eta bost eserleku EAJk, %24,39 eta sei eserleku Amaiurrek).
Aukera politiko bat garaile gisa aurkezteak, abantaila handi batekin, erlaxazio edo desmobilizazio efektua sor dezake
Joan den ostiralean CISek argitaratutako inkestak abantaila erosoa ematen zion EAJri EH Bildurekiko (11 puntu). Zehazki, inkesta horren arabera, EAJk 27 eserleku lortuko lituzke Eusko Legebiltzarrean (%36,2ko boto estimazioa), eta EH Bilduk, berriz, 21 eta 22 eserleku bitarte eskuratuko lituzke (%25,1eko boto estimazioa). Datuen artean, Gipuzkoari dagozkionak dira bereziki deigarriak: 9 eta 10 eserleku bitarte EH Bilduk, eta 9 EAJk (%34,8 EH Bildurentzat, %31,9 EAJrentzat). Komeni da gogoratzea 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bildu eta Aralarren botoen batuketa (gaur egun biak EH Bildu koalizioko partaide dira) %40,56ra iritsi zela Gipuzkoan. Beraz, horrek esan nahi du koalizioak sei puntu gutxiago lortuko lituzkeela oraingoan. EAJri dagokionez, 2011ko maiatzean botoen %24,05 lortu zituen, eta CISen inkestak ia zortzi puntuko gorakada ematen dio (bozen %31,9).
CISen inkesta balekotzat jotzen badugu, 17 hilabetetan EAJk 14 puntu kendu dizkio EH Bilduri Gipuzkoan: hilabeteko bat ia. Jarrera politikoetan, ordea, aldaketak mantsoago gertatzen dira. Aldarteak eta baloreak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Egia da Gipuzkoako lurraldean Bilduko agintari berrien gobernurik eza eta estilo autoritarioa harriduraz begiratzen duen korrontea sortzen ari dela, eta korronte horrek mapa politiko berriaren konfigurazioan ondorioak izango dituela, baina ez inkestek islatzen dituztenak bezain bat-batekoak.
CISen inkesta balekotzat jotzen badugu, 17 hilabetetan EAJk 14 puntu kendu dizkio EH Bilduri Gipuzkoan
Horrelako inkestekin, beldurrik gabe esan daiteke jende askok ez duela antzemango datozen hauteskundeetan benetan zer dagoen jokoan: EH Bilduk edo EAJk irabaztea. EAJri garaipen argia aurreikusten dioten inkestek bere hautesleetako asko erlaxatzea ekar dezakete, eta hori da hain justu batzuk lortu nahi dutena. Kirol arloko konparazio bat erabilita, jende askok utziko lioke estadiora joateari, norgehiagokarik ez dagoelako ustean.
Pelikula hau ikusita daukagu dagoeneko. Inkesten eta emaitza definitiboen arteko alderik agerikoenetako bat Gipuzkoan gertatu zen, hain zuzen, 2011ko maiatzeko hauteskundeetan. Hauteskunde kanpaina erdian kaleratutako azterketek ondorioztatzen zuten EAJ izango zela indarrik bozkatuena Batzar Nagusietan, botoen %28 eskuratuko zituelarik. Bilduri, berriz, %20ko babesa aurreikusten zioren. Behin-betiko emaitzek, ordea, hankaz gora jarri zuten iragarpen hori: Bilduren emaitzen eta inkestek ematen ziotenaren arteko diferentzia 15 puntutik gorakoa izan zen (%35,43 vs %20). Hau da, Bilduk ia 20 puntutan gainditu zuen inkestek EAJrekiko ematen dioten balizko desabantaila.
Aipatutako inkestak kanpaina barruan irakurri zituzten hautesle askok, eta seguru aski azken emaitzek ustekabean harrapatu zituzten haietako asko. Are gehiago, ez da zentzugabea adieraztea une hartan gure lurraldeko herritarretako askok pentsatuko zutela hauteskundeetako lehia nagusia EAJren eta PSE-EEren artekoa izango zela. Usteak, erdiak ustel. Horrenbestez, inportantea da jakitea zenbait inkestek distortsioa sor dezaketela, eta inportantea da herritarren transmititzea gaur egungo eszenatokia zein den: EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua. Utz dezagun herritarrek modu librean aukeratzea nork gobernatuko duen, errealitatean eta ez fikziozko testuinguruetan oinarrituta.
“Egia da Gipuzkoako lurraldean Bilduko agintari berrien gobernurik eza eta estilo autoritarioa harriduraz begiratzen duen korrontea sortzen ari dela.”
Inkestak inkesta eta hauen intentzionalitateak intentzionalitate, artikuluaren helburua zein den argi ikusten da goian aipaturiko pasartearekin.
“Une honetan gertatzen ari den bezala, aukera politiko bat garaile gisa aurkezteak, abantaila handi batekin, erlaxazio edo desmobilizazio efektua sor dezake alderdi horren hauteslego potentzialaren zati batean, eta gerta liteke hautesle askok, axolagabetuta, abstentzioaren multzoan erortzea”.
.
Hori egia izan daiteke aukera politiko hori betidanik gobernuan egon denean.
.
Alegia, jenderi iruditzen zaio EAEko egoera naturala dela ETB1eko eguraldia Andoni Aizpuruk ematea, Jaurlaritza EAJren eskutan egotea eta Bertsolari Txapelketa Nagusia Andoni Egañak irabaztea (eta hara, azkenengoa ez). Beraz ez dago zertan EAJri botoa ematera joan beharrik. Eta oraingoan ez da horrela, ezta inondik ere. Interesgarria iruditu zait artikulua, nire ustez jeltzale eta jelkideen kezkak islatzen baititu.
.
Beste kezka baten isla, oso interesgarria: Egibarren irudikoz, “euskal burgesia berria Amaiurren sartzen ari da”. Begiratuta Bizkaia euskaldunaren mapa, begiratuta Arabako udalerri nagusietako emaitzak, begiratuta gizarte sektore jakin batzuen joerak, nire ustez baduzue jeltzaleok kezkatzeko motiborik.
EAJri tripako min handiagoa eman diote Bilduren emaitzek PSEk hiru urte eta erdiz Jaularitza lapurtu izana baino.
Gauzak estu daude beraz ez ahaztu hauteskundetan EAJ bozkatzera joatea, hori dirudi erran nahi duela artikulua.