Non zeunden Neil Armstrongek ilargia zapaldu zuenean?
1969ko uztailaren 21: gizakiak ilargia zapaldu du. Letra larriz idazten den historiak egun hori gorde zuen bere orrietan. “Gizonarentzat urrats txikia baina gizateriarentzat jauzi handia” eman zuen egun horretan atzo hil zen Neil Armstrong estatubatuarrak.
Euskal Herriko telebistetan zuzenean emititu zituzten ordu txikitan NASAk bidalitako zuri-beltzezko irudiak eta Armstrongen ahotsa. 50 urtetik gora dituzten gizon-emakumeek gogoratuko dute telebista pantailaren aurrean igarotako une hura.
Non zeunden Neil Armstrongek ilargia zapaldu zuen egunean? Idatzi iruzkina eta elkarbanatu gazteagoekin gizakia ilargira heldu zeneko oroitzapena.
Etxean ez genuen telebisiorik hamabi urteko praka moztuna nintzen garaian. Gaur desagertuta dagoen IRURETA tabernako telebisioan ikusi genuen ilargiratzea, baina, egiari zor, zuri-beltzean baino, zuri-berdean ikusi genuen guk, hain zen kaskarra telebisio txatxu haren kalitatea!
Mostradorean aitxitxa Bittor zegoen beltz bat seltzarekin hartzen, eta esan zuen:
– Teebisioko jendia beti gezurretan dabik. Nok sinestuko jok amerikanuak iretargira heldu dianik? Rusuak balira sikiera…
Gero pelotoiari ostiko bat eman eta jolasean segitu genuen, autorik gabeko kale infinito haietan.
Ez zinen zu gazteegitxoa goizaldeko 4:56etan tabernan eta pelotarekin olgetan ibilteko?