Errezeta: Hegaluzea pistoarekin
Astean zehar, Euskal Herriko portuetara hegaluzez betetako itsasontziak iristen dira. Horrez gain, gure baratzetan alberjinia, piper, tomate eta kuiatxo ederrak aurkituko ditugu, jasotzeko eta jateko prest. Zer esan nahi du horrek? Gaur bazkaltzeko hegaluzea pistoarekin prestatuko dugula! Adi errezetari:
Osagaiak (lau pertsonentzat)
Barazki pistoa egiteko:
- Tipulin bat, txiki-txiki egina
- 8 baratxuri ale, osorik, zuritu gabe
- Oliba olio birjina, 10 koilarakada
- 2 kuiatxo (kuiatxo), dadotan moztuak
- 2 pipermorro gorri, dadotan moztuak
- 2 piper berde, dadotan moztuak
- 2 alberjinia zuritu gabe, garbiak, dadotan moztuak
- 3 tomate fresko, azala kenduta, dadotan.
- Perrexil fresko pixka bat, ez oso txiki egina
- Gatza eta azukre pixar bat
Hegaluzea prestatzeko:
- 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
- 4 baratxuri ale
- 3 koilarakada oliba olio
- Ximiko bat irin
- Xorta bat ardo zuri
Egiteko era
Lehenengo, pistoa prestatuko dugu. Su eztian jarri kazola zabal batean, 3 koilarakada oliba oliorekin batera, tipulina eta gatz pixka bat. Baratxuri aleak gehitu, zuritu gabe, eta su eztian frijitu daitezela 15 minutuz.
Zartagin batean, su ez oso bizian, 3 koilarakada olio jarrita, piper gorria eta berdea salteatu, 5 minutuz-edo. Gatz eman eta, ongi xukatuta, tipulina dugun kazolara bota.
Beste 3 koilarakada olio jarrita, zartagin berean alberjinia eta kuiatxoa salteatu, su ez oso bizian, beste 5 minutuz. Gatz eman, xukatu eta lehendik prestatutakoari erantsi.
Bi tomateak zartaginetik pasatu, minutu batez, koilarakada bat oliba oliotan. Gazitu, azukre pixka bat gehitu eta gainerako barazkiak dauden kazolan bildu dena.
Su motelean berotu kazola eta perrexila bota. Sutan utziko dugu orain beste 15 minutuan. Baratxuri ale osoak erretiratu barazkien artetik arrantzan bezala. Dasta ezazu gatzik behar ote duen jakiteko. Gorde eta hegaluzea prestatzen hasiko gara jarraian.
Olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan pasa eta gero. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten.
Pisto beroan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin, xorta bat ardo zuri isuri bitartean. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.
On egin!