Pedal bati eraginez funtzionatzen duen 40 dolarreko garbigailua

Giradora

Arropa zikintzen dugunean, garbigailuan sartu, martxan jarri eta gero zintzilikatu besterik ez dugu egin behar. Lan erraza da, egia esan, gogorrena makina batek egiten baitu. Baina munduan badira garbigailu bat erosteko baliabiderik edo nahikoa elektrizitaterik ez duten hainbat familia. Perun, adibidez.

Arropak eskuz garbitzea oso lan nekeza da eta osasunean hainbat kalte sortzen ditu: bizkarreko eta eskumuturretako mina, edota biriketako gaitzak, besteak beste. Peruko Carro Verde herrian, egunean sei ordu eskaintzen diote  arropen garbiketari, 3-5 aldiz astean. Peruko zonalde pobreenetako batzuk bisitatu ostean, Estatu Batuetako bi ikaslek garbigailu berezi bat diseinatu dute, bertako pertsonen lana arintzeko helburuz.

GiraDora izena du garbigailuak, 40 dolar inguru balio du, eta etxeetan dugun garbigailuen oso antzekoa da, baina pedal baten bidez funtzionatzen du, elektrizitaterik kontsumitu gabe.  Gainera, arropa lehortzen laguntzen du.

Guatemalako San Adres Itzapa herrian, bizikleta zaharrak etxetresna elektrikoen energia iturri natural bihurtzen dituzte eta makinak elektrizitaterik edo erregairik gabe funtzionarazteko gai egiten dituzte.