Googleren begiradapean

Internet eta teknologia berriek George Orwllen Anaia Handia inoiz baino errealago egin dute. Batetik, geure smarphonean sare sozialetara konektatuta ditugun aplikazioen bidez eta bestetik, nonahiko Google ahalguztidunaren bidez.

Nahiz eta gehienetan ohartzen ez garen, Googlek guri buruz informazio mordoa jasotzen du bere zerbitzuen bidez: bilaketak, bisitatzen ditugun webguneak, Android smartphoneak, Gmail… Eta geuk baimena ematen diogu, bere produktuak erabili nahi baititugu, “moloiak” direlako: bilatzailea, momentuko onena; Gmail posta elektroniko zerbitzua, sinplea baina ikaragarri aurreratu; Chrome nabigatzaile bizkor eta eraginkorra, smartphoneentzako Android sistema eragile eraginkorra… Ezin uka dezakegu, Google “lahostia” da gauzak txukun eta ondo egiten dakielako eta gure bizitzak asko erraztu dituelako (edo konplikatu, neurria nola artzen dugunaren arabera).

Beraz, Google gure eguneroko bizitzan barruraino sartu zaigu eta hortik ateratako informazio piloari erabilera berri bat eman dio: Google Now zerbitzuak informazioa zure eskura jartzen du zuk behar duzun momentuan eta zuk eskatu baino lehenago. Gure posta elektronikoa, kontaktuak, mezuak, kokapena, erosketa ohiturak, musika aukeraketa eta abarretako datuak jasoz, gure beharren araberako informazio “txartelak” osatu eta geure eskura jartzen ditu. Momentuz, Google Now Android 4.1 Jelly Bean sistema eragilean dago aukeran.

Googlek non bizi zaren daki, baita non lan egiten duzun ere, eta geokokapenaren bidez, lanera edo etxera joateko bide azkarrenak proposatuko dizkizu, unean uneko trafiko dentsitatea kontuan hartuz.

Zure agendan Berlinera bidaia planeatuta baduzu abuztuaren 8rako, Googlek bertako eguraldiaren informazioa eskainiko dizu. Eta hirian barrena zabiltzala, inguruko taberna, jatetxe edo toki interesgarrien informazioa emango dizu, zure gustuekin bat egiten dutenak. Horretarako, zure bilaketa eta web nabigazio historiatik bildutako informazioa erabiliko du Googlek.

Zerbitzu ikaragarri lagungarria izan daiteke lehen begiratuan, baina pentsatzen eta hausnartzen jarrita, baita beldurgarria ere. Gogoratu George Orwellen 1984 eleberriko pantaila kontrolatzaileak, Anaia Handiaren zerbitzura, herritar ororen mugimendu guztiak kontrolatzen zituztenak.

Googlek guri buruz familiak, lagunek edo bikotekideak baino gehiago dakiela esan dezakegu? Norberak erantzun diezaiola galderari. Niri, behintzat, beldurtu egiten nau Googleren informazio bilketak nora eraman gaituen.

Eta zer iruditzen zaizu zuri? Beldurgarria? Ala zerbitzu lagungarria? Ala biak aldi berean?

UDAZKEN KOLOREAK

Zer duzu buruan “Googleren begiradapean”-ri buruz