Euskal Herriko Trending Topic zerrenda


(Sinadura bilketa abian da. Hemen azalpen artikulu laburra eta EHTTari babesa emateko hemen


Lortu dugu. Azkenean Twitterreko interfazea euskaraz daukagu. Berri ona da, euskararen presentzia zabaltzen baitu eremu teknologikoan ere. Twitter euskaratzea Lander Arbelaitzek sustatuta eta hamaika lagunek itzulpena eginda erdietsi den erronka da. Lorpenaren tamaina gutxietsi gabe, euskara eta teknologiaren arteko harremanaren arreta guneari berriz lotu zitzaion Arbelaitz “Eta orain zer?” artikulua publikatu zuenean. Albistearen harira, hamar gogoeta plazaratu zituen. Lehenbizikoak zera dio:

“Edozein tresna edo menu euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da tresna horren erabiltzaileak euskaraz aritzea bertan”.


2012ko abuztuan ia 15.000 erabiltzaile ari dira euskaraz Twitterren,
umap-en arabera. 2011ko otsailean, Arbelaitzek “Hasi da kanpaina: Twitter euskaraz” publikatu zuenean, 1.700 lagun eskas ziren. Erabiltzaile kopurua zabaltzen doa. Erritmo arinean igo ote den beste auzi bat da.

Halere, kataluniarrek ez bezala, ez dugu mapan kolore propiorik. Horregatik, erabileratik haratago, euskarari hauspoa emateko saioak egiten ari dira erabiltzaileak. Adibidez, mila euskal intelektual Twitterrera ekartzea jarri du helburu Luistxo Fernandezek. 140 karakteretan zer edo zer kontatzeko duten euskaldun gehiago xaxatu bitartean, Twitterreko jabeek badute eskuetan sareko euskal komunitatea indartzeko tresna indartsu bat.


Euskal Herriko Trending Topic 

Trending Topic (TT) edo modako gaiak denbora tarte batean Twitterren gehien errepikatzen ari diren hitz edo esaldiak dira; bolo-bolo dabilena. Horren arabera, Twitterrek hamar hitz edo esaldiko zerrenda sortzen du. Sarritan traola sinboloa (#) izan ohi dute hitz gako horiek. Zerrenda horiek erabiltzaile guztien Twitterren azalean agertzen dira.

Modako gaiak aldagai geografikoen arabera sailkatzen dira. Mundu mailako trending topic-ak existitzen dira. Baina, horrez gain, 34 estatuk haien TT propioak  dituzte, baita zenbait hirik ere (Frantzian: Lyon, Marseila eta Paris. Espainian: Bartzelona eta Madril). Hau da, Twitterrek erabiltzaileen kokapenaren datuak arakatzen ditu, eskualdean gehien idazten ari direnak bildu eta ikusgai jartzen ditu TT zerrendetan.

Twitterren laguntza zentroan azaltzen denez, tokian-tokiko TT gehiago ez badaude nahikoa txio bidaltzen ez direlako da:

If you don’t see your preferred country or city, it means we’re not receiving enough Tweets from that geographical area to create a list”.

Hala eta guztiz ere, azalpen hau ez da osoa. Adibide bat: Dublinek milioi erdi biztanlerekin badu tokian tokiko TT, Valentziak 800.000 ditu baina ez du modako joerarik. Gaian aditua izan gabe, ez dut uste zerrenda lokalak egitea hesi teknologiko gurutzaezina denik. (TT zerrenden funtzionamenduaz)

Euskal Herriak ez du Twitterren TT propiorik. Populazio gehien duen hiriak ere, Bilbok, ez du tokian-tokiko modako gai bilketarik. Euskal Herrian bogan dauden gaiak euskal erabiltzaileen sarean mugitzen dira. Aldiz, TT sailkapena lortzerako orduan, Espainiako eta Frantziako eztabaidagaietan disolbatzen dira Euskal Herriko joerak. Horregatik, albistea izan ohi da “euskal gai bat” TT izatea. Horren kasuak izan dira, azkena, Sortu. Aurretik #CineVasco edo #euskalporn, beste batzuen artean. Mundu mailan ere izan dira Euskal Herritik abiatutako trending topic-ak, #freeBateragune5 kasu.

Hauek bezalako unean-uneko kasuetatik haratago, erabiltzaile askorengana eta sarri heltzeko, TT zerrenda propioa tresna bikaina da. Alde batetik, iritzi eta gaien esparru ikusgarriago bat izateko, eta, bestetik, hedabide tradizionalen agenda baldintzatzeko.

Agenda Setting. Zerk kezkatzen zaitu?

Max McCombs eta Donald Shaw ikerlariek sortu zuten Agenda Setting teoria 1968an. Funtsean zera dio: “Komunikabideek erabakitzen dute zein gaiei buruz hitz egin. Ondorioz, gai horiekiko ardura indartuko da gizartean”. Teoria horrek masa hedabideen eredua hartzen du paradigma gisa. Iritzi publikoa iritzi publikatuaren luzapen gisa ikusten du. Twitterrek hil du Agenda Setting, eta albisteen ekoizpen prozesuan mokoa sartu du.

Teknologia berriei esker sortutako komunikazio sareekin gero eta errazagoa da hedabide masiboen hizketagaietatik ihes egitea, baita horiek kritikatzea ere. Informazio elkartruke askea arindu da: sarean zabaltzen da, ez beti norabide bakarrean. Hein batean, iritzi publikatuaren “egia” zalantzan jartzeko balio du, komunikabideen asmoak biluztuz eta haien interesen aurka eginez. Futboleko Espainiako Kopan RTVEk ereserkiarekin egindako trikimailuak adibidez, kontrako emaitza lortu zuen.

Hedabideetan Twitterren agerpenak biderkatu egin dira. 2008 urtean trending topic-ari buruzko aipamenik ez zen agertu Espainiako prentsan, 2009 urtean 20 aldiz, 2010ean 195 eta 2011ko lehen lau hilabeteetan 467.

Jose Luis Orihuela, Nafarroako Unibertsitatean Informazio Zientzietan doktoreak, Agenda Setting eratzeko moduan aldaketa  iragarri zuen: Twitterreko modako joerak Agenda Setting berria dira. Orihuelaren arabera, hedabideen gaien agendetan eragiteko aukera dute orain herritarrek:

“Ahora, la gente tiene la capacidad de influir en los medios en un doble sentido: por una parte, valorando los contenidos mediáticos y contribuyendo a su viralización, y por otra parte, abriendo el repertorio de temas e incluso descubriendo noticias de último momento.”

Zertarako Euskal Herriko TT?

  • Iritzi eta gaien elkartrukeen euskal esparrua sarean.

Azken orduko albisteak aurkitzeko orduan Twitter tresna eraginkorra da. Pertsona egokiak jarraituz gero, ez dituzu interesatzen zaizkizun albisteak galduko. Horrez gain, zure Twitterra eztabaida eta iritzien plaza da, iritzi publikoaren lagin bat, familia, lagunak eta lankideak diren bezala.

Euskal herritarren modako joerek  komunitateari presentzia handiago emango dio. TT-ek erabiltzaileak erakarri eta bildu egiten dituzte; gori-gorian dauden gaien mezuen olatua indartzen du zabaltze biralaren bidez. Zerrendak bakoitzak Twitterren duen tributik haratago joateko aukera dakar. Munduko edo Espainia mailako TT-ekin batera, edo horiek gabe, Euskal Herriko TT zerrendak hurbileko pertsonen iritziak jasoko ditu, komunitatea indartuko du. Euskal Herriko iritzi publiko anitza eta aberatsa ikusgarri ere egin daiteke. Joerak lirateke, bestalde, euskaldunen eta erdaldunen bateralekua ere bai. Espainiako #GraciasSara bezalako fenomeno polemikoak geurean ere gertatuko dira, baita gai informatiboei buruzkoak ere, eta kanpaina nahiz anti-kanpaina sozialak, politikoak, kulturalak….

Wolverhamptoneko unibertsitateko bi ikerlarik osatutako Trending Twitter Topics in English: An International Comparison txostenak dio Twitterreko gaien %80 eduki pertsonalekoak direla. Haatik, TT zerrendetan nagusitasuna dute eduki informatiboek:

“(…)existing research has shown that despite the typically quite personal content of
tweets, trends in Twitter tend to be related to the news.”

Hizkuntza ikuspegitik, egoera soziolinguistikoa kontuan izanda, oso posiblea da erdarak euskarak baino leku handiagoa izatea Euskal Herriko balizko TT batean. Baliteke, era berean, Espainiako joerak sarri Euskal Herrikoak ere bilakatzea. Egoera hegemoniko horri, ordea, alde baikorra ateratzea posible da. Erdaldunen aurrean euskarazko komunitatearen prestigioan eta hedapenean lagun dezake. Euskal Herriko gaiei buruz euskaraz idazteko hautua bultzatzeko tresna bat da. Gai horri lotuta, bitxia da Naiz.info webguneko erdal edukietan euskarazko iruzkinak irakurtzea. Joera hori elikatu daiteke. Euskaldunentzako aukera interesgarria da esparru teknologikoan bada ere erdaldunen artean ikusgarri izatea. Halere, ezin da ahaztu garrantzitsuena: Twitterrek euskaldunen sareko komunitatea sustatzeko duen ahalmena.

  • Hedabide tradizionalen agenda baldintzatu.

Epe motzean bada ere, hedabideek informazio iturri gisa erabiltzen segiko dute Twitter. Euskal Herriko TT zerrenda sarean jakin mina sortzen duten gaiak ikustarazteko tresna eraginkorra da. Atzerriko iritzi eta informazioekiko menpekotasuna ahuldu eta euskal herritarren informazio esparrua biltzen eta ikustarazten lagundu dezake TT zerrendak. Kazetariek prentsa oharretatik haratago sortu diren erreakzioak ikusteko erabiltzen dute Twitter. Abantaila gehiago: euskal hedabideek eduki gehiago haizatuko lituzkete, batzuk TT bihurtuz.

Twitterrek ere balio du Euskal Herrian iritzi publikoaren eta publikatuaren artean dagoen desoreka ziztatzeko. Efe edo Europapress agentziak bezala, Twitter ere informazio jario etengabea da. Eztabaidagaiak eta iritziak ez dira hedabideen erabakia bakarrik. Twitterrek ohiko web-iruzkinen aldean eragin nabarmenagoa du, sarean funtzionatzen duelako. Egitura horrek eman dio Twitterri hedabideen erreferentzia izateko indarra, eztabaida eta iritzi trukeen foroa izatea. Erabaki politikoren bat aldatzeko gai izan dela ere zabaldu du El Pais egunkariak:

Espainiako SINDE Legearen onarpena bertan behera utzi zuen gobernuak Twitterreko zalapartaren eraginari beldurrez, El Pais egunkariak jaso zuenez.

“El escandaloso frenazo a la Ley Sinde en el último Consejo de Ministros socialista, para pasar la patata caliente al Gobierno del PP, fue una decisión de gran calado y ribetes escandalosos. La razón confesa de esta omisión fue la de evitar la propagación de un incendio en las redes sociales, alzado con su ira virtual irradiada contra la supuesta censura en la Red”.

Albisteak sortzeko modua ere aldatu du Twitterrek, izan ere, interneterako ere pentsatzen dituzte. Pentsatu zer litzatekeen #bisitaria , #beranduegi edo, zergatik ez, #BerriaPendrive Euskal Herri mailan TT izatea.

Komunikabideetako profesional asko mugitzen da txioka. Argia, Berria, EITB, El Correo, Gara, Deia, SER… guztiek dituzte kazetariak twitterren, gero eta gehiago. Begiak jarrita daude Twitterren. Euskal herritarrak talde gisa Twitterren ikustaraztea, horra helburua.

Agenda baldintzatzeko zilegitasuna dute trending topic-ek? Kazetaritza ikuspegitik eztabaidatu daiteke horretaz, editoreen paperaz. Twitterreko informazioa nola kudeatu aztertzeko denbora izan aurretik olatuak irentsi ditu komunikabideak. Errealitatea da Twitterreko gaiak komunikabideetan daudela, gero eta gehiago. Euskal Herri mailan agenda mediatikoa baldintzatzeko aukerari hegoak eman diezazkioke euskal TT batek.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Euskal Herriko Trending Topic zerrenda”-ri buruz

  • Ortzi Murua Berra 2012-08-08 11:13

    Oso interesgarria, urrats polita izan daiteke. Orduan zer txio jakin batzuentzat #EuskalTT, #EHTT edo halakoak erabili behar genituzke lehen pauso gisa?
    Eta bestalde trending topic euskaratu beharra dago, nik txorrotxio esango nuke baina ez dakit beste ideiarik baden…

  • Iñakito Garay 2012-08-08 11:24

    Zeuk bezala neuk, hizkuntzalari bat bizi dut barnean, noizean behin bistaratzen dudana. Barkatu atrebentzia.
    TrendingTopic terminoak “gairik erabiliena” esan nahi du, edo halako zerbait, baina agian, ikusgarriagoa den zerbait asmatu beharko genuke euskaraz. Jolas moduan hemen doaz batzuk:
    – Gai solastuena (GS)
    – Olatuko gaia (OG, Olatuko solasa (OS)
    – Txanpako gaia (TG), Txanpako solasa (TG)
    – Gairik erabiliena (GE), Solasik erabiliena (SE…

    Zein erabiliko zenuke zeuk?

  • Ortzi Murua Berra 2012-08-08 11:57

    Nik txorrotxio TT laburduraz erabili daitekelako eta esaldietan sartu daitekeelako obesten dut, gainera txorien munduko hitz bat da. Beste baten bila hastea (hala galdetu badut ere zaila egiten zait) eta beharbada eztabaidarako twitterren itzultzaile foroa egokiago izango zen. Denak izan litezke egokiak baina batek ere enau bereziki tiratzen.

  • Lander Arretxea 2012-08-08 16:49

    Oso artikulu intreresgarria, eta are interesgarriagoa EuskalTT baten lorpena. Horretarako bidea (twitteren euskararen erabilpena eta erabiltzaile kopurua hazteaz gain) zein da? Kanpaina bat sortu behar litzateke Twitter euskaratzeko egin den moduan?