Mikel Larratxe (Mutürbeltz): “Isuritako odola garaikur bihurtu nahi dugu”
Mikel Larratxe hemezortzi urte zituela hasi zen Bidasoa inguruan ernatutako piztiari, Amebari, ahotsa jartzen. SextySexers izen aldaketarekin gailendu zen, eta orain, berriz, Iñigo Agirrebalzategi (TheHotDogs!), Aitor Castillo (Plan B, Boogie Van) eta Eñaut Balentziagarekin (Kabul, Zura) batera gogor ari da Mutürbeltzen, “orain arte ibilitakoari gorazarre” egin eta bide berriak loratzen.
Noiz eta nola jaio zen muturbeltza?
2010aren hondarrean Iñigo –gitarra– jarri zen nirekin kontaktuan, TheHotDogs! taldea bertan behera utzi berria zuen eta bazituen etxean landutako zenbait kanta. SextySexersekook orduantxe bukatu genuen ‘HeroMantra’ bira eta atsedenaldi bat hartzea erabaki genuenez, deitu egin zidan elkarrekin zerbait martxan jartzeko. Ondoren, lehenik Eñaut –bateria– eta jarraian Aitor –baxua– batu ziren proiektura, eta segituan hartu genuen martxa egokia.
Zergatik ‘Amildegia maite’?
‘Egiak’ kantan amildegiak sorrarazten digun liluraz hitz egiten dugu, ideia horrek diskoa ongi deskribatzen du. Alde batetik musikarekin dugun harremana islatzen du, aldarri modukoa da, sutsua, pasionala… gauero-gauero muturreraino eramaten duguna. Beti bilatzen dugu puntu hori, hor baitago emozio eztandarik handiena. Bigarren irakurketa ere badu, musikara mugatzen ez dena. Bizi ohituretaz ari gara, maite dugun horrek akatzen gaituen itsu puntu horretaz, alegia.
?Eta zergatik Mutürbeltz?
Eskarmentua dugulako. Maite dugun horregatik makina bat izerdi eta odol botata dugulako. Oso gogoan dugu nork bere aldetik orain arte jorratutako bidea eta horri gorazarre egin nahi diogu, isuritako odola garbitu ordez, garaikur bihurtzeko. Rock-and-roll izaeradun izena nahi genuen, iluna eta ankerra, eta era berean, pertsonalki, SextySexersen kanta baten izena izateak ilusioa egiten dit.
Rock-and-roll klasikoa lauen erraietan dago, zalantzarik gabe, baina Euskal Herrian izaera desberdineko taldeetan hazi da bakoitza. Nola egokitu daitezke ezaugarri horiek guztiak talde bakarrean?
Gure kasuan funtsezkoa da Iñigoren figura, bera baita konposatzaile nagusia eta berak jartzen du gidalerroa. Besteok jarraitu egiten dugu. Dudarik gabe, besteon izaerak asko baldintzatzen du kanta, baina norabidea ezarrita dagoenez, nortasun propioa du. Nortasun handi eta desberdineko musikariek osatzen dutenean taldea, derrigorrezkoa da norabide garbi bat finkatzea.
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en