Twitter erabiltzen duzu?
Euskarazko Twitter erabiltzeko aukera izango dugu aurki, jakin berri dugun bezala. Txioka euskaraz egin ez ezik, baita interfazea euskaraz izan ere. Lander Arbelaitz garaipen txiki onen merezimendu gehien duenetakoa da, hark hasi baitzuen, kataluniarrei segika, euskarazko Twitter eskatzeko bidea.
Orain, behin lorpena gauzatzear denean, Twitter euskaraz izango dugu. Eta orain zer? artikulua idatzi berri du;10 hausnarketa egiten ditu. Luistxo Fernandezek bere blogean zabaldu duen ildoa berresten du Arbelaitzek, alegia, garrantzisuena zera dela: Twitterren euskaraz aritzea.
Horrez gain, bereziki interesgarria da lorpenaren arrakastari buruzko hausnarketa hau:
“Ez digute sarea ireki “hizkuntza minorizatuaren” diskurtsoa erabili dugulako, ez gure hizkuntza salbatzeagatik ere; beraientzat merkatua gara, interesa erakutsi dugu eta erabiltzaile deseroso bihur gintezkeelako egin dute.”
Indigenous Tweets web orriak euskara hizkuntza gutxituen artean bigarren postuan kokatzen du, Haitiko Kreoleraren atzetik (8-14 milioi hiztun). Gure hizkuntzaren itzalean daude, esaterako, gaelikoa eta frisiera. Hizkuntza gutxituen zerrenda horretatik alde egitea litzateke euskararentzat lorpen onena. Bitartean, Twitter euskaraz darabiltenen sarea ehuntzea da erronka, kualitatiboki eta kuantitatiboki euskararen presentzia areagotzea.
Hartara, zuzeulariei galdera zuzena: Twitter erabiltzen duzu? Erantzuna ezezkoa bada ZuZeutik izena ematera animatzen zaitugu, zeuk ere kontatzeko duzuna euskaraz txioka hedatu dezazun. Ikusiko duzu nola berehala aurkitzen duzun erakartzen zaituen zerbait… eta zeu ere erakargarria izan zaitezkeela somatuko duzu.