Joseba Azkarraga eta ETAkideei emaniko balirazko dirulaguntzak
El Mundo kazeta (leku askotan, doanekoa), maiatzaren 25eko alea eta 10. orrialdea. Ale horretako informazio baten mamia iruzkindu nahi dut oraingo honetan kazetarien lan zikina erakutsi nahirik.
Ez diot El Mundo kazetaren berriemaileari errua bota nahi, zeren kazetaritza lanbidea barrutik ezagutzen dugunok ongisko baitakigu berriemaile xumeek idatzitako albisteak nola aldatzen dituzten gatekeeperrek, hots, enpresaren joera ideologikoa finkatzen duten berriemaileek. Baina lotsa sentitu dut gaur EHUko Letren Fakultatean egon naizenean eta El Mundo doaneko kazeta hartuta irakurri dudanean “Idoia Mendiak 1,2 milioi gastatu beharko dituela Joseba Azkarragak eragindako dirulaguntzetan”. Barruan, “ETAko presoei luzatutako dirulaguntzak….” aipatzen da, presoen familiak kriminalizatu nahian. Artikulu osoa oka egiteko modukoa da. Kazetaritza zikina da hori. Lotsagabekeriak dira El Mundo-k argitaratu dituen informazioak, gai honi dagozkionak. Eta berdin segiko du baldin eta lanbide honetako irakasleok salatzen ez badugu. Zorionak Joseba Azkarraga sailburu ohiari egindako lanagatik, benetan Justiziaren alde egin duelakotz. El Mundo-koek, antza, ez dute oraindik nahikorik 11-M epaiketarekin… Herritarrak nahastu nahian dabiltza gaur eta bihar ere, beti lez eta erlijio zehatz baten ideologia atzean dutelarik. Egunkari horretako gatekeeperrei hasi beharko esaten haiek ere ETAkideak direla Jon Juaristi bezalako ETAkideei ahotsa ematen dietelako. Ziur horrek min handia egiten diela. Joseba Azkarragak hartu ahal izan duen minaren parekoa apika.
Ba, barka, baina zure artikulu honek ez dit ezer argitu.
Beste azalpen zehatzagorik gabe, “ETAko presoei luzatutako dirulaguntzak…” esaldiak presoen familiak kriminalizatzen dituenik ez da ulertzen.
Ez duzu azaltzen zergatik den oka egiteko modukoa artikulu osoa. Ezta zergatik den kazetaritza zikina hori. Ezta zergatik diren lotsagabekeriak El Mundo-k argitaratutakoak.
Ez dut kazeta hori irakurtzen eta, beraz, kritikatzen duzun artikulu hori ez dut irakurri. Interneten topatzerik bada, bertara jotzeko eta guk geuk epaitu ahal izateko lotura bat asko eskertuko genuke.
Horiek horrela, artikuluaren xehetasunik eman gabe eta bera irakurri ahal izateko estekarik jarri gabe, zure iritzi hau oso motz gelditzen da. Edo, beste mpodu batean esanda, iritzi huts, propaganda, kritikatzen dituzun gatekeeperen parekoa.