Facebook erabiltzaileek ere ordaintzeko aukera izango dute edukiak nabarmentzeko
Dagoeneko konturatuko zinen bezala, Facebookek ez dizkizu zure lagun guztien eguneraketak erakusten. Izan ere, sare sozialaren algoritmoa ez dago horretarako prestatuta, zure gertuko lagunenenak edo harreman gehien duzun horienak bakarrik ikusiko dituzu, eta alderantziz. Bestela esanda, zure eguneraketak (argazkien argitalpenak, estekak, egoerak….) zure lagunen %12k bakarrik ikusiko dituzte, gutxi gorabehera. Beraz, 100 lagun badituzu Facebooken, haiekin partekatu duzun esteka interesgarri hori 12k bakarrik ikusiko dute.
Hori nahiko deserosoa izan daiteke, batez partekatzen dituzun edukiak lagun guztiengana, edo gehiengana behintzat, heltzea nahi baduzu.
Baina orain, Facebookek irtenbide bat aurkitu duela dirudi: Highlight zerbitzuaren bidez eta txanpon batzuen truke, zure eguneraketak lagun guztien timelinean (denbora ardatzean, alegia) agertuko dira.
Beraz, enpresek ez ezik, erabiltzaile arruntek, pertsonek, ordaindu ahal izango dute eduki jakin batzuk jende gehiagorengana iristeko. Eguneraketak ez dira inolako modu berezian nabarmenduko, eguneraketa normal bat bezala erakutsiko dira, baina jende gehiagoren Facebooken.
Ze eduki motarengatik ordaindu lezake erabiltzaile batek? Adibidez, gai garrantzitsu bati buruzko oharren bat emateko, bere blogeko sarreraren bati bisibilitate gehiago emateko edo hain ohikoak diren Facebookeko lehiaketaren batean parte hartzen hari delako eta bere lagunen botoak behar dituelako. Eta abar.
Bi dolarreko prezioa izango du eguneraketa bakoitzak eta PayPal edo kreditu txartel bidez ordaindu daiteke. Ikusteke dago arrakastarik izango duen edo ez; momentuz, frogetan ari dira erabiltzaile gutxi batzuekin.
Eta zu zerbitzu horrengatik ordaintzeko prest egongo zinateke?