Euskal Herriko errugbi talde onena izendatuko duen kopa
Hemendik aurrera ez da gehiago zalantzarik egongo Euskal Herriko errugbi talde hoberena zein den aipatzean, Euskal Herria Kirolak Euskal Herriko I. Rugby Kopa antolatu baitu. Abuztuaren 3an jokatuko da, 20:00etan, Anoetako estadioan. Etorkizunean kopa talde gehiagori ireki nahi dien arren, aurten bi talde baizik ez dira lehiatuko, urteetako mailari erreparatuta Euskal Herriko bi talde hoberenak hain zuzen ere: Aviron Bayonnais Rugby Pro eta Biarritz Olympique Pays Basque.
Euskal Herria Kirolakeko bozeramailea den Jon Esturok horrela hitz egin du, gaur Miramar Jauregian emandako aurkezpen prentsaurrekoan. Berekin izan ditu, Biarritzeko Pierre Bousquier zuzendari admnistratiboa, Imanol Harinordoqui, Arnaud Heguy eta Dimitri Yachvili jokalariak, eta Baionako Philippe Rugieri taldeko presidenteordea, Manu Merin taldeko administratzailea eta Aretz Iguiniz, Jeanjo Marmouiet eta Marc Baget jokalariak. Euskal Federazioaren elkarlanean adierazle, berriz, bertan egon da Joxemi Galdos zuzendari teknikoa.
Esturok Euskal Herri Kirola zer den gogoratuz hasi du prentsaurrekoa, “Euskal Herri Kirola, Euskal Herriko kirolariok sortutako elkartea da, kirolarien bilgunea, Euskal Herria kulturala eta Euskal Herria kirolaria oinarri hartzen duena”. Haren logoak ere hori adierazten duela nabarmendu du, “ideologietatik haratago, kolore guztietako Euskal Herria” kontutan hartzen dituena, ligak, kopak eta txapelketak antolatzean.
Ekimen horrekin Euskal Herria Kirolak errugbia ezagutarazi nahi du, baita haren jarduera sustatu ere. “Goi mailako ikuskuzin bat eskaini nahi dugu, errugbia erakargarri bihur dadin haurrentzat, eta errugbian aritzeko ausartu daitezen”. Ildo beretik, Bidasoaren bi aldeetako taldeen arteko harremanak indartu nahi ditu. Horren harira Esturok argi utzi du, abuztuaren 3ko ekimena partidu bat baino gehiago dela, Euskal Herriko errugbiaren besta eguna izan behar duela. Hori dela eta, ahalik eta talde gehien bilduko dituen jaia prestatzen ari direla aurreratu du, besta bat non nahi duten talde guztiek haien burua ezagutarazteko aukera izango duten.
Datorren urterako kopa izan daitekeen simulazio bat ere aurkeztu du, bertan Baiona eta Biarritzez gain, Ordizia, Donibane Lohitzune, Hernani, Bera Bera, Gernika, Maule, Getxo eta Nafarroa bezalako taldeak agertzen dira. Hala ere, Esturok argi utzi nahi izan du, abuztuaren 3ko jaia eta datorren urteko kopa antolatzeko, Euskal Herria Kirolak errugbi talde guztien ekarpen eta iritziak jaso nahi dituela. “Datozen urteetarako kopa egitura osoa antolatzeko ardura hartu nahi dugu denon artean”.
Bukatzeko Euskal Herri Kirolako bozeramaileak berretsi du koparen helburua Euskal Herriko talde hoberena izendatzea dela, baina benetako garailea Euskal Herriko errugbia izan behar dela.
Sarrerak dagoeneko salgai daude www.ehkirola.org .
Ze ona !!