Karlos Zurutuza: “Kazetari batzuek beren burua bihurtzen dute protagonista”
Gerra erreportari batekin mintzatuko gara, baina hau ez da egunkari bateko nazioarteko orrialdeak betetzeko moduko elkarrizketa, kazetari ogibidea bera jopuntuan izango duen solasaldia baizik, “kritikarako motiboak ez dira falta eta”.
Erronkari bailararekin batera –bere “paradisua”–, herrialde gutxituak, desagertzear diren hizkuntzak eta jende isolatua dira Karlos Zurutuzaren (Donostia, 1971) benetako pasioa; eta kazetaritza du tresna. “Lehen leku eta gizarte hauek ezagutzeko bakarrik bidaiatzen nuen. Gerora bururatu zitzaidan ikusitakoa zabal nezakeela”. Ez daki zergatik, baina Ekialdea izan da bere betiko filia, eta handik idatzi ditu ostera errekonozimendua jaso duten lanak. Urte hasieran Argia Saria eskuratu zuen, Siriarantz abiatu baino egun batzuk lehenago. Roberto Lozanoren Los ojos de la guerra dokumentala estreinatzekotan denean elkartu gara gu berarekin.
Zer iruditu zaizu lana? ?
Hainbat gerra kazetariren bizipen eta sentipen jasotzen ditu. Gustura ikusi dut filma baina, agian, kazetarien eta medioen arteko lotura azaltzea falta zaio. Nola transmititzen dira istorio horiek? Zergatik batzuk bai, eta ez beste batzuk? Edonola, gomendatzeko moduko filma iruditzen zait, batez ere apenas jorratu den gaia delako.
Urte hasiera hartan ez zenuen lortu Sirian sartzea, baina berriz saiatu nahi duzu.?
Siriar bisa batekin sartu nahi nuen, baina ez zidaten eman. Halakoetan, komeni da A plana eta B plana edukitzea. B plana Irakera itzultzea zen eta halaxe egin nuen. Baina Siria buruan daukat oraindik. Urtebete pasatu da oldarraldia hasi zenetik eta oraindik oso informazio kontrajarria iristen zaigu alde guztietatik. Libian ez bezala, kazetariontzat han lan egitea oso zaila da, eta profesional ororentzat erronka polita da.
Izan ere, Irakek edo Afganistanek baino gehiago saltzen du orain Siriak. Zuk esana. Hain friboloa da…?
Hala da. Funtsean, honen errudunak hedabideetan eduki aukeraketa egiteaz arduratzen diren editoreak dira. Niretzat behar morala izan da Iraken edo Afganistanen azken urte hauetan gertatzen ari dena jarraitzea, eta editoreren bat prest balego hori ordaitzeko, pozarren itzuliko naiz behin eta berriz. Baina ez dago. Adibidez, ziur aski, Gara da egun Txetxenian, Sri Lankan edo Kurdistanen gertatzen ari denaren jarraipena egiten duen egunkari bakarra espainiar estatu osoan.
Gatazka ahaztuak.?
Bai, hori da, baina baten batek erabaki du ahaztu egin behar ditugula.
Ze irizpide gehiagoren arabera erabakitzen duzu noranzko hegazkina hartu??
Kazetarion artean inertziak sortzen dira; dinamika berean sartzen gara, hein batean. Dena den, iazko otsailean hamaikagarren aldiz joan nintzen Irakera eta, han nengoela, albistea Libian, Egipton… zegoen, Iraken izan ezik beste edonon. Eta ni, bitartean, izugarrizko dirutza ordaintzen, Irak oso garestia baita. Segidan Libiara joan nintzen, interesa nuelako noski, baina, baita ere, banekielako hangoa saldu ahal izango nuela. Bizi behar dut!
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en
Karlos Zurutuzak sinatutako ‘Homosexuala Iraken’ erreportajea gaztezulo.com-en