Zentral nuklearraren gainetik hegan Frantzian
Frantziako presidentea aukeratzear dela, Greenpeacek zentral nuklearren aurkako ekintza egin berri du. Astearteko buruz-buruko eztabaidaren aurretik, Bugeleko (Lyonetik hurbil) zentralean Greenpeacek ekintza baketsua burutu zuen energia sortzeko azpiegituren segurtasun falta salatzeko. Hala, parapentean hegan heldu zen lagun bat zentral nuklearraren inguruan dagoen debekatutako zeru eremura. Hori gutxi balitz, ke pote bat utzi zuten erreaktore baten gainean. Ekintza honekin zentral nuklearrek “eraso terroristen” aurrean duten ahultasuna ikustarazi nahi zuen Greenpeacek.
Frantziak 22 zentral nuklear ditu martxan. Fukushima eta gero, energia atomikoaren gaiak gero eta hauts gehiago harrotzen ditu Frantzian. Hala ere, bai Sarkozyk bai Hollandek zentral nuklearrak mantentzeko apustua egingo dutela azaldu zuten. Hollandek zentral nuklearra bakarra itxiko duela agindu du, “zaharregia delako, eta ingurune sismiko batean dagoelako”. Sarkozyk ekologistei atsegina emateko besterik ez duela zentral bat itxiko leporatu zion.