Jon Anza kasuak zalantza eragiten digu
Jon Anzaren kasua lehenagotik estekatua bagenuen ere, Oier Aranzabalek aipatu zuen sarrera batean espreski ZuZeu honetan maiatzaren 16an. Handik hona ere, desagerketaren albiste ematen zuten estekak jartzen saiatu gara, ikara sortzen baitigu zeinahi hipotesik. Horietako batean, ETAk plazaratutako agiria ere aukeran jarri genizuen. Baina bazen orduan eta bada orain zerbait oso ondo ulertzen ez duguna.
ETAren agirian, memorian txertatuta ditugun desagerketa ezagunenak aipatzen dira: Joxi, Joxean, Anuk, Ttotto, Basajaun —bostak hilik agertuak—, Pertur, Naparra eta Popo Larre —ez da deus egiaztatu haiei gertatutakoaz—. Horietako izen bakoitza berriz ikusteak, iragan denbora gogorrenak berpiztea dakar memoria apur bat daukan edonorentzat. Aurrekari latzak dira, batez ere haien familia eta kideentzat.
ETAren agirian, lotu egin nahi dira GAL eta enparauak jaun eta jabe izan ziren garai orduko haiek eta gaurkoak. Zapatero eta Sarkozyren gobernuak, gerra zikinean dabiltzala baieztatzen da: Jonen desagerpenaren atzean Frantzia eta Espainiako estoldak dauden zalantzarik ez dugu. Alliot Marie eta Rubalcaba terrorismoaren estrategak erantzun dezatela.
Espainiako Barne Ministro den Rubalcabak adierazi du asmakeria hutsa dela ETAk dioena.
Batasunako Xabi Larraldek dio: hipotesi guztien artean sinesgarriena, bahiketarena da. Baina ematen du ez daukala datu zehatzagorik komentzimendua bera baino. Jendarmeek Jon Anzaren etxea miatu dute Ahetzen, baina ez da ezer berezirik argitaratu. Beatriz Molle kazetariak ere landu du gaur albistea.
Atzo arratsaldean manifestapena izan zen Hendaian Jon Anzaren desagerketa salatzeko. Ezker Abertzaleak eratutako deialdia izan zen. Baina euskal herritarrok lerro artean irakurtzera ohituta gaude eta ezin geratu ETAk argitaratutako agiria arrarotzat edo normalean baino narratiboagoa dela pentsatzen jarri gabe:
Apirilaren 18an, desagertu zen egunean, ETAko egitura batekin hitzordua zuen Jonek Okzitaniako Tolosa hiri erdigunean. Hitzordu honetara etortzeko trena hartu zuen Baionan. Jonek soinean Erakundearentzat zen diru kopuru bat zekarren. Bere neska lagunak tren barruraino lagundu zuen. Beraz, trena hartu zuela zalantzarik gabe baieztatu daiteke. Bere neska laguna izan da Jon ikusi zuen azken konfiantzazko laguna. Jon ETArekin Tolosako erdigunean zuen hitzordura ez zen agertu. Egun berean eta biharamunean, badaezpada ezarrita zeuden hitzorduetara ez zen agertu.
Noiz ikusi da halakorik bizirik edo hilda dagoela jakin gabeko militante bati buruz?
Har ditzagun kontutan nahi ditugun hipotesi guztiak eta gehiago: Gerra zikinak bahitu du Jon Anza; istripu edo gertaera harrigarri bat izan zuen Anzak Tolosara treneko bidean; Anzak gainean duen gaitzak eragindako zerbait gertatu da, inork ez dakielarik zer eta nola; Anzak, inork ezagutzen ez duen erabaki bat hartu, eta desagertzea deliberatu du… Segi dezakegu horrela, ad infinitum, ezagutza zehatzik gabetan fikzioa egiten, baina gertatutakoak gertatu eta izanak izan, nola liteke ETAk hain azkar plazaratzea Anza bere militantea dela eta diruarekin Tolosara bilera batera zihoala argitaratzea?
Edo jakitera eman ez dituen datuak dauzka ETAk, edo beste zerbait egon daitekeela dirudi. Argitaratutako hari gehienak ezagututa, bada zer edo zer ezinegona eragiten diguna.
Artikulua irakurrita argi gelditzen zait: kontua da zuk zeuk zer ikusi nahi duzun
Hipotesiak haizatzen aritzea ez dakit onena den. Utzi dezagun fikzioa nobeletarako.
Ez gara hipotesiak haizatze aldera ari, Eñaut. Gertaera berri,harrigarri eta “narratibo” bat dago ETAren agirian eta, bai, zalantzak pizten dizkigu. Hori ere aitortu gabetan geratzea hobe?
Ados, demagun ni ere harritu naizela ETAren adierazpenarekin. Datu gehiegi ematen dituztelako, xehetasunak azpimarratzen dituztelako…
Eta ? Egin ikerketa lan sakon bat eta bota gero notizia euskal herriari. Esan hau eta hau pasa dek, ez ibili jendearen burua berotzen.Demagun ere ni harritu egin naizela asteburuan BERRIAn ikusitako argazki horiek (Joxe Arregi torturatuarenak ) ikustean. 28 urte pasa behar izan dute beraien egileak (argazkien egileak diot, besteak…) aitortzeko.Bildur hori sartu digute eta txalotzeko ekintza bat zokoan mantentzera behartua.Bildurra da ezta ?
Bildurra da bai kazetaritzan martxan dagoen autozentsurarik handiena. Zergatik ez dago ikerketa lanik desagertuetakoen inguruan ? Informazio araututik kanpoko ahotsak entzun nahi ditugu eta ez Rubalcaba eta enparauen gezurrak osorik irensten dituztenak eta ETAliteratura merkea egiten dutenak ere ez. Hau ez da Zuzeu-ri zuzendurikoa.Eguneroko matraka ematen duten beste horientzat baino
Zergaitik ez du ETAk publikoki esan zenbat diru zeraman Jon Anzak? agian datu horrek zerbait agitu lezake bai zentzu batera edo bestera. Bestalde, ikerketariek hitzegin al dute neskalagunarekin edo eta sendiarekin?
Nola liteke ETAk Jon Anza “korreo” gisa bidaltzea Tolosara dirua soinean duela, ikusmen arazoak dituenean.
Eta are gehiago: ETAk dio poliziak bazekiela jada Jon Anzak ETAkide aktiboa izaten segitzen zuela, zulo batean material informatikoa aurkitu zuelako bere hatz-markekin. Hori baldin bazekien, nola arraio bidali zuen ETAk Jon Anza Tolosara zeregin horrekin?
Anzak ikusmen arazoak dituela ez dakit nondik atera den. Hala ere betaurreko batzuekin konpondu ezin daitekeen zerbait al du ?
Bestalde ETAk fitxatu gabeko jendearekin lan egin behar badu soilik nahiko lan izango du, ezta ? Denak paperetan daude…
Anzaren ikusmen arazoen berri badaki ETAren agiria osorik irakurri duenak: “- 2009ko hastapenetik garunean garatutako minbizi batek ikusmena nabarmen galtzera eraman zuen”. Ikusmena nabarmen galdu zuen beraz, hori ez dakit zergatik aipatzen duen ETAk, eurentzat datu errelebantea den edo ez.
Gero fitxatu gabekoena diozu. ETAk honela dio: – “2009ko hastapen horretan Jonek mendi zulo batean zuen Erakundearen material informatikoa aurkitu zuen Poliziak, bere hatz markekin. Ez zuen poliziaren salaketarik jaso. Poliziak gertaera hau ezkutatu zuen baina honen ondorioz ETArekin harremana zuela ezagutu zuen”. Poliziak bazekien Antza non bizi zen, beraz oso erraza zen bera zelatatuz emaitzak lortzea. Zuk diozu fitxatutako jendea ere erabili beharra daukala ETAk. Baina poliziaren hatzmarka-aurkikuntzaren jakitun izan ezkero ez, mesedez… Tolosan zain zegoen “egitura” jaustea esan nahiko luke horrek.
Nire zalantza bakarra da… ETA horren jakitun zen apirilean, Jon Anza “korreo” gisa erabili nahi izan zuenean, edo Anza desagertuta gero jakin zuen?
Beno zure zalantza beraz zera da, “erreta”ko militante bat erabili ote duen erakundeak, barneko beste batzuen erorketa ahalbidetzeko ?
Surrealista xamarra dirudi ezta ?
Honek gogora ekarri zidak P.Aristik orain gutxi egin duen antzerki gidoia. “Josu Dukatiren proposamena” hain zuzen.
Ke ba! Ez naiz hain makiabelikoa. Nik diodana da ez duela kuadratzen. ETAk barneko batzuen erorketa ahalbideratu nahiko balu (ez dut uste inola ere) ez luke gainera horrelako detailerik emango komunikatu batean.
Nik bakarrik diot operatibitate aldetik ez dudala ulertzen:
Ez dirudi Anza pertsonarik egokiena zenik harat-honat ibiltzeko ikusmen arazo hain serioekin. Eta Urte haseran poliziak Anzaren hatz-markak deskubritu zituela noiz jakin zuen ETAk, apirilean Anza “korreo” lanetan bidali aurretik, edo ondoren?
Nork esan zien ETAkoei poliziak Anzaren zuloa aurkitu zuela, eta bere hatzmarkak… Anzak berak esan zien? (bere ardurapeko zuloa baldin ba zen, bsliteke). Eta Anza izan ez bazen, nor arraiok esan zien?
Poliziak zuloak topatzen dituenean uste dut puska batean ez dituela desmantelatzen, eta inguruetan gelditzen dela ea nor agertzen den, atxilotzeko edo jarraitzeko.
Kontuak kontu Jon bere senideengandik urruti dago. Hauek beraien ondoan nahi dute eta hori da inportanteena.Galdera asko ditugu baina erantzunak gutxi beraz gurpil zoro honi ez diot zentzu handirik bilatzen. Jonen kasuan argi printzak ikusi nahi ditugu. Lehenbailehen.
Zergatik ez dituzue gauzak behar bezala definitzen?Jon Anza-ri ez deitu: ETAko kidea, preso ohia etabar. TERRORISTA deitzeraekin nahikoa da.Pertsonak hiltzen ditu.
Hau esanda, ados nago inbestigatu beharko dela zer gertatu den berarekin.
Lehenago ere askotan entzun ditugu, jendeari gorputzean GAL idazten zietenean labanez, desagerraraziak izan direnean batzuek, Torturatuak izan direnean, gezurretan ari direla. Jarrera hori PNV-k hartu izan du beti, horrelako gertaeren aurrean ezer ez egiteko. Zalantzan jartzen duzuen guztiak (diruarekin alde egingo zuela iradoki eta horrelakoak) jarrera bera duzue. Baina zergatik ez duzue zalantzan jartzen, adibidez, Isaias Carrasco Guardia Zibilak hil zuela eta ondoren ETAren izenean agiria idatzi? Herri honetan gauzak argi daudelako. Badakigulako zer dagoen, bai alde batetik, bai bestetik, eta bai neutraltasun ustezko baten gerizpean beti ezker abertzalearen kontra jotzen duzuenen aldetik. Gaur egun, ETAk terrore gutxi zabaltzen du. EH-n dagoen benetako beldurra, politika independentista egitekoa da, tortura eta kartzelaren mehatxupean bizi baikara. Gogora etortzen zaizkit kasu asko. Martxelo Otamendi gezurretan ariko da torturatu zutela esaten duenean, noski. Portu eta Sarasola aotolesioak eragin zituzten. Ziur aski Joseba Arregi bera ere ETAkoek hil zuten, gero torturaren gezurra zabaltzeko. Lasa eta Zabala, Pertur… Badakigu bai, terrorista nor den, eta nork egiten duen itsiarena bere aurrean. Eta ez nahastu, ez naiz borroka armatuaren aldekoa.
Erabat ados urki. Beste guztia kaka esplikatu nahi izatea da. Kasu konkretu honetan gauzak garbi ez daudela dioten horiek, ikusi nahi nituzke urkik adierazitako kasu horien aurrean hain zorrotz jarduten diren.
Haseratik komentatu nuen fribolitate hutsa iruditzen zitzaidala honen gainean ezjakinean hitzegitea. Herri honetan desagerketa eta tortura kasuak emango ez balira bezela…
[…] baina Anzaren aztarnarik gabe jarraitzen dute bere lagun eta senideek. Desagertu eta gutxira eman zuen ZuZeuk kasu hark sortzen zizkion zalantzen argibidea. Gaur Garak, bide beretik, desagerpenaren inguruko […]
Ni, aspalditik, enaiz ETA-z fidatzen. Jon Anza beste biktima bat izan dela argi eta garbi daukat. Espainiako gobernuarena eta ETArena, hain zuzen. Hain “fitxatuta” bazen, hain gaixorik bazen, zergatik bidali zuten diru kopuru misteriotsu horrekin? Perturren kasua aipatu dute bainan, bere inguruko guztiek hasieratik salatu zuten beste etakide batzuk susmagarriak zirela. Gaur egungo ETA-k gure gizarteari bizkarra eman diola deritzot eta, haien erruagatik, Anzaren etxekuek inoiz ez dutela egia jakingo uste dut.