Argi zintzilikarioak
Kalean argi zintzilikarioei begira geratu naiz. Argi txikiak kaleetan eta plazetan, zuhaitzetan, etxeetako izeietan, balkoietan, dendetako erakusleihoetan. Gabonetan beharrezkoak direla esaten dute dendariek. Eta hala nahi omen dute herritar askok ere. Lehenengoen interes komertzialek esplikatzen dute eskaera. Besteen nahia, berriz, zerk mugitzen du?
Neguko solstizioaren ospakizunetan hasita gaude jada. Eguberriaren atarian. Gau luzeena da gaurkoa. Egunak laburtzen joan dira poliki-poliki eta hemendik aurrera hasiko dira luzatzen berriro. Eguberriaren izena bera ere eguzkiaren jaiotzaren ideiarekin loturik dago, eta ezagutzen ditugun kultura guztiek lurraren emankortasun garaiaren etorrera ospatzen dute. Gurean, aitzinean, eguzkia gurtzen zen, su handiak piztuz. Egun —kristautasunaren erritoekin nahastuta— hortxe ditugu jaiotza, Gabonetako kantuak eta azken urteotako Santa Claus pareta eskalatzailea bera ere. Eta horrekin denarekin batera, kolore guztietako argiak, nonahi.
Falta zaiguna lortzeko ahalmen berezia dugu gizakiok. Lortu ezin duguna beste zerbaitekin ordezkatzeko behar paregabea. Ez daukaguna desiratzeko eta irudikatzeko eta irudiaren bitartez gurera ekartzeko gaitasun aparta. Horregatik pintatzen genituen bisonteak Altxerriko paretetan. Horregatik asmatuko genuen sua eta horregatik pizten genuen gau luzeenean. Horrela izan da, gero ere, mendez mende. Handiaren atzetik joatea da gure sena, baina txikiarekin geratzen gara ia beti.
Gaur, neguko solstizio luze batean murgilduta gaude, gure herrian zein mundu zabalean. Lurraren emankortasun garaia noiz iritsiko, gaua noiz laburtzen hasiko eta eguna indarrean noiz etorriko zain. Bitartean, argi txikiak pizten ditugu, kaleak eta dendetako atariak argitzen dituzte, baina itzalpean uzten dituzte gure bihotzak.