Zein da neska, zein mutila?
Seguru asko, ezkerrekoa iruditu zaizu neska, eta eskuinekoa mutila. Geuri ere bai, baina oker gabiltza denok, aurpegi bera baita bi argazkietan. Areago, argazkia ere bat eta bakarra da.
Ezkerrekoak kontraste handiago eta eskuinekoak gutxiago, horixe da dena. Maskulinitatea eta feminitatea, azken finean, argi kontua da, edo izan daiteke, bederen.
Horixe frogatu nahian aurkeztu ditu argazkiok Richard Russell izeneko psikologoak, Harvard unibertsitatekoak, Urteko Ilusio Optiko Onena lehiaketara, eta hirugarren saria eman diote.
Bada, nik esango nuke aitortzen dena baino alde handiagoa dagoela bi irudien artean. Esaterako, ezkerreko irudiak begi-ingurua ilunduta dauka, makilatuta balego bezala, eta eskuinekoak, berriz, bekainak dagokiona baino ilunagoak ditu. Beraz, edo ez da kontraste-kontu hutsa, edo ez da manipulazio guztia azaldu testuan.
Horrek, dena dela, ez dio apurrik ere kentzen eragin didan harridurari!