Hegoaldeko huelgaren bilana
ELA eta LAB sindikatu abertzaleak dira huelga deialdiaren arduradun eta bultzatzaile nagusiak, eta biek ala abiek jo dute arrakastatsutzat goizparteko lanuztea.
Patxi Agirrezabala, ELAko komunikazio idazkariaren arabera, guztiz positiboa izan da gaurkoa, batez ere, industria arloari dagokionean, goizeko lehen orduetatik lanuztea burutu baita ehunka enpresetan.
LABeko ordezkariek adierazi dutenez ere, huelga zabala eta gehiengoarena izan da industria arloan eta administrazioan. Ez ei da batere harritzekoa, industria bereziki oso kolpatua baitu krisiak. Garraioei eta hezkuntzari buruz, ostera, jarraipena orotarikoa eta oso handia izan dela adierazi dute.
Confebaskek, (EAEko patronalaren elkartea), dio %11 edo %12k egin duela greba. Araban, zifra horietatik behera, Bizkaina hortxe-hortze eta Gipuzkoan apur bat altuago. (ADEGI, Gipuzkoako enpresarien elkartearen arabera, normaltasuna izan da nagusi enpresen %85etan).
Nafarroan, Confederación de Empresarios-etik diotenez, minimoa izan da eragina, huelga hau ez baita langileen eskubideak defendatzeko deitua izan.
Jaurlaritzatik ere adierazi da normaltasuna dela nagusi, eta ez dela gertaera nabarmenik izan.
Gauean, egun osoari buruzko zein balorazio egiten duten ikusi beharko. Nork berea, seguru asko.
(BERO-BERO saileko esteken artean dituzue argitaratu direnetatik batzuk)