Ia ez dago aitzakiarik euskaraz ez kozinatzeko
sukaldean.com webgunea martxan da. Etxean egiteko 1.000 errezeta baino gehiago biltzen ditu, baita gune bat sukaldaritza gustuko dutenen euskaldunen artean jakintza konpartitzeko ere. Euskaldunon errezetategia aberasteaz gain, euskaraz bizi ahal izateko eta euskararen erabilera sustatzeko azpiegitura izan nahi du sukaldean.com-ek.
Baina horrelakorik ezin egin, jendearen parte-hartzerik gabe ez bada. Horretarako dator gune edo blog parte-hartzailea web orriarekin batera. Norberak bere errezetak eta etxeko sekretuak idazten ahalko ditu. Etxean egindako plater kuttun horren argazkia igotzeko aukera ere izango du, eta gisa horretan, web orriaren bizitzan parte hartzeaz gain, hura aberasten joateko aukera.
Astean behin, euskarazko hitz bat ere nabarmenduko da web gunean, gogorazteko, besteak beste, euskarak baliabide guztiak dituela sukaldaritzan aritzeko erdarara lerratu behar izan gabe. Osasunaren eta hemengo produktuak erabiltzearen aldeko apustua eginez, astean behin errezeta bat proposatuko da, garaian garaikoari erreparatuz, eta prezioen dantza zertan dagoen zehaztuz.
Bi atal hauetan ere herritarren parte-hartzeak lekua izango du, ez baita eragile hoberik jakinarazteko bere etxean hitz hura nola esaten den edo bere herriko merkatuan produktu hura prezio horretan aurkitu daitekeela. Denen arteko harreman hori sustatzeko webgunea izango da oinarri nagusia, baina sare sozialak ere erabiltzen ahalko dira, Facebook, Twitter eta Berriketan oraingoz.
Lan guztiek saria merezi dutelako, web orria biziarazten eta aberasten lagunduko duenak izango du berea ateratzeko aukera, noizeanbehin sariak banatuko baitira. Hasiera honetan, haien errezeta idazten dutenen artean Sarako Olhabidea jatetxeko bi lagunentzako bazkari edo afaria zozketatuko da. Beste hainbeste egingo da igoko diren lehen 50 argazkien artean. Egileak bi lagunentzako bazkari edo afaria eskuratuko du Hernaniko Zumitza jatetxean.
Barkatu, baina, kozinatu esan beharrean sukaldatu hitza ez litzateke hobeagoa izango?? Besterik gabe, artikuluari ekarpen txiki bat egiteko asmoz, besterik ez 😉
Nik zurekin ados, baina euskaltzaindiaren arabera, kozinatu da zuzena eta sukaldatu ez da existitzen. Agian mugimendu bat sortu beharko dugu hori aldatzeko 😉
Egia esan, “kozinatu/kuzinatu” zazpi Euskal Herrietako euskaldunek ulertzen dute. Berdin gertatzen da belar hezearen kolorearen izenarekin ere: berdea. “Orlegi” ez da ezer.
Asko dira euskarara -alferrik- sartutako berba itsusiak, baina “sukaldatu” izango da ziur aski adierazgarrienetakoa, sakoneko kolonialismoaren erakusle. “Kozinatu”k kutsu hispanikoegia duelakoan, berba “puruagoaren” bat behar zen. “Sukaldean aritu/ibili, janaria prestatu” eta beste mila modu ez ziren egoki nonbait, eta alferrikako euskal itxurako berba sortu zen, azalean euskaraz eta sakonean ezin hispanoagoa: sukaldatu. Cocina-tik cocinar, lekuak aditza ekarri du gazteleraz, eta euskaraz kalko berbera egin behar: sukalde-tik “sukaldatu” (eta orduan Bizkaialdean “ezkaraztu” edo “sugetetu” esan beharko dugu?). Maileguak ez dira berez txar, baina hizkuntzen egiturak kalkatzeak beldurra ematen du, inolako autonomia eta sormen gaitasunik gabe geratu den hizkuntza ageri baitu.