Juan Mari Agirreurreta Jokin Zaitegi sariaren irabazle
Juan Mari Agirreurreta pasaitarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Luigi Anselmi, Santi Leoné eta Joseba Ossa idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamahiru lanen artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Tomas Tranströmer idazle suediarraren poesia osoa euskaratu beharko du Agirreurretak; horretarako zenbait zubi-hizkuntza erabiliko ditu, eta suedieradun zenbaiten laguntza zuzena izango du. Liburu itzulia 2012 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.
002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik hauexek izan dira sari horri esker itzuli diren liburuak:
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Iñigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
Itzultzailea: Santi Leoné
Juan Mari Agirreurreta Elosegi (Pasai Donibane, 1977) Euskal Filologian lizentziatua da eta Frantses hizkuntzako irakaslea. Victor Hugoren Kondenatu baten azken eguna itzuli du. Horrez gain, palindromoen eta amodiozko gutunen sariak irabazi izan ditu.