“Euskara, bestela ez gara” hitzaldi zikloa Zumaian
Otsailean Zumaian euskararen inguruan hausnarketa egiteko hitzaldi zikloa antolatu dugu, gure hizkuntzari hainbat ikuspuntutatik begiratzea da helburua, ahalik eta argazkirik osatuena egite aldera. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Zumaiako Alondegian, eta besteak beste Jon Sarasua, Joxe Manuel Odriozola eta Fermin Etxegoien izango dira bertan.
Otsailaren 1ean “Euskara eta estetika” Fermin Etxegoien
Esperientzia linguistikoa esperientzia estetikoa da “beste edozer” baino lehenago. Ondorioz, “Euskara estetika izango da ala ez da izango”. Motibazio estetikoa motibazio identitarioaren gainetik dago.
Otsailaren 8an “Abertzaleak eta euskara” Joxe Manuel Odriozola
Abertzaleen munduan euskararen inguruan dauden jarrera eta ikuspegiak dira eztabaidagai. Izan ere, iritzi trukea planteatzen da, abertzaleen artean euskararen garrantzia edo garrantzia eskasa euskal nazio-identitatearen mamitze lanetan. `
Otsailaren 15ean “Norabideari begiratu batzuk” Jon Sarasua
Euskal hiztun komunitatearen berreskurapen partzial baten aroa bizi izan da azken bost hamarraldiotan. Aro horri, begiratuta ikasteko asko dago hortik eta hainbat ahalegin-ildok zentzu handia izaten segitzen du. Bestetik, ordea, desafio zahar eta berri lodi xamarraren aurrean aurkitzen da hiztun komunitatea.
Otsailaren 29an “Eta Zumaian, bagara?” Mahai-ingurua
Hainbat zumaiar jarriko dira mahaiaren bueltan: Jon Maia (Idazlea, bertsolaria eta kultur eragilea), Josu Waliño (idazlea, Elhuyarreko Berrikuntza eta proiektuen zuzendaria eta Baleikeko kidea), Markel Peñalba (Bertso irakaslea, gai jartzailea, eta gazte mugimenduko kidea) eta Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterreko teknikaria eta Hizkuntza aniztasunaren ikerlaria). Aurreko hitzaldietan esandakoak eta beste ideia batzuk jaso eta Zumaiako testuingurura ekartzen saiatuko dira. Zein dira Zumaian euskara gehiago erabiltzeko gakoak? Zumaiarrak jabetzen al dira euskararen garrantziaz eta euskaldunon erantzukizunaz?
Joan ezingo dugunontzako grabatuko eta sarean jarriko emanaldiak?
Eskertzeko litzeke
Ondo izan
Bittor
Emanaldi guztiak grabatzeko asmoa dugu, bai, eta aztertuko dugu non eta nola zabal dezakegun material hori.
Ea entzule mordoxka elkartzen garen, eta eztabaida/hausnarketa eragitea eta aberastea lortzen dugun