Auto-laguntza sakonaz hitz batzuk

Auto-laguntza sakonaz hitz batzuk –

Gaur norbere buruaren gaineko terapiaz jardun nahi dut, izan txit espertotzat dugun terapeutaren laguntzarekin egin dezakegun horretaz, izan nork, bere kaxa, bere arduraz, eta, baten batzuetan, bere zuhurtzia faltaz, egin lezakeen horretaz. Kontua zera da, urtetan sartu ahala, eta kasu askotan oraindik sartu gabe ere, nork bere burua baketu beharra senti ohi duela, bere burarekin bakezkoak egin beharra-edo. Kanpoan ditugu, nonbait, gure arazo-kezka eta larriminen iturburua, halaber gure pozena. Natorren gaurko honetan baina beltzetik datozkigun horietara. Bada, hor, kanpoan, bertatik bertara baina gugandik aparte eta kanpo, problemak ditugu, mehatxuak, kezkagarriak, beldurgarriak,… eta dena delako denetarikoak, geure barne bakea gero eta gehiago inarrosten dutenak. Hor, kanpoan ditugu, atergabe erasoka, guk geuk, geure barrualdeak, horiekin zerikusirik batere ez baileukan. Sutsu eta gogor egin diezaiekegu aurre, edota ihes edo iskin egin. Alabaina, ekin eta ekin ibilita ere, esperientziaz ondo dakigu, finean eta buruan, kasik alperrikakoa dugula berez ahalegina, eta, onenean, gaurko kezkagai dugun hau lasaitzea-apaltzea lortuz gero ere, biharko handiago edota beste formaz bestalakotua etorriko zaigula berriz ere.

Eginaren eginez, eta denboraren poderioz, inoizko batean, agian, geure barrualdean ere zer eginik badagoela suma genezake. Berandu baino lehen, barrukoak bere asperdura, nekea, eta, txarrenean, bere jada ezin gehiago emanaren berri eman ohi du. Honaino!, nonbait. Honaino kanporako borroka atergabeko horrekikoan. “Ezin dut gehiago”-edo diosku barrualdeak, xuxurlaka hasiera batean, garrasi-garrasika berantiar ibiliz gero. Are geure buruarekin arduratsu eta, hortaz, goiz ibili izan garen horietan ere, are horrelakoetan ere, berandu ibiliko gara. Barrualdea beti ere beti dabilkigu berandu. Beti berandu samar ibili ohi gara geure barruarekikoan. Halaxe izaten da, tamalez. Barruak, denbora eman bai, baina barkatu ez du barkatzen. 

Egitetik egitera ibili ohi gara beti. Egitekoetara jo eta ke geure burua bete-betean emanda. Dena eginez-edo konpontzen-baretzen dela uste eta sinetsita egon ohi gara, “Kanpora begirako egitezkotasunean” bizi gara. Ume-umetandik aurrez aurre dugun errealitatea, kanpoan dugun hori, argitsu datorkigu berez, objektiboki ukigarri, haztagarri, ikusgarri, entzungarri…eta, oro har, hitzen bidez, norbere interpretazio ñabardurak ñabardura, besteekin partekatzeko moduan. Argitsu datorkigu kanpoan dugun errealitate hori. argitsu, guztiz hautemangarri. Bien bitartean, geure bizialdian luzaroan, geure barrukoak isil, ilun, absente, ez bailegon, dihardu, ondo egonda, baina egon gabe-edo. Ilun dihardu, hortaz, barrukoak, eta argitsu, distirant, aldiz, kanpokoak. 

Gorago aipatu inflexiozko une hori ailegatu artean, orduan, kanpokoaren aurrean amore emanda bezala, barrukoaren berri izango dugu etreinakoz. Barruan dugun horrek, ezein bake-ematetik guztiz urrun, are gerra gehiago ere emango digu. Dena izango da nahas-mahasa geure barruan hasiera batean. Baina behin une hori ailegaturik, desordena horrek digu hots egingo, ezin izango berorri iskin egin. Hatemandako barrualde hori desordena batean izango dugu. Ezin baina, ordenatzeari ekin hastapen horretan. Barruan dugun uholde baztergabe horrekin lehendabizikoz zintzo izanda, nahiko, nahiko eta sobera. Emozioak, beldurrak, nahikariak, txikitandiko traumak, barne konbizkzio erratuak, geure buruari kontaturiko istoriotxo faltsutuak, geure buruari egindako tranpak eta “fake”-ak aurkituko ditugu, eurekin zer egin jakin gabe…denetarik aurkitu dugu hor barruan, baina oroz gain, geure barne-barne muinean estali-estaliak izan ditugun beldur eta trauma guztiz ezezagunak, azkenaurreko kontuek beti estali dituzten azken-azken kontuak, sekulan ezagutu gabeak, pentsaezin zitzaizkigunak, baina hor, barru-barruan genituen zain-esperoan, geure beste guztia sustraituz.

Nahas-mahas hori guztia begiztatzeaz bat, hori baino ez eginez, estreinakoz argi izpiño batzuk agertuz joango zaizkigu barrualdean. Arian-arian, tranpati ez bagabiltza, eta beldurra sentitu bezain pronto kanpo aldera ihes egiten ez badugu, barne argi delako hori potolduz joango zaigu pixkana-pixkanaka. Halarik ere, oraingo honetan ere bidea ez zaigu arrosa kolorekoa izango. Ezen, barrukoa argituz joan ahala, kanpokoa ilunduz joango zaigu pixkanaka. Barrukoa txuritzen kanpokoa belztu ahala. Behin geure-geurea den barne intimitate hori ulertzen hasita, barne sintonia ezagutu berri horretatik kanpokoa antzezpen huts balitz bezala baino ez dugu sentituko. 

Alabaina, diotenez, eta Indiako jakinduriatik xehe-xehe deskribatzen duten hori baliaturik, “Manas” deriotzoten hori, gure hitzekin hizkuntza edo/eta gogoa izan daitekeena, “Rupa-z” (aitortua, baieztatua, baiari emana) eta “Arupa-z” (ez-Rupa) dago osatua. Kanpoan betidanik, tinko, firme, objektibo, eta uki-ukigarri genekusan baieztagarri den hori guztiori, orain, lehen bezala, aitortu egingo dugu, aitortu, ikusi uste dugun aldetik, baina, horrekin bat, bateratsuki, gure barnealdetik ernatu berritako jakinduria berri horretatik, “ez-a” ere datorkigu, aurrez aurre dugun horren guztiaren agertze guztiaren azpi-atzean momentuz ukatua, ezeztatua, den guztia ikusi-gabe ikustarazten diguna.

Arupa: that world of infinite harmony, sympathy and order, of unchanging truths and eternal rings

Igor Goitia

Auto-laguntza sakonaz hitz batzuk

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude