Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartela

Bilbao BBK Live 2025eko kartela –

Damiano David, Kaytranada, Sparks artistak eta Basoa eta Lasai guneetako programazioak argituta, osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartela

  • Sidonie, Heartworms, Maria Arnal eta beste asko gehitu zaizkie aurretik baieztatutako artistei, hala nola Kylie Minogue, Pulp, Raye, Bad Gyal, Nathy Peluso, Michael Kiwanuka eta Carolina Durante
  • Klub berri bat aurkeztuko da jaialdian, Gorria, eta kolektibo batek egingo ditu aurkezpenak egunero
  • Bilbao BBK Live jaialdiaren 2025eko edizioa uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da, Bilboko Kobetamendin
  • Bonuak salgai daude oraindik, eta eguneko sarrerak martxoaren 27an, ostegunean, jarriko dira salgai prezio berezian

Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartelaBilbao BBK Live jaialdia uztailaren 10ean, 11n eta 12an itzuliko da Kobetamendira, aniztasun eta dibertsitate artistikoarekin konpromiso irmoa berresten duen edizio honetan. 80 artista baino gehiago bildu dira kartelean: izen handiko musikariak, ahots berriak eta soinu berriak, eta jaialdiaren ortzi-muga zabaltzen duen line-up bat, queer ikuspegia eta ikuspegi alternatiboa aintzat hartuta. Edizio honetan, sormen-askatasuna izango da jaialdiaren ardatza, egun batean emakumezko headlinerak izango dira protagonista, eta generoz eta etiketaz gaindiko egitaraua osatu dugu. Bilbao BBK Live espazioan parte-hartzaile bakoitzak bere erritmoa aurkitzen du, mendiarekin, Bilbo hiriarekin eta musikarekin bat eginda.

OSTEGUNA, UZTAILAK 10. PULP, KAYTRANADA, MICHEAL KIWANUKA, BICEP, CA7RIEL Y PACO AMOROSO, JAPANESE BREAKFAST.

Uztailaren 10ean hasiko da dena, ostegunean, garai guztietako banda ikonikoenetako batekin: Pulp; lehen aldiz dator Bilbora taldea, jaialdiaren buru izateko. Britpoparen enblema, britainiar taldea historiaren eta abangoardiaren arteko oreka lortu duen egunean arituko da, Kobetamendiko estreinaldia edizio honetako une garrantzitsuenetako bat izanik. Azken baieztapenetako bat, Kaytranada, ere ostegunean igoko da oholtza gainera. 2024an argitaratu zuen Timeless lanarekin eta estreinatu berri duen bertsio instrumentalarekin, jaialdiaren ildo estilistikoan ohikoa ez den ñabardura bat ekartzera dator kanadar ekoizlea. House eta R&B estiloak fusionatuta, edizio honetako soinu-espektroa zabalduko du, uneko artista garrantzitsuenetako bat zergatik den erakusten digun bitartean. Eguna osatzeko, Michael Kiwanukaren folk, rock eta soul konbinazioa, autore garaikideen musikagintza birdefinitu duena, eta BICEP present CHROMA (AV DJ set), agertokia ikus-entzunezko bidaia bihurtzen duen ikuskizuna. Atlantikoaren beste aldetik, Ca7riel y Paco Amoroso bikoak Papota EP berria ekarriko digu, baita estreinatu berri den film labur bat ere, non entretenimenduaren kulturaren parodia egiten duten; horrek guztiak berretsi egiten du panorama urbanoan dagoen proiektu berritzaileenetako bat osatzen dutela. Horiekin batera arituko dira Japanese Breakfast taldekoak, indie alternatiboan egun dauden artista berezienetakoak; eta Judelineren pop garaikideak nortasuna eta sakontasuna ekarriko dizkio egunari, bere goranzko etengabeko bidean.

Artisten zerrendan sartu dira, alde batetik, Maria Arnal, bere bakarkako bide berrian, tradizioa ikuspegi poperoago batetik berrinterpretatzen; bestetik, Hinds, jaialdira bueltan datozenak; eta, azkenik, Eider, Nøgen taldeko abeslari ohia, bakarkako proiektu berriarekin. Zerrenda osatzeko, Erresuma Batutik datozen bi talde aipatuko ditugu: English Teacher eta Wunderhouse; baita Estatuko proposamenak ere: Cala Vento eta Pablopablo. Eta bertako talentuaren adierazgarri izango dira Hofe, Mirua eta Tatta & Denso.

OSTIRALA, UZTAILAK 11. RAYE, BAD GYAL, AMAIA, AMYL & THE SNIFFERS, POLO&PAN, ORBITAL, JESSICA PRATT.

Emakumeak izango dira Bilbao BBK Live 2025 jaialdiaren bigarren eguneko protagonista nagusiak, Raye eta Bad Gyal izanik kartelburu, uneko ahots indartsu eta moldakorrenetako bi. Haiekin batera, Amaiaren sentiberatasun bereziaz eta bere hirugarren album txalotuaz gozatzeko aukera izango dugu, eta Amyl & The Sniffers taldearen errukirik gabeko punk espirituak emetasunaren eguna biribilduko du jaialdian.

Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartelaElektronikaren arloan, bi biko berri gehitu zaizkio zerrendari: Polo&Pan, house tropikala soinu onirikoekin uztartzen duena, eta Orbital, jaialdian elektronikaren historian falta zen azken piezetako bat, Underworld eta The Chemical Brothersen ildoari jarraikiz. Jalen Ngondak dotorezia ekarriko dio egunari, esentzia klasikodun soul doinuekin eta generoko artista handiak gogorarazten dituen ahotsarekin; eta ezin aipatu gabe utzi Jessica Pratten leuntasuna eta sotiltasuna. Obongjayaren intentsitate biziak eta Sofie Royeren sofistikazioak askotariko ñabardurak gehituko dizkiote egunari, folk sotilarekin hasi eta erregistro esperimentalenekin bukatu. Rusowsky bere ibilbideko unerik gozoenetako bat bizitzen ari da, eta gora eta gora jarraitzen du, duela gutxi Movistar Arenan bere showa eskainiko duela iragarri ondoren eta lehen albuma bidean duela. Baiucaren unibertso hibridoa ere izango dugu egun honetan, Galiziako doinu tradizionalak elektronika abangoardistenaren bitartez berrinterpretatuta, eta Abhirek egiten duen musika urbanoaren eta elektronikoaren arteko nahasketa bereziarekin. Artisten zerrendan sartu dira, halaber, Carlos Ares, indie pop eta folk doinuak uztartzen dituen Peregrino lehen diskoarekin, eta Julieta, pop katalanaren diva berrietako bat. Eta euskal eszenari dagokionez, Sal del Coche eta Xsakara aipatu behar ditugu.

LARUNBATA, UZTAILAK 12. KYLIE MINOGUE, DAMIANO DAVID, NATHY PELUSO, CAROLINA DURANTE, THE BLESSED MADONNA, L’IMPÉRATRICE

Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartelaJaialdiaren azken eguneko protagonista nagusia Kylie Minogue pop izar handia izango da. Hiru hamarkadatik gorako karrera daraman australiar artista Tension II diskoarekin etorriko da Kobetamendira, zalantzarik gabe, poparen ospakizuna izango den zuzenekoa eskaintzera. Egun berean arituko da Nathy Peluso, uneko artista sutsuenetako bat, generoak fusionatzen bere presentzia eszeniko ikaragarriarekin. Larunbatean, Estatura bakarlari gisa lehen aldiz etorriko da Damiano David, Måneskin taldeko liderra, eta Funny Little Fears estreinako diskoa aurkeztuko digu, bere ibilbidean kapitulu berri bat markatzen duen proposamenarekin. Italiar bandaren buru izanik mundu osoko agertokiak konkistatu ostean, orain, bere nortasun artistikoa bakarka arakatzen ari da etapa berri honetan, bere energia eta magnetismoa beste maila batera eramanda.

50 urte baino gehiagoko ibilbidean, Sparks pop performatiboaren arkitektoak izan dira, genero eta konbentzioak gaindituta beren umore eta sormen paregabearekin. Artista ugariren inspirazio-iturri izan dira, besteak beste, Hidrogenesse taldearena, zeina aurrekoen homologo nazionaltzat hartzen den; katalanek 25 urte bete dituzte eszenatokien gainean, eta “Así se baila el siglo XX” ikuskizunarekin ospatzen ari dira urteurrena, xelebrekeriari, ironiari eta araurik gabeko dantzari omenaldia eginez. Herentzia musikalari keinu eginez, Hidrogenesse bikoak emango dio hasiera Sparksen kontzertuari, belaunaldien arteko topaketa horretan poparen gaurkotasuna eta transgresioa aldarrikatuta.

Jaialdiari amaiera emateko, The Blessed Madonna presents WE STILL BELIEVE izango dugu, musikatik haratago doan ikuskizuna, aniztasunaren eta benetakotasunaren ospakizuna egiteko dantza-pistan, dantzariekin, drag kulturarekin eta ikus-entzunezko elementuekin. Sofistikazioa eta soinuen esplorazioa ekarriko dizkiote egunari L’Impératrice talde frantsesak, pop eta funk fusio dotorearekin, eta Makaya McCraven jazz garaikidearen erreferenteak. Honako izen berri hauek ere gehitu behar zaizkio larunbateko zerrendari: Heartworms, egungo post-punka birdefinitzen ari den proposamen ilun eta abangoardistarekin. Alice Phoebe Lou, eta bere folk etereo eta introspektiboa, sentsibilitatez eta emozioz betetako ikuskizunarekin. Rockak indar handia hartu du edizio honetan: Carolina Durante, gaztelaniazko rockaren olatu berriaren adierazgarri, Bilbao BBK Live jaialdira dator berriro, Estatuko eszenan ezinbesteko izenetako bat den heinean. Haiekin batera, Fat Dog britainiarren punk lotsagabea eta Viva Belgradoren post-hardcore bizia, gitarrek jaialdian duten pisua areagotzeko. Sidonie ere sartu da artisten zerrendan, eta jai-giroko pop, psikodelia eta rock nahasketa berezia ekarriko digute Kobetamendira. Gainera, artista berriei dagokienez, La Buena Vida taldeko kide ohiek osatu duten Amateur, Maketa Lehiaketa irabazi duen Malko, eta askotariko ñabardurak dakartzan Janus Lester aipatuko ditugu, ikonikotasunaren eta gaurkotasunaren arteko oreka xede duen egun honetan.

BASOA. BASO ELEKTRONIKOA, ESKAPISMOAREN TENPLUA.

Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartelaKobetamendiren bihotzean txertatuta, Basoak hasierako antolamendu zirkularra izango du berriro, beti izan den hori izan dadin ostera: rave bat natura betean, elektronikak beste dimentsio bat hartzen duen babeslekua. Aurten ere, eskapismoaren tenplu bihurtuko da Basoa, soinuari, argiari eta espazioaren antolamenduari esker zentzumenen bitartez 360 graduko esperientzian murgiltzeko gonbidapena eginez. Ostegunean, dantza-pista sutan jarriko da honako hauekin: Carista, CC:DISCO!, Fafi Abdel Nour eta Pépe, eta, bukatzeko, Tiga eta Cora Novoa buruz buru arituko dira, eguneko unerik intentsoenetako bat izan daitekeen B2B batean. Ostiralean, elektronikaren lurralde hipnotikoenetan murgilduko da Basoa, Octo Octaren energia mugagabearekin, S-Candalo bikote txiletar-kolonbiarraren lotsagabekeriarekin, Verracok arakatzen dituen soinuekin, Xamana Jonesen erritmo liluragarriekin eta oraindik iragarri gabe dagoen Special Secret Guest batekin. Basoko atmosferak azken egunean joko du goia, luxuzko zerrendari esker: Avalon Emersonek emango dio amaiera jaialdiari bere soinu hedakor nahastezinarekin, eta Roman Flügelek debuta egingo du Basoa guneko rave elektroniko honetan. Haiekin batera, Pearson Sound, Jennifer Loveless eta Oma Totemen saio biziek osatuko dute azken eguna.

LASAI. MUSIKAREN ABANGOARDIA BILBOKO IKUSPEGI ONENEKIN BATERA

Intentsitatea eta erritmoa bereizgarri dituen jaialdi batean, Lasai da taupadak baretzeko gunea, presak alde batera utzi eta 100 BPM baino gutxiagoan musikaren ñabarduretan murgiltzeko diseinatutako espazioa. Jaialdiaren bizitasunaren eta erritmoa lasaitzeko beharraren arteko oreka bilatzen dutenentzat pentsatutako tokia da, soinuaren sakontasuna bere forma hipnotiko eta introspektiboenean arakatzen duten saioekin. Lehen eguneko saioan OLIVIA, ‘textapes’ aurkezten arituko da komisario-lanetan. Ostiralean, lekukoa hartuko dutenak izango dira Populous, Mattias El Mansouri, Moopie, Toni Bass eta Daniel Kelsan, beat pausatuak etengabeko bilakaeran dauden atmosferekin uztartzen diren bidaia batean. Larunbatean, Vladimir Ivkovic kultuko DJ eta soinu-kontalaria izango da kuradore Lasai gunean; oso ezaguna da eszena globalean, generoak eta itxaropenak gainditzen dituzten erritmoen bitartez kontakizun hipnotikoak josteko duen gaitasunari esker. Lasai espazioko kuradoretza-jardunean, musika presarik gabe, larritasunik gabe esperimentatzeko gune bihurtuko du eremua, arakatzea eta behaketa biltzen dituen sentsibilitatearen ildotik.

GORRIA: KLUB BERRIA ETENGABEKO MUTAZIOAN

Bilbao BBK Live jaialdian berria dugu GORRIA gaueko kluba, energia agortezinaren epizentro. Gauero, kolektibo jakin baten nortasunaren arabera egokituko da gune hori, mutazioa gertatuko da, murgiltze-esperientzia bat eskaintzeko asmoz, erritmoa arindu eta dantza-pista araurik gabeko lurralde bihur dadin. Ostegunean, Nítido kolektiboak jarriko du martxan gunea, herentzia globaleko soinu-artxiboarekin, klub eszena hankaz gora jartzen duen Manuka Honeyren kaos sentsual eta magnetikoarekin, eta Merca Bae etengabeko bilakaeran dagoen soinu urbanoaren alkimistarekin. Ostiralean, JUGO3000 kolektiboak bideratuko du GORRIA, soinuaren mugak lausotzen dituen eta dantza berrasmatzen duen proposamena eginez. Gauaren erritmoa markatuko dutenak izango dira Drummie eta bere erritmo inguratzaileen bilaketa, Kinara eta bere soinu globalen fusio eklektikoa, eta Nusar3000 etorkizuneko dantzaren profeta. Larunbatean, EN1GMA kolektiboari egokituko zaio GORRIA ixtea, gabber, hard-techno, acid eta nightcore erritmoak atmosfera queer eta askotariko batean uztartzen dituen proposamena eginda Fukcnormal, Mina Galán eta OLVIDOrekin. Babesleku berri bat mugimenduan dauden gorputzentzat, gaua zirriborratutako mihisetzat hartzen dutenentzat eta musika elektronikoan erabateko askatasuna bilatzen dutenentzat.

BILBAO BBK LIVE: MUSIKA BAINO GEHIAGO, BIZIPEN PAREGABEA

Kobetamendiko natura-ingurunean, Bilboko ikuspegi zoragarriak izanik eta hiritik 10 minutu eskasera, Bilbao BBK Live jaialdi bat baino askoz gehiago da: musikatik haratago doan esperientzia. Kontzertu bakoitzaren hasierako zirrararekin hasi eta jaialdiaren amaierako magiarekin bukatu, edizio bakoitzak arrasto ezabaezina uzten du esperientzia bizi dutenengan.

Bilbao BBK Live 2025erako bonuak salgai daude, eta apirilaren 1era arte prezio berezian egongo dira. Kuadrilla Bonua erosteko azken egunak. Sarreren salmenta martxoaren 27an hasiko da, 10:00etan, hasierako prezio berezian: 65 €.

Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileok gure esker ona adierazi nahi diogu, bereziki, Bilboko Udalari, ekitaldi hauek gauzatzeko ezinbestekoa baita, gainerako babesle eta laguntzaileekin batera.

  • Bono promo: 150€ + gastuak
  • Bono + kanpina: 180€ + gastuak
  • Bono Kuadrilla (5 bono erosteagatik, 6 jasotzen dira): 125€ + gastuak eskuragarri
  • Eguneko sarrerak: 65€ + gastuak
  • 11 urtetik beherakoentzako sarrera doan (aurrez inprimakia beteta)
  • Salmenta: bilbaobbklive.com eta Fever Up

#BilbaoBBKLive #BilbaoBBKLive2025
BILBAO BBK LIVE
2025eko uztailaren 10, 11 eta 12
Kobetamendi, Bilbao

Osatu da Bilbao BBK Live 2025eko kartela

Nola zaude?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude