Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak 30. edizio berezia
Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak 30. edizio berezia –
Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak 30. edizioa beteko du aurten. Apirilaren 5ean ospatuko da, “Eguzkixak nora, zapixak hara” lelopean. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 31ra arte daukate zabalik izena emateko epea, www.praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian. Hortxe daude ikasi beharreko 100 atsotitzak (azalpenekin batera) eta lehiaketaren oinarriak ere. Aurten, bestalde, 30. edizioa denez, egitarau berezia prestatu dute AEKko antolatzaileek.
Lehenengo edizioa (1992koa), berez, Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako bi talderen arteko lehia izan zen, mintza-praktika egiteko ekintza berezia, eta afari batekin bukatu zen. Euskaltegiko ekimen hark sekulako bilakaera izan du harrezkero. Gaur egun, Txapelketak 80-90 lehiakide inguru erakartzen ditu urtero Uribe Kostako herrira, eta egun-pasa ederra bihurtu da.
Historia
Lehenengo edizioa (1992koa), berez, Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako bi talderen arteko lehia izan zen, 60 bat atsotitz erabilita, mintza-praktika egiteko pentsatutako ekintza berezi bat. Afari batekin bukatu zen, eta kito.
Sopelako Gabi Basañez eta Algortako Josu Landeta irakasleen ideia izan zen atsotitzak eta bertsoak batzea ekimen hartan; ez alferrik, biak ala biak baitziren euskara-irakasleak eta Algortako Bertso Eskolako (ALBE) kideak.
Bizpahiru urtera, ekintza hari segida ematea erabaki zuten: Nikola AEKk hartu zuen bere gain antolakuntza, eta II. edizioak arratsalde osoa hartu zuen, artean euskaltegian bertan. Ordutik aurrera, euskara kalera ateratzeko asmoz, edonork parte hartzeko aukera zabaldu zuten, eta orduan hasi ziren partaide guztiei oroigarriak ematen.
Laster, ordea, lehiaketa bazkariarekin hasi eta egun-pasa bihurtu zen: zapatu osoko plana. Euskaltegiko ekintza moduan hasi arren, sekulako bilakaera izan du geroztik: atsotitzen zerrenda luzatu egin da (100 dira, aspalditxotik), tartean gezurrezko esaera bat sartzen hasi ziren… Urtez urte joan dira gauza berriak gehitzen, gaur egungo oinarri gehienak finkatu arte. Tartean, anekdotak ere izan dira, nola ez; adibidez, “ondoegi” prestatu eta beti irabazten zuen taldea (publiko osoak haien aurka egiten zuen, “betikoek” ez irabaztearren).
Gaur egun, batez beste, 80-90 lehiakide inguru erakartzen ditu Txapelketak, eta egun-pasa ederra bihurtu da: Sopelako kaleetan euskararen presentzia bermatzeaz gain, ALBEko bertsolarien, AEKko kideen, lehiakideen, musikarien eta epaileen artean, 100-120tik gora lagun elkartzen ditu, goizean hasi eta iluntzean amaitu arte, Artadi garagardotegiko bazkarian atseden hartuta.
Aurtengo egitaraua
Aurten beste hitzordu batzuk ere izango dira aurretik, giroa berotzen hasteko. Adibidez, martxoaren 24an inauguratuko da Esaera Zaharren Txapelketa, 30 urte izeneko erakusketa, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Apirilaren 3rako, kalejira eta kantu-poteoa antolatu dituzte, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan).
Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean hitzaldia eskainiko dute Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gaineko hitzaldia egingo du. Bi-biak izango dira Kurtzio kultur etxean.