Ahots bidezko itzulpenak egin daitezke orain Elian

Ahots bidezko itzulpenak egin daitezke orain Elian –

Ahots bidezko itzulpenak egin daitezke orain Elian

  • Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa, itzultzaile soil izatetik, entzun eta hitz egitera pasatu da.
  • Eliaren erabiltzaileek itzulpenak baloratzeko aukera izango dute.
  • Eliaren erabilera %42 igo da 2023tik 2024ra.

Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak bost urte bete ditu, eta berrikuntza garrantzitsu batekin dator: ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera. Berrikuntza honekin, Elia itzultzaile soil izatetik entzuteko eta hitz egiteko gai den tresna izatera iritsi da, Elhuyarrek garatutako punta-puntako hiru teknologia integratuta: hizketa-ezagutza (transkripzioa), itzulpen automatikoa (itzulpena) eta hizketa-sintesia (ahotsa).

Gaur-gaurkoz, Elhuyarren plataforma arrakastatsuenetako bat da Elia, etengabe berritzen ari den plataforma, eta horren adierazle da iaz TTS teknologia txertatuz itzulpenak entzuteko eskaini zuen aukerari, orain, ahots bidezko itzulpenak egiteko aukera gehitu zaiola. Berrikuntza hauekin guztiekin, euskararen garapen teknologikoarekin duen konpromisoa berretsi du Elhuyarrek, gizartearen eta eleaniztasunaren mesedetan.

Ahots bidezko itzulpenak egiteko aski da mikrofonoaren irudia duen botoia sakatzea, hitz egingo diogun hizkuntza aukeratzea eta hitz egiten hastea. Eliak emaitza testu bidez edo audio bidez emango digu guk aukeratutako hizkuntzan.

Ahots bidez itzulpenak egiteko aukera 6 hizkuntzatan erabil daiteke. Oraingoz, webgunean dago erabilgarri funtzionalitate hau; aurrerago, mugikorretako eta mahaigaineko aplikazioetan ere erabili ahal izango da.

Berrikuntza garrantzitsu honetaz gain, kalitatean ere salto handia eman du Eliak, eta horren adibidea da euskaratik frantsesera/frantsesetik euskara eta euskaratik ingelesera/ingelesetik euskarara egiten diren itzulpenak askoz hobeak direla.

Eliak erakutsi du egungo beharren mailan egoteaz gain, abangoardiako teknologiarekin lidergoan jarraitzen duen tresna dela. Horrez gain, euskararen eta beste hizkuntza batzuen kudeaketan eta sustapenean bidea markatzen jarraitzen du, teknologia hizkuntza-oztopoak gainditzeko aliatua izan daitekeela erakutsiz.

“Baloratu itzulpenak” eta Bloga

Eliak itzulpenak baloratzeko funtzionalitate berria jarri du martxan. “Baloratu itzulpenak” funtzionalitate berri honekin, erabiltzaileek aukera izango dute itzulpen bat egokia den ala ez adierazteko. Hatz lodia gora eta hatz lodia behera emotikonoak erabiliz baloratuko dute itzulpenaren kalitatea.

Erabiltzaileengan pentsatuz Eliak Bloga ireki du. Horrela, erabiltzaileek aukera izango dute plataforman bertan Eliaren funtzionalitate guztien berri izateko, eta baita egiten diren berrikuntza guztien berri ere. Esteka

Bost urte berrikuntzak egiten

Bost urte hauetan, Eliak garapen teknologiko handia izan du, eta etengabe funtzionalitate berriak eskaintzen dituen plataforma berritzaile gisa sendotu da. Urtetik urtera Eliaren erabilerak gora egiten du; azken urtean, esaterako, %42 igo da plataformaren erabilera.

Ahots bidezko itzulpenak egin daitezke orain Elian

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude