Asko gara, etorri gurekin Euskal Eskola Publikora
Asko gara, etorri gurekin Euskal Eskola Publikora –
ASKO GARA, ETORRI GUREKIN EUSKAL ESKOLA PUBLIKORA
…
Atarian dugu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, eta beren umeak lehenengo aldiz hezkuntza sisteman matrikulatu behar dituztenei, eta baita gizarte osoari ere, eskola publikoa hautatzeko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:
Eskola publikoa gure ondoan dugu, auzoan eta herrian integratua, komunitate izaera bultzatuz; gertukoa izanda jasangarria da, familiarra, eta parte hartzailea, barruko zein kanpoko ekarpenei irekia; ume guztiak hartzen ditu bere altzoan eta gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie txiki-txikitatik, ezberdinen arteko elkarbizitza egunerokoan gauzatuz, aniztasunak aberastu egiten gaituelako. Ez dago lotuta inongo sinesmenari eta doakoa da. Euskalduna da eta etxeko hizkuntza edozein dela, euskara izango dute topagune eta euskal kultura ardatz. Azkenik, kohesio sozialaren tresna ezinbestekoa dugu: herriaren eskola baita, gure eskola. Horrela adierazi genuen pasa den urtarrilaren 18an, Tolosan, eskola publikoarekin konpromisoa duten pertsona esanguratsu askoren laguntzaz.
Karrantzako haranean, Gasteizko auzoetan, Anbotoko magalean, Goierriko herrietan, Arabar Errioxako mahastien inguruan, Lodosako lurretan, kresalak zipriztindutako Donostiako auzoetan, Aiaraldeko fabriken gerizpean, Bilboko itsasadarraren ondoko ikastetxeetan, Isuntza, Arrigorri edo Malkorbe hondartzak jolasleku diren haurren eskoletan, burdinaren herrietan, Meatzaldean, Aitzorrotz magaleko Debagoienako herrietan, Camile hartza Belaguako bailaran ibilitako bideetan… Bazter miresgarri horietan guztietan (eta gehiagotan) euskal eskola publikoa dugu zain.
Baina ezin dugu ahaztu garai txarrak datozela herritarren eskubideentzat orokorrean eta, bereziki, zerbitzu publikoen etorkizunerako. Eskola publikoa, historian zehar irabazitako lorpenik handienetako bat, unibertsala eta berdintzailea den bakarra, ez da Jaurlaritzaren lehentasuna. Osasun arloan gertatzen den bezala, neurriak hartzen ari da etengabe aukera pribatuei bidea errazteko eta publikoari murrizketak ezartzeko.
Politika pribatizatzaile honek diru publikoarekin hornitzen jarraitzen du leku askotan beharrezkoak ez diren ikastetxe pribatuak, alegia, eskaintza publikoa nahikoa den lekuetan eta sare pribatuaren eskola-plazen gain eskaintza baimentzen jarraitzen du; hezkuntza-planifikazioa bi sareak, pribatua eta publikoa, maila berean baleude bezala eginez. Betiko hitz politez haratago, hori da Hezkuntza Sailaren jokamoldea.
Baina irakaskuntza pribatuari ematen zaion euro bakoitza eskola publikoari kendu egiten zaio eta horra bideratzen den diru publikoak gizartearen sailkapena eta banaketa bultzatzen du ezinbestez.
Denon lana da zerbitzu publikoak defendatzea, osasun arloan, zaintzetan eta hezkuntzan ere, zerbitzu publiko horien guztien kalitateak jendartearen ongizate maila bermatzen baitu. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, Hezkuntzan, Eskola Publikoa da denona eta denontzat den zerbitzu publikoa.
Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia datorren honetan, asko gara Euskal eskola Publikoaren aldeko hautua egiten dugunok. Gurea delako, etorri gurekin zu ere. Zoaz gertuen duzun eskola publikora, ezagutu, matrikulatu zure seme-alabak, eta parte hartu. Euskal Eskola Publikoan zure zain gaude.
…
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso
Koldo Zabala Atxa
“Gurea delako”? Zuena izango da. Eskola autonomiko espainiarra ez da gurea. “Publikoa” arrotzen menpekoa den bitartean eta euskal herritar pribilegiatu batzuena bakarrik den bitartean ez da gurea izango.
Gu ez gaituzte sistema autonomiko espainiar zatitzailean asimilatuko.