18. HUHEZINEMA: urtarrilaren 22ko kronika
Urtarrilaren 22ko kronika –
Musikaren erritmoan martxan da Huhezinema!
Arrakastatsua izan da 18. Huhezinemako lehen eguna. Gaur, urtarrilaren 22an, aurtengo Euskal Film Laburren Jaialdiak oihala igo du. Lehenengo egunean tartea egon da hitz egiteko, entzuteko, hausnartzeko, baina batez ere disfrutatu eta gozatzeko. Musika izan da eguneko protagonista nagusia.
Ondo baino hobeto hasi da eguna “Andrak Erramutan” dokumentalaren proiekzioarekin. Lanak, Ondarroako emakume talde batek 2024ko uztailean Ondarroatik Donostiara arraunean egindako joan etorria jaso du. Horrela, emakumeen kirola balioan jarriz, eta emakumeak bigarren planoan geratu ohi diren sektore batean, lehen lerrora salto eginez, “guk itsasoa hartu ahal dugu”, sinistuz. Eta sentipen guzti horiek ondo ekarri dituzte Huhezinemara. Protagonistak oholtzan izan dira haien lehen eskuko bizipenak azaltzen.
“Ikusten genuen adin batetik gorako emakumeok ez genuela itsasoan aritzeko aukerarik, eta horretara ekin genuen: Zeatxik Ez?”. “Ondarroa arrantzatik bizi izan da. Arrantzaleak gizonak ziren gehienak, baina ikusten ez den lana emakumeok egiten genuen, eta horrela da oraindik ere. Zeharkaldia aurrera ateratzeko bi orduko entrenamenduak egin genituen, astean sei egunetan”. “Umearekin joan behar izaten nintzen entrenatzera, ni patroi moduan, umeari txalekoa jarri eta aurrera”.
“Jendeak ez zuen gugan sinisten. Esaten zuten emakume izanagatik ez genuela lortuko, beste motibo barik”. “Gero herria batzen joan zitzaigun, baina pisu handiarekin kargatu dugu”. “Dudatzen genuenean esaten genuen: gu emakumeak gara, eta gai gara”. “Erronka feminista izan da eta emakume izateak batu gaitu, horrek eman digu indar berezi bat”, azaldu dute Esti Bedialauneta, Rosana Goikoetxea eta Araiz Ariztondok.
Bideoklip Sailera ere jende andana bertaratu da. Jaialdiko sailik girotuenetakoa da hau zalantzarik gabe, girotuena ez bada. Eta publikoaren erantzunak ez du hutsik egin. Guztira hamairu bideoklip iritsi dira finalera, hiru bloketan banatuta proiektatu direnak. Ikusleek tartea izan dute abesteko, dantzatzeko, irudi eta doinu harrigarriez gozatzeko, denboran atzera egiteko edo denbora bera gelditzeko. Estilo guztietako lanak izan dira oholtzan.
“Azkenean Bideoklip Sailak ikusarazi egiten ditu bideoklipak. Egia da abestia ateratzen denean, astebetez edo, bideoklipari ere garrantzia ematen zaiola, baina gero ahaztu egiten dira. Horrelako jaialdietan lekua izatea ona da guretzat, eta gainera bideoklipak batzuetan film laburren itxura har dezakete”, adierazi du Ximon Agirrek (Esku Burdin -J Martina-, Bi Miru Gu -TOC- eta Ametsen Batean -TOC- abestien bideoklipen egilea).
Bideoklip Sailaren azken proiekzioa Lemak taldearena izan da, eta bukatu ahala, Bergara-Antzuolako taldeak zuzeneko kontzertua eskaini du areto kanpoan zegoen oholtzan. Akustiko eran izan da, eta giro ederra jarri dute egunari amaiera emateko.
Bihar gehiago. Bihar Ikasle Sailaren eguna izango da, eta ikasle asko espero ditugu gurean.
www.huhezinema.eus
Instagram: @huhezinema
Facebook: Huhezinema Jaialdia
TikTok: @huhezinema