[Urpeko Bonbarda #140] Herri musiketan iaz
[Urpeko Bonbarda #140] Herri musiketan iaz –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena.
140. saioan, iazko folk diskorik bikainenetako batzuk dakartzagu.
Herri Musikak, jazza bezala, baztertu samar daudela irizten diogu Urpeko Bonbardan, pop, elektronika edo rock musika anglosaxoiarekin zein erritmo urbano latinoekin alderatuta, eta beraz, 2024ko folk diskorik bikainetako batzuk ezagutzera eman gura ditugu.
Amerikan sartu irten bat eginda, Europa eta Afrikako doinuak entzun ditugu, batez ere, saio honetan. Brasildarra da Fabiano do Nascimento gitarra jolea, eta estatubatuarra Sam Gendel saxofoi jolea; elkarrekin “The Room” ondu berri dutenak, bossa aireak dituen lana.
Portugaldarra da Lina, iaz XVI. mendeko Luis Vaz de Camoes poetaren idatzietan sakondu gura izan zuena -portugaldar letretako idazle nagusienetako bat-, eta bere olerkiak fadoetara bikain egokitzen zirela ikusi zuena -hautatu dugun “O Que Temo E Que Desejo” kantuan Rodrigo Cuevasen laguntza izan du-. Espainiar dira, beraien aldetik, Diego Amador piano jole eta kantautorea eta Jose Maria Bandera gitarrista eta Paco de Lucía zenaren iloba. Elkarrekin “Paqueando” plazaratu dute, flamenko maisua omentzen duena, bere heriotzaren 10. urtemuga bete denean. Joosse Keskitalo finlandiar lakuen lurraldetik dator Mystic Revelation of Teppo Repo taldearekin batera; “Izarrak beraien tokietara itzultzen dira” ondu berri dute, hitz onirikoekin jositakoa -Ingriako artzainen txirula jotzen zuen maisua zen Teppo Repo-.
Pascal Danaë (gitarra, dobro eta ahotsa), Rafgee (sausafoia) eta Baptiste Brondy (bateria) musikariek Degres taldea osatzen dute, “Promis le Ciel” frantziar karibean dirauen kolonialismoaren kontra abesten dutenak, malenkoniatsuki. Eta Antonis Antoniou txiprearrak gidatutako Buzz´ Ayaz egitasmoak Anatoliara garamatza, mediterranear psikodelia eta blues hipnotiko samarra baliatuta.
“Even the Forest Hums” bildumak ukrainar ahaireak jasotzen ditu, 12971tik 1996ra bitartekoak, aro sobietarraren bukaerarekin bat egiten dutenak eta ukrainar musikaren aberastasunaren isla direnak.
Gainontzeko ahaireak afrikar erritmoetan dantzatzen dira.
Carmen Rizzo eskarmentu handiko estatubatuar artista eta ekoizleak arabieraz idazten duen Meriem Ben Amor kantari tuneztar kanadiarrarekin batera osatzen du Didon bikotea. “Malak” dute lan berria (aingeruak). Aziza Brahim sahararrak bosgarren lan luzea du “Mawja” (hasanieraz olatua esan gura du); eta Dobet Gnahore boli kostarrak zazpigarren lan luzea du “Zouzou”, harrotasuna eta argitasuna dakarrena. Pendo eta Lea Zawose wogogoak dira -Tanzaniako herri bantua-, eta tradizioz gizonezkoek bete duten tokia hartu dute Zawose Queens eratu eta “Maisha” lanarekin debuta eginda. Bukatzeko, afrikarra da Ibibio Sound Machine kolektiboa ere, Londres hiritik datorren arren bihotz nigeriarra baitu. Iazkoa dute “Pull the Rope”.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
[Urpeko Bonbarda #140] Herri musiketan iaz