EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du
EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena –
STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du. EAEko Hezkuntza Sailaren 27.000 irakasle zeuden gaurko grebara deituak.
Hezkuntza sailak greba desitxuratzeko saiakera egin badu ere, sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75etik gora babestu du, Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.
Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:
- Gasteizen: Toki Eder (%74,6); Salburua HLHH (%90); Lopez de Guereñu (%82) eta Zabalgana BHI (%80)
- Donostian: Amara Berri Urbietako eraikina (%100); Amassorrain (%87) eta Intxaurrondo ikastola (%80)
- Bilbon: Atxuriko eskola (100%); Txurdinaga HHLH (%100)
Hiriburuez gain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako ikastetxeen erantzuna eredugarria izaten ari da. Grebaren arrakastaren adibide garbia da Bilbon “lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako manifestazioan milaka langile elkartu direla.
Hortaz, milaka eta milaka irakaslek salatu dute gaur EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hezkuntza Sailari eduki gabeko bilerak deitzeari uzteko eta greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diegu.
Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna dugu EAEko hezkuntza publikoko irakasleok, eta manifestazioak egingo ditugu EAEko hiru hiriburuetan, goizeko 11:30ean abiatuta. Bilbon delegaritza aurretik abiatuko da, Donostin Bulebarretik eta Gasteizen Foru plazatik.
EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du