Herritartasun finantzarioa

Herritartasun finantzarioa –

Amaia Oleaga Agesta, Enpresabidean.


Erraza da pertsonok gure bizitzan finantzen inguruko oinarrizko ezagutzak behar ditugula defendatzea. Adostasun zabalak lor ditzakegu baieztapen lauso horrekin. Izan ere, denok gogoratzen ditugu 2008ko krisiaren osteko eskandaluak, haien bizitzako aurrezkiak ulertzen ez zituzten finantza-produktuak kontratatzeagatik galdu zituzten pertsonen desesperantza aurpegiak.

Herritartasun finantzarioa
Arg: Nataliya Vaitkevich

Garai hartan finantza-hezkuntzaren aldeko aldarria biziki loratu zen, finantza-entitate ezberdinek eta haien fundazioek diseinatutako unitate didaktikoen eta ikastetxeetako doako tailerren eskutik. Eta hor bai, hor hasiko gara ditzakegu grisak, ñabardurak eta desadostasunak. Esaterako, finantza-hezkuntza gisa finantza produktuak azaltzea soilik ulertuz gero, pertsona kontsumitzaileak sortzen ari garela ulertzen dugulako batzuk, kultura finantzarioa duten pertsonak baino. Business angel bat edota inbertsio-funts bat, kontsumitzaileen ikuspegitik soilik, zer den lan kontratu bat zer den baino lehenago ikastea hankamotza eta eskoratua delako. Esaten duguna beste isiltzen dugulako ez baditugu inbertsio funts horietako hainbat gure horietako pisuak erosten eta bizilekuen eskasia sortzen ari diren arduradun gisa azaltzen.

Finantzek gure sistema ekonomikoan duten zentraltasuna kontuan hartuta, gabezia handia da finantzak erosketa-produktu indibidual gisa azaltzea, testuinguru eta problematika sozioekonomiko ezberdinetatik deskontestualizatutako errealitatea balira bezala. Bata eskura dugun erralitate bat balitz bezala eta bestea fenomeno atmostefiko bat, istripu bat ia. Gauza baten eta bestearen arteko kausa-efektu lotura ez agerian jartzea iruzurra da.

Izan ere, finantza hautu indibidual eta kolektiboak gure herritartasuna burutzeko tresna bat gehiago dira. Hau da, bozkaren bitartez gure bizitzaren aspektu guztiak arautzeko jardunean ariko diren proposamen ezberdinak erabakitzeko aukera aitortzen zaigu, bizi nahi dugun gizartea hautatu eta eraikitzeko parte izateko eskubidea dugula ulertzen dugulako. Hori da demokraziaren ideiaren funtsa. Baina norabide berean ari al da lanean gure dirua? Ala bozkatu dugunaren kontrako eredu bat elikatzen ari da?

Gutako gutxik bozkatuko luke palestinarren aurkako genozidioaren alde, pentsatu nahi dut. Eta hala ere baliteke gure aurrezkiekin horixe bera finantzatzen aritzea, soilik dirua banku zehatz batean gordeta izateagatik. Halaxe erakutsi zigun Delàs Bakerako Ikasketa Zentroak urrian argitaratutako “Banka armatua, Gazako genizidioaren ardura” txostenak. Goliaten ordez David dugu aurrean, baina erraldoia da hau ere, ez baitugu banku- eta finantza- sistema komertzialean erabakitzeko eskumenik. Erabakiak akziodunek kapital ekarpenen baitan hartzen dituzten sistema batean, kapitalak bizitzaren gainetik agintzen duen ekonomia batean, finantzen funtsezko funtzioa berreskuratu eta aldarrikatzeko ardura dugu ekonomia irakasteko ardura dugunok.

Horretan jardungo gara, besteak beste, urtarrilaren 16 eta 17an espainiar Estatu mailako hamaika irakasle, Finantza etiko eta Solidarioak Hezkuntzan txertatzearen alde lan egiten duen RedEFES plataformak antolatutako jardunaldietan Madrilen. Erronkari heltzeko elkarrengandik ikasiko dugu, indarrak berrituko ditugu, sareak josiko ditugu… eta aurrean dugun erraldoia handia izanagatik, gu geu hain txiki ez garela sentitzeko ere bai, bide batez.

Herritartasun finantzarioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude