Euskal eskola publikoetan matrikulatzearen aldeko ekimena Tolosan
Euskal eskola publikoetan matrikulatzearen aldeko ekimena Tolosan –
ASKO GARA. ETORRI GUREKIN EUSKAL ESKOLA PUBLIKORA
“Ai amatxo ez dut hazi nahi” abesten zuen Urtz taldeak aspaldi, baina bizilege ditugu haztea eta heztea. Etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea. Atarian dugu 2025-26 ikasturterako umeen matrikula egiteko epea, ikastetxea aukeratzeko garaia, alegia.
Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza… zerbitzu horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, asko gara guztiona eta guztiontzat den Hezkuntza Publikoaren aldeko hautua egiten dugunok.
Egunotan familiek datorren ikasturteari begira haurra zein eskolatan matrikulatu erabaki behar dute. Guk erantzuna argi dugu: apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, eta galdera horren erantzunaren bila zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, eskola publikoa hautatzeko hamaika arrazoi helarazi nahi dizkiegu:
Unibertsala: herritar guztiontzat irekia eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra.
Euskalduna: Etxeko hizkuntza edozein dela ere (euskara, gaztelania, hassaniera…) euskara izango dute topagune eta euskal kultura ardatz. Euskaratik eta euskaraz hezteko tokia izango da eskola publikoa.
Anitza: Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; eskola publikoan aniztasuna aberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena. Ezberdinen arteko elkarbizitza
Inklusiboa: denona da, eta denontzat. Norbanako guzti-guztien garapen integralaz arduratzen baita, kolektiboa ahaztu gabe. Ezberdintasunak direnak direla, inor atzean uzten ez duen hezkuntza.
Herritarra: komunitate osoarena dugu, urte askoren poderioz eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna.
Partehartzailea: jendartearekin bat aldatzen doan eskola. partaidetza gune askorekin: Guraso elkarteak, OOG (Ordezkaritza Organo Gorena), batzordeak… Bai barruko zein kanpoko ekarpenei irekia: herri eta auzoetan integratua. Gertutasuna, zero kilometroa gure izaera da.
Elkartasunerako, elkarbizitzarako eta elkar zaintzeko gunea.
Berritzailea: hobekuntza eta proposamen anitzi irekia. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten da, talde lanari garrantzia emanez.
Begirada feminista gure hezkuntza komunitatean. Hezkidetza arlo guztietan landuz.
Jasangarria: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen. Gure herri txikietan edo hiri handietako auzoetan Komunitate izaera indartzen dutenak.
Karrantzako haranean, Gasteizko auzoetan, Anbotoko magalean, Goierriko herrietan, Arabar Errioxako mahastien inguruan, Lodosako lurretan, Kresalak zipriztindutako Donostiako auzoetan, Aiaraldeko fabriken gerizpean, Bilboko itsasadarraren ondoko ikastetxeetan, Isuntza, Arrigorri edo Malkorbe hondartzak jolasleku diren eskoletan, burdinaren herrietan, meatzaldean, Aitzorrotz magaleko Debagoienako herrietan, Camile Hartza Belaguako bailaran ibilitako txokoetan… Bazter miresgarri horietan guztietan (eta gehiagotan) euskal eskola publikoa dugu zain.
Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator:
Zoaz gertuen duzun eskola publikora, ezagutu, matrikulatu, eta parte hartu, Eskola guztiok baikara!
Asko Gara! Defenda dezagun guztiona den hezkuntza publikoa!
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN ZUEN ZAIN GAUDE: ZATOZTE GUREKIN!
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
…
Idazki hau gurekin batera sinatu dute:
Katixa Agirre idazlea; Jon Arretxe idazlea; La Basu kantaria; Garbine Biurrun epailea; Yogurinha Borova kantaria; Sara Cozar aktoresa; Xabier Euzkitze aurkezlea; Aitziber Garmendia aktoresa; Oihana Iguaran bertsolaria; Kepa Iribar kazetaria; Izaro Lestaio patroi ohia; Xabier Lete aurkezlea; Irantzu Mantxo antzezlea eta klown; Unai Mendizabal bertsolaria; Aner Peritz Euzkitze bertsolaria; Txani Rodríguez idazlea; Olatz Salvador musikaria; María Sanchez pilota epailea; Maitane Urbieta kazetaria; Asier Zinkunegi aktorea; Felix Zubia medikua; Dorleta Urretabizkaia aktoresa eta idazlea, Asier Hernández aktorea.
Euskal eskola publikoetan matrikulatzearen aldeko ekimena Tolosan
Publikoa eta espainola. Sinatu duten askok, eta ikasle gehienek Nafarroa non dagoen eta zer den ez dakite.Ez galdetu Axular, bai , jisdeik hori, nor den, nafarra portzierto. Garazi, Urepel,… Euskal eskola? Zoazte apapa!
Euskal eskola publikoa EAEko eskola publikoari deitzea ere… Espainiaren amarru autonomista oso osorik irentsita daukate batzuek. Zatitu = garaitu.
Zerrendatzen diren ezaugarriak helburu dira, ez egitate. Esate baterako, nola izanen da “inklusiboa: denona eta denontzat” Euskal lurraldea zati gehiena hartzen ez duena, eta euskaldun asko hartzen ez dituena?
Bestalde, partehartzailea “participante” da, ez “participativa”.