Mirande eta faxismoa
Mirande eta faxismoa –
Jon Miranderen pentsamendua aztertu-eta balioesteko orduan, ezin beraren aurrean axolakaitz, indiferente, agertu. Izanez ere, ezinezko izango zaigu berau faxismoarekiko maite-jolasean ibili izanetik libratu. Faxismoak bere burua nolabait edo beste limurtu izan zuten ezin konta ahala ahozko zein testu aitor ditugu. Ezin muzin egin, hortaz, berak berorrek berez jada kontu honen gainean aitortu zuenari. Kontua horrela ere, badago, egon, are gehiago balioesterik, are gehaigo esaterik, auzi honen gainean. Izanez ere, bere faxismoaren norainokoa, bere faxismoaren zer-nolakoa, ez da horren arin eta erraz ebatz litekeen kontua. Itxuraz dirudien baina konplexuagoa da-eta kontua eta berau aztertzeari ekin diotenak ez dira guztiz irizkide. Datozen lerrotan bere izatezko faxismoaren norainokoari dagokionean egon izan diren bi jarrera nagusiak ekarriko ditut hona.
Guztiz eta goitik beherako faxistatzat jo zuten horiek zera-edo esango digute hori berreste aldera:
Hasteko eta bat, ageriki erakutsi zuen bere nazismo-zaletasuna. Jarrera hau inondik ezkutatu ez, eta argi eta klar adierazi zuen berez inondik ere beharrezko ez dituen zenbait keinutan, hala nola, bere eskutitz eta idazkietan hainbatetan ibili zituen “Seig Heil!” (Jon Miranderen gutunak (1948-1972), 28. or.), “Juduak il” (Jon Miranderen gutunak (1948-1972), 31. or.), Perish Juda!” batean, edota “Die juden zum krematorium!” besteren batean….
Argudio konspiranioko eta arrazistetan oin hartuta antisemitismoaren alde egin zuen, mundua menderatzeko konspirazio judutar bat zegoela esatera ausartzeraino. Honen harian, zera esango zuen Mirandek, Frantziak judutarrei erakutsitako herra ez zeukala inondik beste arraza batekoak edota arrotzak izatearekin zerikusirik, baizik-eta beste zerbaitekin-edo:
“Frantziako populuak ez ditu Juduak atzerritar direlakotz higuin; ba dira bertze arrotzak Frantzian: langile italiano, polonitar, espainolak, eta errespetatuak dira; ba dira beste batzu odolaren aldetik askenazitak baino atzerritarrago direnak: Jitoak, Armeniarrak, eta asko ongi hartuak dira; gehiago dena, badira Judu zenbait ere, aspaldidanik Bordelen, Baionan eta bertze hiri batzuetan bizi ziren sepharditak, eta horiek ez dute antisemitismurik sor erazi” (Miranderen lan kritikoak, 110. or.)
Bestelako zergatikoak ikusten ditu, hortaz, Mirandek gorroto horren azpian; judutarrek ekonomian eta politikan harturiko jarrerak eta arlo horietan iritsitako nagusitasuna, besteetan beste:
“Antisemitismu modernoa, ordea, bertzelako zerbait da: sorthu da, ez Frantzesek juduen kontra zuten aitzin-ephai baten gatik, bainan emeki-emeki, frantzesek ikhusi duten arau Judu jin berriak zertan ari ziren (…) Nausituz joan dira Frantziako zereginetan: hastekotz oikonomian; gero joan den mende erditsuan hasirik, politikan; azkenekotz, menderdi hontan eta batez ere gerlatik landa, bizi intelektualean ere” (Miranderen lan kritikoak, 109. or.)
Idealizatuta samar duen Euskal Herriaren askatasunerako arazte etnikoari ezibesteko deritzo, hori lortze aldera bortxa baliatu behar bazen ere:
“Areago da ordea, geure ethniaren osotarzuna ere galurhen baitago, euskaldun elemendu garbien herr -bertzeatzea eta bertze endako, guretzat onura gutiko elemenduez haien ordez-katzea dela kausa. Atzerritarrekiko ezkontzek mestizen problema aurkhezten deraukute, behin askatu beharrko duguna” (Miranderen lan kritikoak, 22. or.)
Demokraziaren aurkako jarrera garbia erakutsi zuen Mirandek. Demokrazia, parlamentarismoa eta alderdi politikoak sutsu gaitzetsi zituen, ahulak eta inefizienteak izateagatik:
EAJ eta demokristautanari dagokionean zera esango du:
“Ni kontzeptzio horretatik urrun samar naizela badakizu ez Jeltzaleak jainkozale direlakotz, ez bait naiz Elizaren etsai zer nahi dudan ere haren herriketako jokaeraren aurka baina bai demokrata ez naizelakotz” (Jon Miranderen gutunak (1948-1972), 125. or.)
“Dakizun bezala, nor nahi bezain euskaltzale eta euskal-enda-zale naiz ni, baina euskal-politikarien kontzeptuak(ezkertiarkeria, semitophilia, democracia cristiana, e.a., hots, ez euskal-nazionalismua) neholaz ere ez ditut nire gain hartu… “bihotza mingartuegia dadukat demokrata hitzontzien kontra, heien ganik goitzarren (persegimendu) eta joku tzar gehiegi jasan behar izan bait ditut herri honetan” (Jon Miranderen gutunak (1948-1972), 116. or.)
Eskuin muturretik gertu zegoen bere pentsamendu politikoa, pega-pega eginda ez bazegoen. Ideario faxista oinarritzen erreferente izan zen Oswald Speng bezalako autoreak aitzat hartu eta asko miretsi zituen:
“Esan dugunez, filosofo horien eta beste batzuen gogoetekin osatu baitzuen faxismoak bere programa ideologikoa eta, agian, Mirandek berak ere” (Jon Mirande: gogoeta itxigabea, Hegats, Idazleen Elkartea, 108. or.)
Alabaina, esandakoa esanda ere, bere faxismo zaletasuna kolokan jartzen edo gutxienez leuntzen dituzten autoreen argudioak ere aurki genitzake:
Inkoherentzia ugari hauteman daitezke bere zenbait idazki eta aitorretan, esango digute. Bere obra sakon aztertu duten zenbaitek ezin konta ahala inkoherentzia eta kontraesan aurkitu uste dituzte, hala nola faxismo klasikoarekin inolaz bat egiten ez duten sexualitate askearen aldezpena zein molde tradizionaleko familiaren aurka egotea bera:
“Azurmendik ez du argi ikusten Miranderen fa-xismoa tipo ideial bat bezala. Tipologizazioaren ariketak arazoak baititu, egia esan. Ez dirudi faxismo klasikoa. Mo-alari begira, sexu jarduerari buruz, bereziki, oso aurreratua dago, arlo batzuetan: inmoralista da; familiaren eta bizitzaren estilo ordenatu baten mesedetan, faxismoak sexualitatea ia tabu bihurtu zuen bitartean” (Mirande: gogoeta itxigabea, Hegats, Idazleen Elakrtea, 74. or.)
“Faxista hau ez da faxista. Inmoralista hau funtsean moraltasun radikal garbi bat esijitzen ari da. Paga-no hau mistiku bat da. Izpiritualista hau, poeta sensual-sensuala. Sineste hau, eskeptiko galdu bat azkenean” (AZURMENDI, J.: Mirande eta kristautasuna, 147. or.)
Ibili zituen ironia eta probokazioa: bi elementu hauek tarteko, zaila da oso bere idazkiak egoki interpretatu ahal izatea, halako moldez, non bere baieztapen zenbait eta zenbait ideologikoak bainoago performatibotzat jo izan dituzten zenbait autorek:
“Gero, bai lagunen testimonioak eta bai bere aitorrak, inguru horretan, ideologia baten koherentzia izatetik oso urrun daude. Kirten ateraldi faxistoide batzuk zituela Mirandek, hori da agertzen diguten dena. Aitzitik, Mirande faxista bazen, ikaragarri orijinalen bat zela, esan beharko dugu” (AZURMENDI, J.: Mirande eta kristautasuna, 48. or.)
Ironikoki bere buruaz nola ziharduen ikusteko-edo, honatx horren erakusgarri litezkeen behin berak botatakoak:
“Eskuintiar naiz ene maneran edo hobeki erraiteko “faxista”, jende xinpleek dioten bezala” (Jon Mirande-ren idazlan hautatuak, 58. or.)
Bere pentsamendua historikoki kontestualizatzeko beharra: krisialdiko pentsamendua zen garai hartan Euskal Herriak bizi zuena, errepresio frankista eta euskal nortasunaren gainbehera geldiezina tarteko. Egoera latz honek asko baldintzatuko zuen bere pentsamendua eta, ziurrenik, jarrera erradikaletara ere bultzatuko zuten.
Nazionalismo kultural baten alde sutsu jardun izana: autore askoren ustetan, Azurmendirenean kasu, Miranderi zerion itxurazko-ustezko faxismoa bere nazionalismo kulturalaren gauzatzerik erradikalena baino ez omen zen izan, berez faxismoarekin berarekin bat egite zinezko bat bainoago:
“Mirande, faxistak baino gehiago, teoria kultur-kritiko (gehienez ere prefaxista) ezagun batzu gogoraztenditu., O. Spengler bereziki… Ez xenofobo eta ez faxista zen Mirande, abertzale (abizpirituzale, beharbada) radikala baino” (AZURMEDI, J.: Mirande eta kristautasuna, 55. or.)
Halere, aipatu nazionalismo mirandiar horrek ezin izan zion muzin egin inperialismo goseari. Hori ere hala izan zen eta ezin zaigu oharkabean iniolaz pasa:
“Mirandek maiz erakutsi baitu jarrera inperialista, Afrikako beltzekin edota Amerikako natiboekin. Demokraziak Frantziari eragin dion bigunkeriaren ondorioak kritikatzen dituenean, esaterako, Paris beltzez eta arabiarrez betetzen ari delako kexatu ez ezik, kolonien galerarekin, Frantzia bere ergelkeria ordaintzen ari dela dio, esan gabe uzten duelarik, Europako Estatu bat den heinean, koloniak izateko eskubidea duela. Ez du ulertzen, bestalde, bere garaiko Euskal Herrian ezkerretik sortzen ari den jarrera antinperialista. Txillardegiren kasua da horietako bat” (Jon Mirande: gogoeta itxigabea, Hegats, Idazleen Elkartea, 83. or.)
Miranderen faxismo aldekotasun baliesteko orduan, ez dugu datu falta, ezin uka. Bere idazkiak zein aitorrak aurrez aurre, ezin uka nahiko bistako eta literala denik. Bere antisemitismoa, bortxaren alde agertutako jarrera garbia, demokraziaren kontra ageriki bere burua agertu izana, besteetan beste, jartzen digute erakutsian ezin argiago bere eskuin muturreko jarrera. Kontu hau honela ere, halaber, ezin uka bere pentsamoldea xehe-xehe sailkatzeko orduan zailtasunik ez dagoenik, bere obraren konplexutasuna eta berorretan ibiltzen duen atergabeko ironia tarteko. Guzti-guztiarekin ere, berarengan, bere pentsamenduan, faxismoaren eragina, molde kanonikokoa izan zein ez, bista-bistako da eta ezin inondik ukatu.
Igor Goitia
Lehenik eta behin, eskerrik asko Igor zure artikuluengatik, argigarri bezain originalak suertatzen zaizkit.
Nire ustez, Azurmendik nahiko ongi tiratzen du Miranderen izaera prefaxista aipatzean. Areago, uste dut faxismoaren ulermenean badirela zenbait ohar egiteko, hauek oso agerikoak ez baitira.
Lehenik eta behin, uste dut funtzeskoa dela Umberto Eco-k orain 3 hamarkada argitaratutako “Ur-Fascismo” lanean agertzen diren puntuak ulertzea, non faxismoaren oinarri minimoak zeintzuk diren azaltzen den. Hala ere, Mirande germaniar eredutik italiakotik baino hurbilago dago, zalantzarik ez. Hor agertzen zaizkigu “pre-” aurrizki modura Nietzsche eta Spengler, esaterako. Baina ezin da ukatu nazismoak erromantizismotik ere edan zuela, eta erromantizismotik ez ezik fin de siècle-an agertzen diren joera orientalista eta neopaganoetatik; halaber biologia modernoaren irakurketa interesatutik. Mugara eramandako ildo horiek guztien korapiloa, azkenean, nazionalsozialismoa genuke. Beraz, bai, Mirandek nazia izateko substratua zuela ezin daiteke ukatu.
Ez zela nazi arrunta edo ohikoa, hori ere, egia da. Baina gure fenomenoaren ulermenean uste dut azalean geratzen garela batzuetan eta nazismoaren aspektu exoterikoak hartzen ditugula kontuan eta ez hainbeste esoterikoak direnak bere izaera ideologikoa definitzeko orduan. III. Reich-ak 12 urte iraun zituen, egin zitzakeen aldaketa sakonak erdiesteko ez haina urte. Jakina da NSDAP-aren alderdikide asko mugimendu eta sozietate esoterikoetan ibili zirela, Hitler barne, eta erori, zirenerako, irudikatzen zuten germaniar inperioa erdietsi zutenetik oso urrun zegoen, baita moralari dagokionean ere. Hemen Nietzscheren, übermensch-aren eta balioen transmutazioaren irakurketa interesatua eginez moral judeo-kristaua deuseztu nahi omen zuten, bide batez teorian alemaniarren gehiengoak partekatzen zuen moral erligiosoa. Ez dakigu noraino helduko litzatekeen, zentzu honetan, sexualtasunaren aldaketa, noski, baina zantzu batzuk agerikoak ziren jadanik Himmler SSetako buruzagiaren ideietan, zeinak Lebensborn programa sortzeaz aparte, poligamia begi onez ikusten zuen, nahiz eta azken hau gudak eragindako ar arioen eskasiak bultzatutako ideia zatekeen ziurrenik. Nazien biopolitika oso kontu korapilatsua da.
Mirandera itzuliz, uste dut nazi esoterikoen baitan kokatu beharko genukeela. Hala, ulertu behar da nazi pentsamendua ez zela III. Reich-a arte monolitikoa izan, baldin eta izan bazen, Estatu honek markatu baitzuen nazismo “ofiziala” zer den, eszenatokitik kanpo gertatzen zena gorabehera. Guk dakiguna ikusten utzi dutena izan da, mito asko tartean. Nahi bada, deitu deazagun Mirande nazi heterodoxoa, baina nazia azken finean.
Mirande ez zen mugimendu baten parte izan, ez zen sortu, Euskal Herriak hurbilegi zituen bai Espainiako Guda Zibila eta bai Bigarren Mundu Gerra, hori izan zen gure suebakia eta, hartara, euskal nazismoa bere ideia partikularretara mugatu zen. Egun, ordea, internetek eta sare-sozialek mundu berri bat zabaldu digute, gazteenei batez ere, eta adi ibili beharko da bertan zer agertzen den eta bertatik zer atera. Euskal nazismoak izan ditu bere saiakera digitalak. Gogoan dut nola bere garaian baziren hainbat webgune zeinetan propaganda nazia eskegitzen zen, Miranderen esanak barne. Webgune horiek guztiak desagertu dira jadanik. Baten baten atari-orria Internet Web Machine-arekin ikusi daiteke oraindik.
Egun, ordea, berriturik ageri da panorama X eta Telegram bezalako plataformei esker, nazionalsozialismoa ez bada, nabaria da kriptofaxismoa edo aipaturiko ur-faxismoaren zantzuak agertzen duen erabiltzailerik. “Arbasoen Mendekua” taldeak, bere Telegram kanalean, Miranderen aipu bat eseki zuen. Beste eduki guztia nolakoa den ikusita argi dago Miranderen aipu hori ez dutela bere literatur maila goraipatzeko espreski jarri. Gehienbat euskarazko edukia argitaratzen duen kanal honek ia 500 jarraitzaile ditu, kontua da jakitea hor zenbatek parte hartzen duten, zenbat dauden morboagatik, zenbat hurbil sentitzen dutelagatik eta zenbat begirale antifaxista direlarik. X-n sartzen denak ere ikusiko du nola, txiolari abertzaleen artean, ageri den estetika eta ideia “susmagarriak” dituenik. Miranderen ideiek faxismoa bezain bizirik diraute gurean eta sinbolo indartsu bihurtuko denaren zalantzarik ez dut, interneteko hegietan bada ere.
Kuriositate modura, Katixa Agirreren “Berriz zentauro” eleberrian “Mirande afera” delakoa ageri da, fikzio modernoaren baitan kokatuta. Ez naiz publizitatea egin zalea, baina ongi doakio gaiari.
Barkaidazu, Igor, gaitik zertxobait aldendu banaiz eta pentsamenduaren historiatik gaur egungora salto egin badut, baina gaiak merezi zuen.
Berriz ere, eskerrik asko eta sarri arte.